«Gizarte-eragileekin enpleguan egiten ditugun politiken aldeko ondorioak ikusten ari gara», nabarmendu du Idoia Mendiak

0

Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Idoia Mendiak, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen politika publikoekin «garai zailetan» konprometitu diren gizarte-eragileen zeregina nabarmendu du, proiektu berriak bultzatzea ahalbidetu baitute, batez ere zailtasun handienak zituzten kolektiboekin, eta «haien aldeko ondorioak ikusten hasi gara». Ildo horretan, gazteen, emakumeen, 45 urtetik gorakoen eta iraupen luzeko langabeen artean langabezia murrizteko datu bereziki esanguratsuak aipatu ditu.

Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, 2022. urtea «benetan ona» izan dela adierazi du lehendakariordeak, Gizarte Segurantzako afiliazioaren arloan historikoki gorengo mailan egonik, «inoiz baino pertsona gehiagorekin eta eskubideekin». Gertakari horrek lotura berezia izan du duela urtebete Espainiako Elkarrizketa Sozialaren Mahaian adostutako eta Kongresuak bermatutako lan-erreformaren arrakastarekin.

Hala ere, «kontuaz» irakurri nahi izan du, ekonomia eta enplegua mehatxatu ditzaketen ezusteko berrien aurrean, eta bere sailean «adi egongo gara edozein erantzun berri emateko», beharrezkoa izanez gero.

Mendiak urte honetarako erronka nagusitzat jarri du Enpleguaren Euskal Legea onartzea, erakunde guztiek arlo horretan bultzatzen dituzten politika guztiak «antolatzeko» bokazioarekin, eraginkorragoak izan daitezen.

Lehendakariordeak gogorarazi duenez, Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Lege berriak aukera emango du Lanbidek bere eraldaketa burutu dezan eta arreta hobea eman diezaien langileei, landunak izan ala ez, beren prestakuntzan, orientazioan eta lan-aktibazioan, enplegu bat aurkitzeko edo beste hobe bat lortzeko, «bere poltsikoaren mende egon gabe». Horrela, gaineratu du, beren beharretara egokitutako profilak bilatzen dituzten enpresei ere zerbitzu hobea eskaini ahal izango zaiela.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke: https://bit.ly/3VLqDJ1