Urtezahar gauean material piroteknikoa arduraz eta zuhurtziaz erabiltzea eskatu du Udalak

0
Donostiako Udaltzaingoak elementu piroteknikoak (bengalak, petardoak eta antzekoak) erabiltzeak hiritarrengan ekar dezakeen arriskuaz eta trabaz ohartarazi du Urtezaharraren atarian. Horregatik, urtero bezala, material horren salmenta eta erabilera kontrolatzen ari da azken egunotan.

Herri Segurtasunerako eta Herri Babeserako zinegotzi Martin Ibabek gogorarazi du material hori eremu publikoan erabiltzea erabat debekatuta dagoela eta betiere modu arduratsuan, segurtasun-neurri egokiak hartu behar direla erabiliz gero.

Baimendutako saltokiak

Gainera, oso garrantzitsua da horrelako tresnak erosten badira, araudia betetzen duten baimendutako establezimenduetan egitea. Izan ere, hauek saltzeko baimen berezia duten dendek baldintzak bete behar dituzte: produktuak katalogatuta egon behar dira, lehergailu bakoitzak erabiltzeko gutxieneko adina du eta CE ikurra izan behar dute. Debekatuta dago lehergailu piroteknikoak kalean saltzea.

Erabilera egokirako gomendioak

Donostiako Udaltzaingoak segidako gomendioak egin ditu:

  • Ez gorde lehergailurik poltsikoetan.
  • Ez manipulatu lehergailuen osagarririk eta ez atera lehergailuen osagarririk
  • Ez bota petardorik pertsona edo animalien kontra
  • Ez bota eskuekin. Artikulua lurrean jarri beti eta metxa albotik piztu. Horrenbestez, jaurtitzaileak petardotik urruntzeko denbora izango du
  • Adi egon inguruan su hartu dezaketen lehergailurik edo likidorik egon ez dadin
  • Ez jarri petardorik adreiluetan edo botilatan. Lehertzen direnean metraila sortu dezakete
  • Artikuluak saltokietan eta baimendutako profesionalei erosi
  • Baldin eta petardo bat ez bada ondo pizten ez ukitu ordu erdi pasatu arte

2022/12/29-an argitaratua