Eraikin zaharren gaztaro berria

0

Jar zaitez kasu honetan. XX. mendeko estandarrekin eraikitako eraikin batean bizi zara. Alegia, neguan 15 gradu dituzu etxe barruan, eta berogailu asko behar duzu etxea epeltzeko; pasa den uda bezalakoan, aldiz, ogi txigortuak egin daitezke fatxadan.

Gauzak horrela, zure etxean gas dezente behar duzu hilabete hotzetan barruan 20 gradu izatea lortzeko. Eta, dakigun moduan, gasa oso garesti dago, eta prezio estratosferikoetan jarriko duela ematen du. Egoera okertzeko, badakigu berogailuek atmosfera kutsatzen eta berotzen dutela, eta, horrek klima aldatzen laguntzeaz gain, uholdeak edo lehorte luzeak bezalako muturreko fenomenoak sortzen ditu.

Hori neguko denboraldian, baina, azkenekoetan bezalako udetan, zuk aire girotua erabiltzera jo duzu edo serioski pentsatzen ari zara etxean gustura egoteko. Ondorioz, zure faktura elektrikoa igo egiten da eta, gainera, udako katarroa harrapatzen duzu. Berriz ere, kontsumo handiagoa, gastu handiagoa eta emisio gehiago.

Lehen, gure edozein herritan, adinekoek ez zuten barruko kamiseta kentzen, ezta mahuka luzea ere, ez neguan, ez udan: “hotza kentzen duenak beroa kentzen du”, esan ohi zuten. Beraz, kasu honetan, jakinduria tradizionalari helduta, irtenbide egokia da eraikina babestea isolamendu berria eraikiz. Horrela, neguan tenperaturak izugarri jaistea eta ekainetik aurrera izugarri igotzea saihestuko duzu.

Etxebizitzarako babes berri hori eraikitzerakoan, barruko tenperaturan eragina izateko birgaitzeek zaharberritze hauetako batzuk edo guztiak behar dituzte: teilatua konpontzea, fatxada berritzea eta leihoen ordez eraginkortasun termikoko beste batzuk jartzea. Eta tamaina horretako obra batean sartuta, bizilagunen komunitateek atarietarako sarrera hobetu ohi dute eskailerak kenduz edo igogailuak egokituz.

Ez gaitezen engaina, “ez dugu amets merkerik”, zihoen duela urte batzuk komunikazio-kanpaina batek; ezta errazak ere, gehitu beharko litzateke. Prozesuak amaiera zoriontsua izan ohi du, hainbat berrikuntza-prozesuetan inplikaturiko aldeek kontatzen dutenaren arabera.

Baina puntu horretara iritsi bitarte, eraikinen berrikuntza integralak garestiak, neketsuak eta denboran luzeak izaten dira; hau da, nahaspila. Zer-nolako berrikuntza egin erabakitzea, aurrekontua eskatzea, gauzatzea, finantzaketa eskuratzea, diru-laguntza eskatzea, tarteko arazoak konpontzea…

Oztopo horien guztien aurrean, Nafarroako Gobernua, NASUVINSA enpresa publikoaren bitartez, zure Aingeru Guardako bilakatuko da, zure bideratzaile, zure Otso Jauna, eta arazo teknikoak eta burokratikoak konpontzearekin batera, arazo ekonomikoetan ere lagunduko du.

Urtean 50 milioi erreformetarako diru-laguntza jartzeko

Etxebizitzak birgaitzeko laguntza publikoak urrezko aroa izan dute urte hauetan, erreformak diruz laguntzeko funts historikoekin: urtean 50 milioi eurora bitarte. Horietatik, erdia Nafarroako Gobernuak jarri du eta gainerakoa Next Generation Europako funtsetatik iritsi da, Foru Komunitateari 70 milioi eman baitizkio 21, 22 eta 23 urte artean inbertitzeko.

Biziberri / Nafarroa Birgaitzeko Plana Jose Mª Aierdi lehendakariordeak zuzentzen duen Departamentuak aktibatu zuen, eta, bertan, diru-laguntzak jaso ditzaketen sei birgaitze-mota zehazten dira: etxebizitza eta eraikinen laguntza iraunkorrak (konpontzea, hobetzea eta egokitzea) inguratzaile termikoetarako, landa-eremuko birgaitzeak, energia-eraginkortasuneko lanak etxebizitzetan, eraikinen birgaitzea eta auzoetan hiri-berroneratzea. Horrez gain, badira beste laguntza-programa osagarri batzuk eraikinetatik amiantoa kentzeko nahiz beste salbuespen eta kenkari fiskal batzuk ere.

