Eusko Jaurlaritzak «Ezten AKF», «Basque AKF» eta «Lanpar 2013 AKF» arrisku-kapitaleko funtsetan dituen partaidetzak sartu egingo dira finantzen Euskal Institutuan

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Finantzen Euskal Institutua (FEI) erakunde publikoaren enpresa-ondarean sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko Ezten, Basque eta Lanpar 2013 arrisku-kapitaleko funtsetako partaidetzak.

Partaidetza horiek eskualdatzea proposatzen da finantza-tresnak arrazionalizatzeko eta, oro har, finantza-sistema publikoa eraginkorragoa eta koordinatuagoa izan dadin. Horrela, inbertsio finantzarioak FEIn zentralizatu nahi dira, Eusko Jaurlaritzak politika fiskala eta finantzarioa hazkundearen eta elkartasunaren zerbitzura jartzeko duen premisarekin.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra honako partaidetza hauen titularra da aipatutako arrisku-kapitaleko funtsetan:

Ezten: % 5,32

Basque: % 100

Lanpar 2013: % 85,71

FEI 2007an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak finkatutako esparruetan enpresak sustatzera bideratutako finantzaketa antolatu eta kontrolatzeaz arduratuko zen organo espezifiko bat sortzeko beharra ikusi ondoren.