Euskadiko 9.200 gaztek baino gehiagok Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren dirulaguntza jasotzen dute urtero alokairua ordaintzeko

0

Eusko Jaurlaritza urtero 9.200 gazte baino gehiago emantzipatzen laguntzen ari da Euskadin, alokairua ordaintzeko dirulaguntzen (EPO, EPE eta Gaztelagun) eta ASAP eta Bizigune programen bidez. Gainera, azken hiru urteetan beste 4.369 etxebizitza babestu baten esleipendun izan dira. Datu horiek Etxebizitzaren Euskal Behatokiak landutako Biztanleria gaztea eta etxebizitza 2022 txostenak jasotzen ditu. Txosten horrek 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen egungo egoera eta autonomia-erkidegoko emantzipazio-tasa berantiarren atzean dauden arrazoiak aztertzen ditu, batez ere adin horietako pertsonen lan-merkatuaren egoerarekin eta merkatuan etxebizitza eskuragarrien eskaintza urriarekin lotuta.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasun erantsiez jabetuta, adin tarte horretarako arreta espezifikoko programak eta neurriak jarri ditu abian azken urteotan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako alokairu-sustapenetan lehentasunezko % 40ko sarrera-kupoa dute gazteek, eta bestetik, kolektibo honek lehentasuna du zuzkidura-bizitokietan, emantzipazio-premiei erantzuteko etxebizitza mota egokia, alegia. Era berean, 2019an Gaztelagun programa sortu da, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntza ekonomikoen bidez. 3.777 gaztek dute gaur egun laguntza emana, eta hilero jasotzen dute 36 urte bete arte gordetzen den prestazioa, baldintza berberetan jarraitzen badute. Ia 6.000 gaztek (5.914) baliatu dituzte uneren batean programako laguntzak.

Gainera, 5.060 gazte Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta 112 Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa jasotzen ari dira, eta beste 350 ASAP eta Bizigune etxebizitza hutsak mobilizatzeko programen onuradun dira.

Etxebiden, adin-tarte horretako 30.798 pertsona daude erregistratuta etxebizitza-eskatzaile gisa, eta haietatik, hirutik bik eskatzen dute alokairuko etxe bat. Txostenak erakusten du, lan-baldintza okerragoak izan arren, emakumeek gizonek baino emantzipazio-tasa handiagoak dituztela, % 38,1, eta gizonen kasuan, berriz, % 27,7. Bi tasa horiek, 18 eta 34 urte bitartekoen artean, 2010etik izandako txikienak dira.

Arrazoien artean, azterlanak biztanleria horrek enplegua lortzeko duen aukera analizatzen du eta, besteak beste, 30 urtetik beherako 10 biztanletik 7k bi urte baino gutxiago daramatzate beren lanpostuan. Proportzio hori hirutik bat da 30-34 urteko adin-tartean. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa berandu lortzeak eragina du etxebizitza eskuratzean, eta lan-merkatuaren erroldaren arabera, 25 eta 30 urte bitarteko pertsonen % 40 baino ez dira ari lanean; ehuneko hori % 80ra igotzen da 30 eta 35 urte bitartekoen artean, nahiz eta azken maila horretako hirutik batek kalitate eskaseko enpleguak dituen. Hain zuzen ere, hogeita hamarrekoen salto horretan kokatzen da emantzipatzeko batez besteko adina Euskadin 2022an: 29,7 urte. Adin-tarteen arabera, 30-34 urteko biztanleria emantzipatua % 71,5 da, eta ehuneko hori % 32,8ra jaisten da 25-29 urtekoen kasuan, eta % 5,2ra 18-24 urtekoen kasuan.

Lan-ezegonkortasuna emantzipazio-tasa txikiak azaltzen dituen faktore nabarmen bat da”, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenaren arabera. Izan ere, hileko nomina garbia 1.273 eurokoa 25-29 urteko gazteentzat, eta 1.558 eurokoa 30-34 urtekoentzat. Datuk horiek kontuan hartuta, Euskadiko etxebizitza librearen merkatuaren errealitatearekin batera, hipoteken kasuan, soldataren % 50 gainditzen da gazteen adin-tarte guztietan, eta alokairuaren kasuan, batez bestekoa % 54koa da, biak gomendatutako gehieneko esfortzu-maila gisa ezarritako % 30etik urrun. Datu horiek nabarmenagoak dira emakumeen kasuan, gizonek baino 6,6 puntu gehiago ematen baitituzte hipoteka bat ordaintzearen kasuan.

Etxebizitza babestua eskuragarria da gazteentzat, eta hura eskuratzeko, bai erosteko eta baita alokatzeko eran ere, soldata garbiaren % 28a inbertitzen da. Etxebizitza mota hori Euskadiko gazteen etxebizitza eskarira egokitutako eskaintza da, eta emantzipatzeko adina aurreratzea helburu duten neurrien artean dago parke babestu honen sustapena.