Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondarea Sariaren seigarren deialdia onartu du

0

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak “Kultura Ondarea Saria” emateko deialdia egin du, Euskal Kultura Ondarearen ezagutza, materiala zein immateriala, gazteen artean zabaltzen laguntzeko. Deialdia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako, Batxilergoko lehen mailako eta 2022-2023 ikasturteko Lanbide Heziketako Erdi Mailako Zikloetako lehen mailako ikasleei zuzenduta dago. Ikasleek 3 eta 10 minutu bitarteko iraupena duten bi bideo (bideo bat eta bere making-of-a) aurkeztu beharko dituzte, gutxienez 3 eta gehienez 6 pertsonako taldeek osotuak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 30.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, honako helburu hauekin:

    • Kultura berritzailea sustatzea eta Euskal Kultura Ondareari buruzko ezagutza ikertzeko, berreskuratzeko eta eraikitzeko ahalegina aitortzea.

 

    • Euskal Kultura Ondarea ezagutaraztea Euskal Hezkuntza Sistematik eta Euskal Hezkuntza Sistemarentzat.

 

    • Hezkuntza-ekimen berritzaileak abian jartzen laguntzea.

 

    • Gazteek Euskal Kultura Ondareari lotutako ezagutzaren balorizazioan eta eraikuntzan duten zeregina aitortzea.

 

    • Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea, jabetza publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.

 

Hiru bideorik onenak aurkeztu dituzten lantaldeetako kideek, haien tutoreek eta ikastetxeek 7 eguneko kultura-bisita jasoko dute Napolira, bertako leku esanguratsuenak eta kultura ezagutzeko. Ikastetxeek diploma bat ere jasoko dute eta bideo gehien aurkezten duen ikastetxeak aitortza-plaka bat jasoko du.