Eusko Jaurlaritzak Indarkeria matxistaren eremuan arreta hobetzeko III. Akordioa urtarrilaren 19an sinatuko dela iragarri du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Bere aldetik, Artolazabalek Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa aurkeztu du gaurko prentsaurrekoan. Akordio hau abenduaren 20an onartu zuen akordioaren jarraipen batzordeak Emakunden egin zuen bileran eta datorren urtarrilaren 19an egingo dute erakundeek honen sinadura ofiziala Lehendakaritzan, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela.

Artolazabalek, aurreko bi akordioek ekarri dituzten aurrerapenei balioa eman ondoren, hirugarren akordio baten beharra defendatu du “azken hamarkadetan izan diren arau eta gizarte aldaketengatik”. Sailburuaren arabera, hirugarren akordioaren sinadura “urrats garrantzitsua izango da bere helburu nagusietako batean: biktimen beharrak erdigunean jartzea”. Besteak beste, aurrerapauso garrantzitsua izango da biktimei arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa emateko eta biktimak birbiktimizatzea saihesteko.

BRASIL

Gobernuko bozeramaileak Brasil bizitzen ari den egoerari buruzko hausnarketa partekatu du, eta sentimendu horretan, Brasilgo herriak demokratikoki aukeratutako Gobernuaren legitimitatea errespetatzen duela adierazi  du. Halaber, kezka adieri du munduko hainbat herrialdetan, baita Europan ere, gertatzen ari diren zeinuzko populismoaren goranzko joeragatik. “Eusko Jaurlaritzak sistema demokratikoaren eta herritarren borondatea ordezkatzen duten erakundeen balioaren defentsa sutsua berresten du, eta gure erakundeak indartzeko konpromisoari eusten dio egunero, gure askatasun eta elkarbizitza demokratikoa arriskuan jartzen duten mugimendu populista, demagogiko eta bortitzen aurkako antidoto gisa”, esan du.

DE MIGUEL KASUA

Halaber, Auzitegi Gorenak De Miguel kasuari buruz emandako epaiari buruz galdetuta, Bingen Zupiria sailburuak adierazi du Gobernuak Auzitegiaren erabakia errespetatzeko, onartzeko eta betetzeko borondatea duela. Gainera, Lehendakariak berak 2019an epaiaren berri izan zuenean egin zuen adierazpen bati heldu dio. Bertan, justiziak hartutako erabakiekiko erabateko errespetua adierazi zuen, eta epai hura, eta, beraz, gaurkoa eta ematen dituen zigorrak, bete egin behar direla uste duela adierazi zuen.

Bozeramaile gisa, Zupiriak gaitzespenik sendoena erakutsi du epai horrek frogatu dituen eta “gobernu gisa defendatzen ditugun idearioen eta balio etikoen aurkakoak diren” gertakarien aurrean.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak egindako 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua onartu du gaurko bileran Administrazio osoko estatistika-jarduera antolatzeko tresna izango dena. Lege Proiektu hau Legebiltzarrera bidaliko da bertan onartua izan dadin. Zupiriak azaldu duenez, 255 analisi egitea proposatzen duen egitasmoa da eta 86 milioi euroko kostua aurreikusten du.

Hezkuntzari lotuta, 2022-2023 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beketara bideratutako diru kopurua ia 5 milloietan handitzea erabaki du gaurkoan Gobernuak. Diru kopuru berri hau Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako onartutako unibertsitate-beka deialdiaren zenbatekoari gehitzen zaio, beraz, guztira 33 milioi euroko diru kopurua egongo da honetarako. Ikasturte honetan bekaren onuradun diren unibertsitate-ikasleek 400 euroko laguntza osagarria jasoko dute gaur onartutako diru-laguntzak kontuan izanda.

Eta amaitzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du “Kultura Ondarea Saria” emateko deialdia egitea onartu duela gaur Gobernuak, Euskal Kultura Ondarearen ezagutza, materiala zein immateriala, gazteen artean zabaltzen laguntzeko. Ikasleek 3 eta 10 minutu bitarteko iraupena duten bi bideo aurkeztu beharko dituzte, gutxienez 3 eta gehienez 6 pertsonako taldeek osatuak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 30.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena