112-SOS Deiak aplikazioak funtzionalitate berria du larrialdi-egoeretan irudiak bidaltzeko

0
112-SOS Deiak aplikazioak funtzionalitate berria izango du eskaintzen dituen zerbitzuetan, eta horri esker edozein larrialdi-motarekin erlazionatutako irudiak bidali ahal izango dira. Modu horretan, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak gertaera jakinaren kontzientzia situazionala hobetuko du informazio gehiago, kasu honetan bisuala, izango duenez, eta horrek herritarrei arreta hobea ematen lagunduko du.

Irudiak aipatutako aplikazioaren bidez bidaltzeko prozesua Ahotsik gabeko sarbidea aukeraren bitartez egingo da. Hortik aurrera, erabiltzaileek lau multzo handietako bat hautatu ahal izango dute (Istripua, Larrialdi Medikoa, Sua, Polizia eta Larrialdi pertsonalizatua), eta modu horretan jakinarazi nahi duten gertaera-mota hautatuko dute.

Urrats hori bete ondoren, larrialdiak eragindako pertsona txat batean sartuko da (“ZUZENEKO TXATA LARRIALDIEKIN”), eta txat horretan larrialdi-mota zehaztasun handiagoz deskribatu ahal izango du. Hain zuzen ere, atal horretatik bidali ahal izango dira gertaerari buruzko irudiak, behar izanez gero, argazki-kamera baten ikonoa duen botoia sakatuz.

Botoi hori sakatzen denean, leiho bat zabalduko da, eta leiho horren bidez aukeratu ahal izango da une horretan bertan argazkia ateratzea edo telefono mugikorreko galerian biltegiratutako aldez aurreko irudi bat aukeratzea.

112-SOS Deiak aplikazioa doakoa da, eta botoi bat sakatze hutsarekin 112 telefonoko operadoreekin harremanetan jartzeko aukera ematen du. Aplikazioaren ezaugarrietako bat da entzumen edo mintzamen zailtasunak dituzten pertsonei 112rekin komunikatzea errazten diela grafikoen bidez eta Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko operazio-pantailetan zuzenean ikusi ahal izango den txat baten bidez, erabiltzaileak gertaerari buruz egoki irizten duen informazioa eman ahal izan dezan.

Horrez gainera, funtzionalitate aipagarrienen artean nabarmentzen dira Larrialdiak Pertsonalizatzea atal espezifikoak, eta, besteak beste, konfiguratu ahal izango dira Genero-indarkeria, Alderantzizko 112, herritarrei alerta geolokalizatuak eta larrialdi-egoeretan nola jokatu jakiteko informazio eta jarraibide zehatzak bidaltzeko aukera ematen duena, eta Bide segurua, adinekoak, mendian oinez dabiltzan pertsona edo txirrindulari bakartiak bilatzeko lanetako denborak murrizteko aukera ematen duena, ibilbideko azken minutuetako “trackean” sartzeko aukera emanda.

2021ean, aplikazio honek 55.183 deskarga erregistratu zituen, eta 540 gertaera kudeatzea ekarri zuten.