2014az geroztik, 4 aldiz biderkatu da Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzekin birgaitutako etxebizitza-kopurua, eta amaitu berri den 2022 urte honetan, gailurrera iritsi da; hots, urte errekorra, 6.624 etxebizitza berritu, Estatu osoan lortutako zifren %20. Pandemia dela-eta, 2020an eta 2021ean beherakada txiki bat gertatu zen, baina 2022an berriro gainditu egin da birgaitze-proiektuetako inbertsio osoa, ia 83 milioi euro mobilizatu baitira, %35etik gorako diru-laguntzarekin; hau da, Foru Gobernuak 29,6 milioi euro eman ditu laguntzetan.

Lekukotzak obran bertan

Prozesu honetan, arkitekturako profesionalek, finken administraziokoek, hiri-finketako kudeatzaileek eta, bereziki, bizilagunek esku hartzen dute.

Ignacio Celaya Orvina Elkarteko 3an bizi da, Iruñeko Txantrea auzoan; 704 etxebizitzako komunitatea da, 5 etxaldetan banatuta, guztira 23 atari. Hilabete hauetan, azken blokeetako fatxadako obrak amaitzen ari dira, inguratzaile termikoa berritzeko.

Pertsona batzuek, zure kasuan bezala, etxea berritzeko lanak 2021ean amaitu zituzten, eta, termometroa eskuan, obraren onurak egiaztatu ahal izan dituzte: “neguan ez da tenperatura hainbeste jaisten. Lehen berokuntzako ura 60-70 gradutan bidali behar genuen; orain, berriz, 50 gradutan berotuta, tenperatura berean gaude etxeetan. Eta, udan, termometroa ez da 24 edo 25 gradutik igo”.

Zure komunitatekoa bezalako erreforma konplexu batean, Celayak enpresa publikoaren laguntza baloratzen du. “Administratzaileak zein arkitektoak esaten digute NASUVINSA bertan egon dela hasieratik, eta gai burokratikoei eta teknikoei buruzko informazioa eman eta konponbideak eskaini dizkigutela”. Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko 8 Bulego (ORVE bezala ezagutzen direnak) Nafarroan izateaz gain, NASUVINSAk laguntza indartu du Komunitatean zehar banatutako sei talderekin, eta horiek birgaitze ugariko guneetara joan dira, tartean Txantrea edota Lourdes.

Roberto Chagoyen Tuterako Lourdes auzoan bizi da, eta etxebizitza-eraikinaren erreforma integrala egitea gomendatzen du. “Niri auzoko bizilagunen batek galdetzen badit, hobekuntza dezente nabarituko dutela esaten diot. Azken pisuan bizi naiz, eta, uda honetan, egin duen beroarekin, 7 gradu gutxiago izan ditugu etxean. Asko nabaritu da jarritako teilatu berria”. Chagoyenek Tuterako ORVEren lankidetza ere azpimarratu du, NASUVINSAko teknikariekin koordinatuta lan egin baitute obran.

Birgaitzen ari diren eraikinetako bizilagunek hilabete batzuetan jasan behar dituzte obren eragozpenak. Eraberritzea eta bizilagunek beren etxeetan bizitzen jarraitzea bateragarri egiteko zailtasuna gehitzen zaie.

Miguel Angel Diaz, DG Arquitecturako bazkideetako bat da Elena Chavarrirekin batera, eta Diaz Garcia SL (DGC) Eraikuntzetako kudeatzailea. Berak ondo ezagutzen du birgaitzearen alde bikoitza. Arkitekto gisa, Diazek honako komunitate hauen erreforma integrala diseinatu du: Mugazuri kalea 4, 6 eta 8 eta Azoz kalea 1, 5, 7 eta 9, Fermin Daoiz kalea 2, 4 eta 6 eta Cildoz kalea 2, Txantrean; eraikitzaile gisa, berriz, honako hauen birgaitze-lanak egin ditu: Azoz kalea 6 eta 8, Cildoz kalea 3, Villava etorbidea 16, 18, 20 eta 22 eta Villafranca kalea 4, Iruñeko aipatu auzoan.

