Donostiak gainditu egin ditu 2020rako jarrita ziren klima helburuak

0

2020. urtea mugarri garrantzitsua zen klima-aldaketaren aurkako lasterketan: herrialde, eskualde eta hiri askotako berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko planen aurreneko azterketaren urtea. Donostiak aise gainditu du azterketa hori.

Hala esan du Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendia sozialistak: “Ondo gainditu dugu 2007an isurtzen zena 2020rako % 20 murrizteko helburua. Izan ere, % 40 ere murriztu dugu hiriaren isuri globala (industriaren isuriak kontuan hartu gabekoa) eta biztanleko isuria ere. Datu positibo horiek zuhurtziaz aztertu behar dira; faktore bat baino gehiago izan baita emisioak murrizten lagundu duena. Pandemia dugu bat, giza jarduera oro murriztu eta eraikinetan eta garraioan energia gutxiago kontsumitzea ekarri baitzuen hark. Eta energia gehiago iturri berriztagarrien bidez ekoiztea dugu beste faktore bat, horrek ere atmosferara gas gutxiago isurtzea dakar eta.”

Datu bat: 2007an, biztanle bakoitzak 5,3 tona CO2-ren baliokidea isuri zuen batez beste; eta 2020an 3,1 tona biztanleko.

Hirian isurtzen diren berotegi-efektuko gasik gehienak (guztizkoaren ia bi heren) garraioak sortutakoak dira. Hurrena, nahiz eta alde handia den, etxeek eta zerbitzuek sortutako isuriak ditugu (beste heren bat). Hondakinen kudeaketak isurien %4 baino pixka bat gehiago sortzen du, eta lehen sektorea ez da %1era ere iristen. Kontuan hartu beharreko datu bat da 2020an sektore guzti-guztietan murriztu zirela isuriak.