Ertzaintzak amaitutzat eman ditu Internet bidezko adingabekoen korrupzioaren kontra 2022an burututako «Icaro» operazioko ikerketak

0

Ertzaintzak amaitutzat eman du “Icaro” izeneko operatiboa. Operazioaren bidez Internet eta teknologia berrien bidezko adingabeen korrupzioarekin eta pederastiarekin erlazionatutako pertsonak, eginbideak eta ebidentziak ikertu dituzte eta agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte 2022an zehar. Ikerketari Hernaniko Ertzain-etxean eman zioten hasiera, baina kasua hartzen ari zen tamaina ikusita, Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuak (SICTG) hartu zuen bere gain. Horrela, Ertzaintzako hainbat unitaterekin elkarlanean, “grooming” sare bat eta adingabekoen sexu-irudiak eskuratzeko egitura jarri zuen agerian.

Polizia-ikerketa 2021. urtearen amaieran hasi zuten, Ertzaintzak Internet bidez adingabe baten aurka egindako mehatxuen eta sexu-abusuen salaketa bat jaso zuenean. Online egiten den jazarpen eta abusu horri “grooming” deitzen zaio. Lehenengo fase batean, 2022ko otsailean eta martxoan, kasuaz arduratu ziren ertzainek bi inplikatu atxilotu zituzten, bat Bizkaian eta beste bat Nafarroan, eta biak espetxean sartu zituzten agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren.

Horietako baten modus operandia zen 14 urteko adingabe baten lekua hartzea “amu” gisa, biktimak engainatu ahal izateko, eta sare sozialen bidez jartzen zen haiekin harremanetan. Horretaz baliatuz, pertsona horrek eduki sexualeko adingabekoaren argazkiak eta bideoak eskuratzen zituen, eta gero estortsio egiten zion irudiak sare sozialetan argitaratuko zituela mehatxu eginez. Horren truke adingabekoari argazki eta bideo pornografiko gehiago bidaltzeko eskatzen zion. “Icaro” operatiboari esker lortutako ebidentzien bidez egiaztatu ahal izan zen lehenengo salatzailea ez zela ustezko pederastaren biktima bakarra, eta mehatxuak eta xantaia inolako dudarik gabe erabiltzen zituela bere helburua lortzeko.

Atxilotuetako batek bere helburua lortzeko argazkilari profesionalaren lekua hartzen zuen adingabekoekin harremanetan jartzeko, kasu honetan ere sare sozialen bidez edo web-orrietan iragarkiak jarriz, eta telefono-zenbakiak trukatzen zituzten adingabekoek eduki sexualeko argazki eta bideoak bidali zitzaten, biktimei nolabait ere pentsaraziz irudiak modelo gisa lehenengo proba bat egiteko zirela eta proba gaindituz gero beste argazki-saio batzuk egin zitzaketela, kasu batzuetan horren truke diru-kopuru bat jasoko zutela ere aginduz.

Beste 6 pertsona ikertuta eta 40 biktimatik gora identifikatuta

Agintari judizialak baimenduta eta gainbegiratuta, atxilotuen etxeetan sartu eta miaketa egin ondoren, hainbat ebidentzia lortu zituzten biltegiragailu digitaletan, bai eta bi atxilotuek partekatzen zuten hodeiko kontu bat ere, eta bertan 137.221 artxibo zeuden 1177 karpetatan sailkatuta, guztira 1,45 Tb, eta horien artean eduki sexuala zuten 12.000 argazki eta bideo baino gehiago, 8 urtetik 15 urtera bitarteko adingabekoenak, irudiak sailkatzeko azpikarpetetako batzuetan egileek emandako izenaren arabera.

Ertzaintzak “Icaro” operatiboko ikerketekin jarraitu izanari esker, 2022an beste sei pertsona ikertu ahal izan dituzte haurren pornografia edukitzeagatik, horietako bat Euskadin eta beste bost Estatuko gainerako lurraldeetan. Era berean, Euskadin bizi diren 8 biktima identifikatu ahal izan dituzte, bai eta beste autonomia-erkidego batzuetan beste 33 eta espainiera hitz egiten den beste herrialde batzuetako beste hainbat ere. Ertzaintzak agintari judizialaren eskuetan jarri ditu eskuratutako material eta eginbide guztiak.

“Grooming” ekintzen arriskua eta salatzeko premia

“Grooming-a” da heldu batek adingabeko bat Internet bidez engainatzea, eduki sexuala duten argazkiak edo bideoak, edo pornografikoak, eskuratzeko asmoz bere konfiantza lortzeko, eta kasu batzuetan horiekin xantaia ere egiten die. Kasu batzuetan sexu-abusuaren aurreko urratsa izaten da. Bestalde, “sexting” hitzak eduki sexuala duten irudiak, argazkiak edo bideoak mugikorraren, sare sozialen edo beste edozein baliabide elektronikoren bidez bidaltzeko edo jasotzeko ekintza adierazten du. Kasu batzuetan “sextortsioa” izenez ezagutzen denera iristen da.

Pederastak adingabekoa jarrera konprometituetan agertzen den argazkiak eta bideoak dituenean, eta adingabekoak ez badu jarraitu nahi irudiak bidaltzen, delitugileak mehatxu egiten dio, esku artean dituen artxiboak sare sozialetan argitaratuko dituela esanez, eta horrek ezinbestean egoera erabat nahasten du.

Delitu hauetan biktimaren adinak bereziki zaurgarri bihurtzen ditu, eta egitateen larritasuna areagotzen du; izan ere, biktimizazioa etengabea da adingabekoarentzat eta honen familiarentzat, eta adingabekoarentzat ondorio psikologikoak ez ezik ondorio sozialak eta familiarrak ere baditu, irudi konprometituak sarean publikoki erakusteko mehatxuak baitaude tartean.

Gomendioak:

    • Berehala salatu edozein jazarpen edo abusu egoera. Geldiarazi egin behar da. Halako portaerak ez dira amaitzen delitugilea atxilotu arte. Ez entzunarena egiteak inoiz ez gaitu inora eramango.

 

    • Gure laguna dela uste dugun norbait sarean bere portaera aldatzen hasten bada, segur aski kontua lapurtu diote.

 

    • Ahal dela ez gorde edo trukatu argazki konprometiturik, ezta bikotekidearekin edo adiskide minenekin ere. Ondo jabetu behar dugu zer-nolako irudiak bidaltzen ari garen telefonoan edo ordenagailuan klikatzen dugunean.

 

    • Inoiz ez da amore eman behar xantaiaren aurrean, edozein eratakoa izanda ere. Argazki bat bidaltzea inoiz amaituko ez den kiribil batean sartzea da.

 

    • Inori ez eman pasahitzik, zure lagun mina dela uste baduzu ere. Pasahitza norberarena da, eta indibiduala eta besterenezina. Era berean, ez dira sartu behar pasahitzak jatorrizko zerbitzuarekin zerikusirik ez duten web-orrietan.