Diaz gustura dago enpresa publikoarekin egindako koordinazio-lanarekin: “Ni, arkitekto moduan, oso gustura nago NASUVINSAk birgaitze-prozesuetan egindako lanarekin, baina ulertzen dut bizilagunentzat hori aproposa dela teknikari publiko batzuk azalpenak ematen egotea eta lana ondo egiten dela gainbegiratzea bermatzen duelako. Horrek konfiantza eta garbitasun handia ematen die proiektuei”.

Eraikinak gaztetzeaz gain, Diazek horrekin lotuta dagoen alderdi bat azpimarratzen du; hau da, hiri-bilbearen berrikuntza, erreformaren ondoren gertatu ohi dena. “Adibide Itzel bat dut, Txantreako San Miguel Koloniarena. 10 ataritatik denak birgaitu dira, 5etan irisgarritasuna jorratu da, eta beste batzuetan argi-hartuneak etab bezalako azpiegiturak landu dira. Baina hobekuntza batzuek beste batzuk egitea eskatzen dute, eta, horrela, 2 kale oinezkoentzat prestatu dira, hiri-altzariak berritu eta jarri dira, etab”.

“Bidea birgaitzea da”

Hiri-finken administrazioko profesionalen zeregina funtsezkoa da berrikuntza-prozesuetan: informazioa bildu eta bizilagunei proiektua azaltzea, laguntzak kudeatzea, ordainketak koordinatu eta gauzatzea. Berritzeko prozesuaren zutabe dira, hiru aldeekin harremanetan jartzen baitira: bizilagunak, eraikuntza-enpresa, NASUVINSAko teknikariak eta, hala behar izanez gero, banku-erakundeak.

Peio Mendia SanzMendia Finken Administrazioko bazkideetako bat da, eta Nafarroako kolektibo profesional hori biltzen duen Elkartea zuzentzen du.

“Bidea errehabilitazioa da. Etxeek urte asko iraun behar dute, eta hainbat jabe izan behar dituzte, ezin baita eraikitzen jarraitu”, azaldu du. Eraikinen isolamendu termikoa berritzearen onurei dagokienez, Mendiak honela ziurtatu du: “Aurrezpen energetikoaz haratago, (guk %40 kuantifikatzen dugu), etxebizitzaren erosotasuna hobetzen da, tenperatura naturalagoa eta atseginagoa baitu”.

Birgaitzea bultzatzeari dagokionean, administrazioetan erabakitasun handiagoa behar litzatekeela uste du: “Gure ustez, eraginkortasun-helburu batzuk ezarri behar dira, data oso argiekin; zure etxeak baldintza batzuk noiz bete behar dituen jakin behar da, autoen emisioekin edo bonbillekin gertatzen den bezala. Jendeak argi izan behar du zer gertatuko den helburuak betetzen ez baditu, bizilaguna bere etxebizitzaren erantzule izan dadin eta baita kutsatzen duenaren erantzule ere”.

Bestalde, Guillermo Jimenezek, Urbanitas finka-administrazioko arduradunak, onartzen du “eraikinak ia berriak geratu direla. Prozesu luzeak dira, baina emaitza oso gomendagarriak ematen dituzte 40-50 urteko etxebizitzetarako, irtenbide orokor bat ematen baitzaie”.

Jimenezek, komunitateko administratzaile gisa, Iruñeko Urdax Monasterioko 15, 17 eta 19ko eraikinen erreforma koordinatu du, eta NASUVINSAren egitekoa baloratu du: “eragile laguntzaile oso garrantzitsua izan da, bai bultzatzeko lanarengatik, bai eskaintzen duen aholkularitzarengatik, baita obraren amaieran ere. Irtenbide egokia ematen zaigu era honetako eraberritzeetarako”. Aipatu komunitatea 2019an hasi zen berrikuntzak egiten, 4 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin, eta 2,5 milioi euro inguruko diru-laguntzak eskuratu zituen. Etxadi osoaren inguratzaile termikoa birgaitu ondoren, etxebizitzetan obra egin aurretik kontsumitzen zuten energiaren %30 eta %40 artean aurrezten dute.

Gogoratu zure etxebizitzari bigarren bizitza bat ematea posible dela, eraikinaren kontsumoa %40 murriztu daitekeela, eta NASUVINSA-Otso Jaunaren laguntza publikoa aholkularitzan eta inbertsioaren ia erdiaren diru-laguntzetan bermatuta dagoela.