Euskalmeten arabera, 2022a serie historikoetako beroena izan da

0
PRUEBA
Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 2022a serie historikoetako beroena izan da, eta Euskadiko batez besteko tenperaturaren balioa batez besteko normala baino 1,8 ºC altuagoa izan da. Bestalde, jasotako euri-kopurua kontuan hartuta, 2022a oso lehorra izan da Euskadi osoan, eta Arabako Lautada nabarmentzen da, serie historikoetako lehorrena izan baita.
Euskalmeten datuen arabera, 2022ko batez besteko tenperaturak 16-17 ºC ingurukoak izan dira itsasertzean eta 14-15 ºC ingurukoak Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeko haranetan. Arabako Lautadan, berriz, 13 ºC ingurukoak izan dira, eta balio horiek guztiak 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoak baino nabarmen izan dira altuagoak. Horrela bada, urterik beroena izan da erregistroak daudenetik. Gainera, nabarmendu behar da serie historikoetako hamar urte beroenetatik zortzi mende honetakoak izan direla.

2022aren portaera beroa maiatzean hasi zen eta ordutik aurrerako hilabeteetan mantendu zen. Puntu gorenera udazkenean iritsi zen (serie historikoak daudenetik izan den bigarren udazken beroena), eta, bereziki, urrian, 4 ºC-ko anomalia positiboa izan baitzuen, inoiz erregistratu izan den altuena. Urtean zehar errekorrak hautsi dira beroaren balioetan, bai tenperatura minimo altuengatik bai muturreko tenperatura maximoengatik.

Intsolazioa izan da urteko klima-elementu aipagarrietako beste bat; izan ere, erregistratutako eguzki-orduak normala dena baino % 10-20 altuagoak izan dira, bereziki neguan, % 35ean gainditu baitira.

Prezipitazioari dagokionez, 2022. urtea oso lehorra izan da orokorrean, baina aldeak daude leku batetik bestera. Horrela, normalagoa izan da ekialdeko itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, oso euri gutxi bildu da eta erabat lehorra izan dela esan daiteke, beraz, hau da, erregistroak daudenetik izan den lehorrena. Prezipitazio-baliorik altuenak, ohikoa den moduan, Gipuzkoa ipar-ekialdean erregistratu ziren (Eskas 2237 l/m²; Añarbe 1655 l/m²), eta baxuenak, berriz, Araba hegoaldean (Moreda 215 l/m²), eta gainerako lekuetan tarteko balioak erregistratu ziren (Arrasate 809 l/m²; Derio 796 l/m²).

Muturreko baldintza meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 235 abisu hori, 28 alerta laranja eta 5 alarma gorri aktibatu ditu. Hain zuzen ere, tenperatura altuen eta horiei lotutako baso-sute arriskuaren ondorioz aktibatu behar izan ziren alarma gorri guztiak eta abisurik gehienak.