Barakaldok bermatu du hirian zaborrak biltzeko eta garbitzeko zerbitzua emango dela

0

Osoko bilkurak jakinarazi du epaiketa irabazi duen ABEEak uko egin diola zerbitzu hori emateko eskaintzari, eta uko egin diola bere alde erator daitekeen edozein kalte-ordain motari. Zerbitzua ohiko moduan ematen jarraituko da lizitazio berri bat martxan jarri arte.

Gaur arratsaldean, Barakaldon, urteko azken osoko bilkura egin da. Saioko alderdirik esanguratsuena bideak garbitzeko eta hondakinak biltzeko kontratuari buruzko epaia betetzeko Udalak egin dituen izapideen amaiera izan da. . Kontratu horren erdigune izan den epaiketan gairaile irten zen Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) atzera bota du zerbitzu hori datozen lau urtetan kudeatzeko eskaintza, eta uko egin dio bere alde erator daitekeen edozein kalte-ordain motari. Udalak hitza eman du hiriko zaborrak biltzeko eta garbitzeko zerbitzua ematen jarraituko duela zerbitzu horren beste lizitazio bat martxan jarri arte.

ABEE hori zaborrak biltzeko eta garbitzeko kontratuaren adjudikaziodun izendatu zuen epaiaren berri izan zuenetik, Udala lanean aritu da epai hori betetzeko aurrerapausoak emateko. Epaileak xedatutakoa betetzeko azken izapidea da gaurkoa, eta hala onartu du ABEEak berak zaborrak biltzeko eta garbitzeko zerbitzuaz arduratzeari uko egitea azaltzeko aurkeztu duten idazkian. Horrela, gatazka judizial honi amaiera baketsua eman zaio, eta ABEEari dagokionez ez du ondorio ekonomikorik izango Udalarentzat, idatziz uko egin baitio edozein motatako erreklamazioak hasteari.

Prozesu horretan guztian zehar, Udalak udal-teknikarien gomendioak errespetatu ditu, eta inplikatutako arlo guztietako zerbitzu teknikoen eta juridikoen (Obrak eta Zerbitzuak, Kontu-hartzailetza eta Idazkaritza Nagusia) babesa ere izan du. Beraz, Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia den Jon Andoni Uriak eskerrak eman dizkie udal-langile guztiei beren profesionaltasunagatik eta inplikazioagatik.

Egoera hori dela eta, Udalak zerbitzuaren beste lizitazio bat abiarazi behar du, hiriaren, Udalaren eta bide-garbiketako eta zabor-bilketako zerbitzu horretako langileen interesak defendatzen jarraitzeko. Hori gertatzen den bitartean, Udalak ziurtatu du zerbitzua ematea bermatuta dagoela, eta, horregatik, lasaitasun-mezu bat bidali die udalerriko bizilagunei, modu interesatuan argitaratzen ari diren mezu katastrofisten aurrean.