Garamendik ohartarazi du Espainiako Estatua «ez dela betetzen ari euskal gizartearekin transferentzien arloan hitzartutakoa»

0

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Espainiako Gobernuak transferentzien inguruan duen jarrera salatu du gaur, eta oraindik transferitzeke dauden hogeiren bat gai Gernikako Estatutuan jasota daudela gogoratu du. Olatz Garamendi haserre agertu da joan den urtea inolako aurrerapenik gabe itxi delako transferentzia prozesuan, eta Pedro Sanchezen Gobernuaren “borondate falta” gaitzetsi du. Aldi berean, ohartarazi dio “ez dela betetzen ari euskal gizartearekin arlo horretan hitzartutakoa”.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketa batean, Garamendik azpimarratu du 2022an ez dela transferentzietan aurrerapausorik eman; izan ere, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV) alde batera utzita (transferentzia ezarritako datarekin alderatuta atzerapen nabarmenarekin egin zen), iaz ez zen transferentzia bakar bat gauzatu. Egoera horren aurrean, Sailburuak Ministerioari jakinarazi dio bere Sailak eta Eusko Jaurlaritzak bete gabe dauden transferentziak ixteko “exijentziari” eutsiko diotela. Gernikako Estatutuan eta Espainiako Gobernuak onartutako transferentzien egutegian jasotako hogei transferentziatik gora daude estatutu agindua bete arte zain. Transferitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak bere politika publikoak gauzatu eta kudeatu ahal izango ditu, eta, bitartean, Estatuak bere egiten ditu.

Aldiriko trenen transferentziari dagokionez, Garamendik esan du negoziazio aurreratuena zela, baina zehaztu du duela aste batzuetatik ez duela berririk eta ez dagoela aurrerapausorik. Gogorarazi du gai honetan ere justifikaziorik gabeko atzerapenak gertatzen ari direla eta ez direla betetzen ari. Hala, gogorarazi du Lurralde Politikako ministroak 2021eko irailean adierazi zuela urte horren amaierarako transferentzia itxita egongo zela; ondoren, 2022ko uztailean, urte horretako urrian transferentzia itxiko zela ziurtatu zuen. “2023an gaude jada, eta geunden tokian jarraitzen dugu, transferentziarik gabe”, gaineratu du.

Garamendik zehaztu duenez, trenen arloan mahai gainean jarri dira aldiriko zerbitzuak eta azpiegiturak, horiek baitira zerbitzuak hobetu ahal izateko oinarria, horiek baitira trenbide-zerbitzuak handitzeko edo areagotzeko gaitasun teknikoak ematen dituztenak. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, gogorarazi du bi gobernuen arteko azken bilera teknikoan Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren sisteman oinarritutako finantzaketa sistema bat proposatu zutela. Planteamendu hori ohikoa zen transferentzia guztietan, baina Espainiako Gobernuak ez zuen onartu, eta Eusko Jaurlaritzak gai hori berriz aztertzeko eskatu zion. Aldeek epe bat eman zuten dokumentazio osoa aztertzeko, beste bilera batean jarrerak hurbiltzeko. Garamendik erantzunaren zain jarraitzen du.

Immigrazioaren transferentziari dagokionez, Garamendik esan du arlo horretan ere ez dela aurrerapausorik eman, baina gogorarazi du lehendakariak eskatuta Lurralde Politikako ministroarekin eta Escrivá ministroarekin elkarrizketak izan dituela negoziazioa suspertzen saiatzeko. Une honetan, ez dut hitzordu berririk agendan, baina aurrerago izatea espero dut, zehaztu du. Immigrazioari buruzkoa da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak egindako eta Lurralde Politikako Ministeriora bidalitako sei proposamenetako bat, Eusko Jaurlaritzari transferentzia proposamenak igortzeko garaian luzaroan egon den gelditasunaren aurrean. Beste bostak Meteorologia, Itsas Salbamendua, Zinematografia Babesteko Funtsa, Itsasertzaren Kudeaketa eta Barakaldon egoitza duen Makineria Egiaztatzeko Zentroa dira.

Aurtengo hauteskunde prozesuek transferentzien negoziazioan nola eragin dezaketen galdetuta, Sailburuak esan du “Eusko Jaurlaritzak bere ibilbide orria duela, eta transferentziak lortzeko orduan ezerk ez gaitu geldiaraziko. Ezin dugu zain jarraitu gurea dena jasotzeko”.