Elkarlan sarien zazpigarren edizioak erabakita dauka irabazleen zerrenda. Balio publikoa sortzea helburu duten lau proiektu berritzaile sarituek Garaion, Norai, EME Komunikazioa eta Fundación Residuos Cero kolektiboak dira, laurak irabazi asmorik gabeko elkarteak. Guztira 31 proposamen aurkeztu dira Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak beste behin antolatutako lehiaketara. Lauetako bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu sari gisa, eta, gainera, kanpo aholkularitza jasoko dute beren planak aplikatzeko, bai eta saritutako proiektua komunikabideetan zabaltzeko ere.
Elikagaien kontsumo adimentsua, haurren gizarte eta hezkuntza integrazioa musika baliatuz, zumezko topaguneak sortuz herritarren parte-hartzea sustatzea, eta kazetaritza feminista dute ezaugarri nagusi hautatako lau proiektuok.
Ekimenak berritzaileak eta eredugarriak direla balioesten dute Elkarlan sariek, baita herritarrak ahalduntzeko balio dutela ere, eta, gainera, parte-hartzea bultzatzen duten formulen transferentzia hauspotu nahi dute, osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, kulturaren, gizarte kohesioaren eta gobernantza/kultura demokratikoaren arloetan eraginez. Azken batean, ekimen honen bidez, Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren bitartez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak herritarren parte-hartzea eta lankidetza gai publikoetan sustatzeko konpromisoari erantzun nahi dio.
Beren proiektuan garatutako jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzea da sarien xedea, betiere parte hartzeko eta balio publiko partekatua sortzeko. Gero, herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek beste lurralde eremu edo eremu batzuetan aplikatu behar dira.
Elkarlan 2022 sarietan ondoen baloratutako lau proiektuak honako hauek dira:
-
- Etorkizuna Musikatan
Etorkizuna Musikatan Bilboko Ibaiondo barrutiko auzoetan bizi diren askotariko kulturetako haur eta nerabeei zuzendutako proiektua da, haiekin integrazio lana eta dinamizazio soziala eta hezitzailea eragiteko. Hau guztia testuinguru urratuetan eraldaketa soziala erraztuko duten haurren abesbatza eta orkestren prestakuntzaren bitartez. Norai elkarteak bideratutako egitasmo honetan, musikaren bidez balio pertsonal eta komunitarioen garapena bultzatzen da, kulturen arteko bizikidetza eta gizarteratzea sustatuz.
Halaber, sentsibilitatea eta trebetasun musikalak garatuz, ekimenak gaitasun sortzaile eta artistikoen aktibazioa sustatu nahi du, benetako eraldaketa soziala lortzeko gai baitira.
-
- Bizi Bizia
Garaion Naturartea Elkarteak jarduera desberdinak antolatzen ditu natur elementuak eta auzolan kontzeptuak elkartuz. Herri ezberdinetan topaguneak egin eta zumezko egitura berdeak sortzen dituzte elkarlaneko dinamika batean. Eskoletako gazteak, aisialdi taldeetako kideak familia eta guraso taldeak, auzo elkarteak eta gizarte eragileak parte hartzen dute. Parte-hartzea, hezkidetza, inklusibitatea eta euskararen erabilera sustatzen dira ekimen honetan.
-
- Rexcatering, gure elikagaien kontsumo adimentsuaren alde
Rexcatering Euskadiko sukalde nagusietan eta jantoki kolektiboetan soberakinak berreskuratzeko proiektu integrala da. Fundación Residuo Cero elkartearen ekimen hau aitzindaria da lurraldean, eta elikagaiak alferrik ez galtzea eta zaborrera joan ez daitezen lortu nahi du. Horretarako, saihestezinezkoak diren janari soberakinak beste pertsona batzuen eskura jarri nahi ditu, Zero Zabor Hozkailuen bidez. Zero Hondakinetarako Hozkailu horiek etengabe eta doan daude eskuragarri herritar guztientzat, eta pobrezia estigmak hausten dituzte. Ekimenak hezkuntza osagai sendoa dauka, izan ere, Rexcatering ekimenari atxikitako ikastetxeen hezkuntza planetan integratzen da, eta ikasleak elikagaiak berreskuratzeko prozesu osoan inplikatzen ditu.
-
- Pikara Magazine
Pikara Magazine izeneko komunikabideak zapalkuntza ardatzak zalantzan jartzen dituen kultura, politika, pentsamendua eta ekintza feminista sustatzen ditu. Kazetaritza hizkuntza erabiltzen du bereziki, baina beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen ditu, hala nola grafikoa eta umorezkoa. Kazetari feministentzako gunea da, kritikaren, transgresioaren eta gozamenaren aldeko apustua egiten duena. Kazetaritza feministako aurreko proiektuetan, komunikabide kritikoetan eta komunikazio feministako proiektuetan oinarrituta dago EME Komunikazioa elkartearen ekimena.