2022an Foru Komunitateari objektu baliotsuak eman dizkioten 78 pertsona aintzatetsi ditu Nafarroako Gobernuak

0

Maria Chivite Nafarroako Lehendakaria izan da gaur arratsaldean 2022an Foru Komunitateari objektu baliotsuak eman dizkioten pertsonak aitortzeko ekitaldian, eta eskerrak eman dizkie “zuen historiaren zati bat herritar guztiei lagatzeko hartutako erabakiagatik”.

Aurten, guztira 78 pertsonak egin dizkiote balio historikoa duten objektuen dohaintzak Nafarroari, museoetan eta artxiboetan gordetzeko, eta beste ondasun esanguratsu batzuen dohaintzak ere bai. Aintzatespen-ekitaldia Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan egin da, eta bertan izan dira, Chivite Lehendakariaz gain, Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Rebeca Esnaola Kultura eta Kiroleko kontseilaria eta omendutakoen ordezkariak.

Emandako objektuen artean, Tomas Caballeroren funts pertsonala aurkitzen da, UPNko zinegotzia izandakoa Iruñeko Udalean, ETAk 1998an hila; baita ere, Vicent J. Egearen funts musikala, Nafarroako Goi Kontserbatorioko Bandaren eta Orkestra Sinfonikoaren konpositorea eta zuzendaria, eta Iruñeko Udal Bandaren zuzendari titularra; eta, azkenik, Juan Mari Feliu Dorden funts dokumentala, mendizale beteranoarena.

Era berean, “Comisiones Obreras de Navarra” funts dokumentala eman du dohaintzan sindikatuak berak; Iruñeko Udal Ikastolaren jatorriari buruzko hainbat funts dokumental; eta hainbat funts musikal, argazki-funts eta funts dokumentalak nahiz eskulturak, koadroak, liburua eta bestelako objektuak. Lehendakariak adierazi duenez, zerrenda zabala da, eta “guztion ondarearen zati izango da, eta etorkizuneko belaunaldiei elkar hobeto ezagutzen eta ulertzen lagunduko die”.

Milioi erdi euro inguru ikerketarako

Hitzaldian zehar, Lehendakariak dohaintza ekonomiko bat nabarmendu du, “bereziki esanguratsua izateagatik”; hain zuzen ere, Miguel Servet Fundazioak jaso du, NavarraBiomed ikerketa biomedikoaren zentroaren jarduera kudeatzen duen organoak. Zehazki, pertsona batek, hil eta gero, bere ondare osoa eman dio erakundeari, milioi erdi eurokoa.

Chivitek eskerrak eman nahi izan dizkio pertsona horri “osasun-ikerketa garatzen” laguntzeagatik. “Honako hau bezalako dohaintza pribatuak aparteko finantzaketa dira ikerketa biomediko publikorako. Legegintzaldi honetan, baliabideak gehitu ditu, eta emaitzek guztiok bereziki harro sentiarazten gaituzte beste ondare honekin – materiala bezain garrantzitsua –; hots, ezagutza”, adierazi du.

Emaileek diploma bat jaso dute Lehendakariaren eskutik, horren bidez Nafarroako Gobernuak publikoki eskertzen baitu egindako ekarpena.