Jaurlaritzak euskal eragileen eta Galeseko, Flandriako eta Korsikako eskualdeetako eragileen arteko lankidetza-proiektuak babestuko ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Hiru eskualde horiek Euskadiko Bazkide Estrategikoen Sareko kide dira

Gobernu Kontseiluak, gaur, 2023rako Galeseko, Flandriako eta Korsikako eskualdeekin lankidetza teknikoko proiektuak babesteko deialdia onartu du.

Guztira 40.000 euro banatuko dira laguntza horien bidez, eta 2019 urtean onartutako Dekretu batean oinarritzen dira. Dekretu horren helburua da alde biko harremanak sendotzea eta Euskadirentzako estrategikotzat jotzen diren kanpoko beste eskualde batzuekin itunak eta lankidetzak finkatzea. Horien artean daude Galesekin, Flandriarekin eta Korsikarekin egindakoak. Euskal Autonomia Erkidegoak Galesekin eta Korsikarekin Lankidetza Memorandum bi izenpetu ditu eta Flandriarekin Asmoen Adierazpen bat.

Hala, dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta dauden pertsona juridiko pribatuentzat dira. Pertsona juridiko horiek alde biko jarduera- edo lankidetza-proiektua aurkeztuko dute eta bi eskualde estrategiko horietako bazkide batek hartu beharko du parte bertan.

Zehazki, Galesen kasuan, diruz lagundu daitezkeen alde biko lankidetza-proiektuen gaiak hauek izango dira:

    • Mugikortasuna eta Garraioa (nagusiki, azpiegitura eta tren-zerbitzuak);

 

    • Ingurumena eta Klima Aldaketa;

 

    • Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuna;

 

    • Itsas Energiak;

 

    • Nekazaritzako elikagaien industria;

 

    • Hezkuntza eta Prestakuntza;

 

    • Estrategia eta Politika Fiskala, Zerga Administrazioko Politika, Aurrekontuen Kudeaketa eta Gizarte Zerbitzuak;

 

    • Osasuna eta Laguntzako Gizarte Zerbitzuak, balioetan oinarritutako osasun-laguntza, eta zahartze aktiboa eta osasuntsua;

 

    • Negozio-aukerak;

 

    • Gizarte kulturaniztuna eta tolerantea sustatzea (batez ere, hizkuntza-politikaren eta kultur sektorearen sustapenaren arloetan).

 

Flandriaren kasuan, honako gai hauen inguruko lanak lagundu ahal izango dira diruz:

    • Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (industria eta teknologia, osasuna, gizarte-politikak, genero-berdintasuna, sektore publikoaren kudeaketa, azpiegiturak eta garraioa);

 

    • Lan-merkatua eta politika ekonomikoa (lanbide-heziketa, produktibitate- eta lehiakortasun-politikak);

 

    • Ingurumena (klima-aldaketa, uren, materialen eta hondakinen tratamendua, eta ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin bat datozen teknologiak);

 

    • Osasuna (batez ere, zaintza kronikoak);

 

    • Kultura eta Sorkuntza Sektoreak;

 

    • Gizarte kulturaniztuna eta tolerantea sustatzea (giza eskubideen errespetua eta bakea eraikitzea);

 

    • Europan eskualdeen papera indartuko duten ekimenak eta itunak.

 

Korsikarekin, diruz lagunduko diren gaiak honako hauek izango dira:

    • Euskararen eta Korsikaren hizkuntza-normalizaziorako politikak.

 

    • Atzerrian bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak.

 

    • Lankidetzaren garapena Europako gaien esparruan

 

    • Beste lankidetza batzuk interes komuneko eremuetan, hala nola kulturan, turismoan, politika ekonomikoan edo ingurumenean.

 

Hiru kasu horietan, proiektu bakoitzeko gehienez 5.000 euroko laguntzak emango dira.

Bazkide Estrategikoen Sarea

Orain arte, Eusko Jaurlaritzak ondorengo eskualde hauekin sinatu ditu akordioak eta memorandumak: Jiangsu (Txina), Bavaria (Alemania), Flandria (Belgika), Queretaro (Mexiko), Cundinamarca (Kolonbia), Quebec (Kanada), Gales (Erresuma Batua), Akitania Berria (Frantzia) eta Korsika (Frantzia).

Atzerrian Euskadiren interesen zati handi bat biltzen duten eta lehentasunezko arreta jasotzen ari diren lurraldeak dira —Euskadi nazioartekotzeko, esparru geografiko estrategikotzat jotzen dira eskualde horiek—.