Garamendik egiaztatu du Estatua “ez dela emandako hitza betetzen ari”, ez aldiriko trenen eskualdatzean, ezta egiteke dauden beste gaietan ere

0

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak aurtengo transferentzien prozesuaren balantzea egin du, eta negatibotzat jo du, Espainiako Estatuak ez duelako aurrerapausorik eman Gernikako Estatutua betetzeko. Olatz Garamendik gogorarazi duenez, amaitzear dagoen urte honetan ez dela transferentziarik egin Euskadira, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV) izan ezik, hau ere Espainiako Gobernuak berak onartutako transferentzien egutegiaren arabera atzerapen handiarekin.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Garamendik Pedro Sanchezen Gobernuaren bi ez-betetze horiek azpimarratu ditu, Gernikako Estatutuarena eta transferentzien egutegiarena alegia. Gogorarazi duenez, transferitzeke dauden gaiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak dira, baina Estatua bere egiten ari da. “Gure erakundeei dagokien jarduera-eremu hori usurpatzen ari da, beren politika publikoak Euskaditik kudeatzeko”, deitoratu du.

Zenbait esparrutan adierazi den bezala, egiteko dauden transferentziak “munta txikikoak” ez direla azpimarratu ondoren, Sailburuak eskualdaketak bururaino eramateko beharra defendatu du, euskal herritarren bizi kalitatea hobetuko duten politika publikoei ekin ahal izateko. “Eskualdaketez ari garenean, ez gara gai txikiez ari, euskal herritarren eguneroko bizitzako gai eta transferentziez baizik”, adierazi du.

Espainiako Gobernuak transferentzia prozesuan azaltzen ari den inakzio jarreraren aurrean, Garamendik gogorarazi du bere Sailak sei transferentzia proposamen bidali dizkiola 2022an Lurralde Politikako Ministerioari: zinematografia babesteko funtsa, meteorologia, immigrazioa, itsasertzaren kudeaketa, itsas salbamendua eta egoitza Barakaldon duen Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionalaren (CNVM) eskualdaketa.

Gogoratu duenez, bi aldeen artean dauden desberdintasunak bideratzeko eta transferentzia prozesuan aurrera egiteko, Lehendakariak Transferentzien Batzorde Iraunkorra sortzea proposatu zion irailean Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteari.

Egoera horretan, Autogobernu Sailburuak jakinarazi du Isabel Rodríguez Lurralde Politikako ministroari Estatutua betetzeko bidean aurrera egiteko aldebiko foro bat abian jartzeko proposamena helarazi ziola. Horretarako, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordea berraktibatzea proposatu zion, eskualdatzeko dauden gaiak zein oinarri eta mekanismoren arabera egokitu beharko liratekeen ezartzeko. “Ministeriotik begi onez ikusi dute, baina zain gaude oraindik, ez dugu erantzunik jaso”, azpimarratu du.

Sailburuak aldiriko trenen transferentziari buruz ere hitz egin du. Hori da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak negoziazioa irekita duten gai bakarra. Talde teknikoak azaroan bildu ziren, baina emaitza “etsigarria” izan zen, Garamendiko Sailak mahai gainean jarri baitzuen, finantzaketari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoaren sistema errespetatzeko, eskualdaketa guztietan egiten den bezala. Bi aldeak berriro biltzekotan geratu ziren Madrilek Eusko Jaurlaritzak bidalitako datuak eta alegazioak aztertu ondoren. Dokumentazio hori duela hiru aste inguru bidali zen. Oraingo honetan ere, Sailak ez du inolako erantzunik jaso. Garamendik argitu du “aldiriko trenen eskualdatzeak zerbitzuak emateko beharrezkotzat jotzen diren zerbitzuak eta azpiegitura batzuk bilduko lituzkeela”.

Eusko Legebiltzarraren kontrola eta euskal botere judiziala

Onda Vascan egindako elkarrizketan, Sailburuak Estatuak Eusko Legebiltzarrean onartutako legeen mende jartzen dituen kontrol eta zaintzaz ere hitz egin du, eta ohartarazi du Estatuaren kontrolean gehiegikeriaz jokatzen dela gure legegintza-ekoizpenean. “Akordioak lortu nahi dituenaren itxuran, zalantzan jartzen ditu zalantzarik izan behar ez luketen gaiak, oinarrizko araudia are gehiago sendotzeko helburuarekin”, gaineratu du.

Euskadin botere judizial propioa sortzeari dagokionez, Sailburuak adierazi du hori posible eta egingarria dela gure eskubide historikoen esparruan, Konstituzioak foru lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen baititu; izan ere, Gernikako Estatutuak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurraldean gauzatuko dituela Botere Judizialaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren lege organikoek Jaurlaritzari aitortzen, gordetzen edo esleitzen dizkioten ahalmenak.

“Euskadin botere betearazle eta legegile propioa dugu, ez ordea botere judizial propioa. Autogobernua gauzatzeko gaitasuna aitortuta duen subjektu politiko autonomiko baten errealitateari erantzuten dio horrek” adierazi du Garamendik.

Erakunde judizialen izendapenaren inguruko krisiari buruz, esan du krisi honek “erakusten digula beharrezkoa dela Konstituzio Auzitegiaren izendapenaren eta osaeraren inguruko erreforma, halakorik berriro gerta ez dadin eta osaera desberdinarekin Konstituzio Auzitegiak benetako arbitro gisa joka dezan”. Azpimarratu duenez, “justiziaren politizazio tamalgarria eta politikaren judizializazioa” eman da.