Elankidetzak giza eskubideen eta emakumeen eskubideen aldeko afrikako erakundeak babestuko ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak zuzeneko bost dirulaguntza onartu ditu, gaur, giza eskubideen defendatzaileen eta emakumeen alde lan egiten duten Afrikako erakundeentzat, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren (SEADren) Lankidetzaren Ministerioarentzat eta Unicef Batzorde Espainiar Fundazioarentzat, Ian urakanak Kuban utzitako ondorioei erantzun humanitarioa emateko. eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, 697.000 eurorekin  lagunduko ditu erakundeak.

eLankidetzaren ardatz estrategiko nagusietako batzuk giza eskubideen ikuspegia, Hegoaldeko herrialdeetako erakundeak indartzea eta emakumeak ahalduntzearen  aldeko apustua dira, besteak beste.

Zentzu horretan, emango diren dirulaguntzetako bi giza eskubideen eta emakumeen eskubideen alde lan egiten duten Senegalgo erakundeetarako izango dira. Senegaleko Giza Eskubideen Defendatzaileen Koalizioak, 20 erakundek osatzen dutena, 82.000 euro jasoko ditu formazioa jasotzeko gai juridikoetan eta giza eskubideen urraketen ikerketan trebatzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko. Bigarren laguntza 100.000 eurokoa izango da eta Réseau Siggil Jigéen erakundeak jasoko du. Sare horrek emakume senegaldarraren sustapenean lan egiten duten 18 erakunde biltzen ditu. Laguntzak balioko du defendatzaileei laguntzeko generoaren eta feminismoaren kontzeptuak desmifikatzen eta kontzeptu horien inguruko eztabaida publikoa indartzeko.

Ildo beretik, eLankidetzak 200.000 euro zuzenduko dizkio Urgent Action Fund-Afrika funtsari, Mendebaldeko Afrikan, Erdialdeko Afrikan, Sahelen eta Aintzira Handietan aktibismoagatik arriskuei aurre egin behar dieten mugimendu feministei eta giza eskubideen defendatzailei, babes integral eta kolektiboa susta dezaten.

Bestalde, SEADeko Lankidetzako Ministerioak 120.000 euro jasoko ditu bere lidergoa indartzeko, nazioarteko lankidetzako eragileek sahararren kanpamenduei ematen dieten laguntzaren kudeaketan funtsezko erakundea baita.

Azkenik, eLankidetzak 195.000 euro emango dizkio Unicef Espainiar Batzordeari Kubak Pilar del Rio udalerriko komunitateei edateko ura dutela bermatzeko eta ikastetxeen azpiegiturak berreskuratzeko, joan den irailean uhartea astindu zuen urakanak kaltetu baitzituen.

Nazioarteko elkartasuna

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzako nazioarteko elkartasuna bideratzen du, eta Euskadiko zein nazioarteko eragileekin batera, giza garapen jasangarria eta pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borroka sustatzen ditu. Besteak beste, bere lana da laguntzea gizartea eraldatzen, krisi humanitarioei erantzuten, pobretutako herrialdeetako eragileak indartzen, euskal gizartea sentsibilizatzen edo Hegoaldeko eta Euskadiko aktoreen artean ezagutza trukerako ekimenak bultzatzen.