Aitziber Garmediak eta Jon Plazaolak ireki dute 2023ko txotx denboraldia

0

«Gure Sagardo Berria» oihu eginda, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak 2023ko txotx bolada ireki dute Astigarragako Alorrenea sagardotegian, XXX. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aurretik, sagarrondo berri bat landatu dute Sagardoetxeako sagastian.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi da Sagardoetxean prentsaurrekoarekin eta bertan izan dira Xabier Urdangarin (Astigarragako alkatea), Jabier Larrañaga (Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatua), Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea), Jesus Garcia de Cos (Turismo eta Merkataritzako sailburuordea), Maider Lopetegi (Fruiteleko Lehendakaria eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko ordezkaria), Ion Zapiain (Zapiain sagardotegia eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapeneko ordezkaria) eta Aitziber Garmendia nahiz Jon Plazaola (gonbidatuak).

Xabier Urdangarin alkateak txotx boladaz gozatzeko gonbidapena luzatu du, bizikidetasuna eta errespeturako deia eginda. Bere aldetik, Jabier Larrañaga Diputatuak gure nortasuna sustatzeko eragile guztien artean burutzen den elkarlana eta egindako lana goraipatu ditu. Bestalde, Bittor Oroz sailburuordeak sagarrarekin egindako produktu berri asko daudela eta horrek Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena aberastu egiten duela azpimarratu du. Bere aldetik, Jesus Garcia de Cos saiburuordeak txotxaren erritua Euskadira bisitariak erakartzen dituen funtsezko esperientzia dela goraipatu du.

Maider Lopetegik aurkeztu bezala, aurten, iazkoa baino uzta txikiagoa izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzako eta 1.200.000 litro inguru Euskal Sagardo egin dira. Guztira 2 milioi kilo inguru sagar bildu dira Jatorri Deiturako 480 hektareatan. Udaberriko nahiz udako lehorteak eragina izan du sagarraren uztan, eta aurrerantzean uzta orekatuak lortzea dela helburua adierazi du.

Ion Zapiain ordezkariak azaldu bezala, aurten 2022ko uztarekin 10 milioi litro inguru sagardo ekoiztu dira Euskal Herrian. Lehorteak eta uzta txikiak eragina izan du sagarraren ezaugarrietan, eta ondorioz tanino altuko eta izaera handiko sagardoak izango dira orokorrean. Luzera, bilakaera oso ona izango duten sagardoak dira.

Azkenik, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak adierazi dute gonbidapena ilusio handiz hartu zutela, eta sagardo munduan adituak izan ez arren, sagardotegiko usadioaz asko gozatzen dutela. Are gehiago: sagardoaren kulturaren atzean dagoen guztia ezagutzea beraientzat garrantzitsua izan dela.

Prentsaurrekoaren ostean, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolak sagarrondo berri bat landatu dute Sagardoetxeako sagastian, eta ondoren, ekitaldiko unerik garrantzitsuena iritsi da: Astigarragako Alorrenea sagardotegian «Gure Sagardo Berria» esanda, Garmendiak eta Plazaolak lehen kupela ireki dute, eta horrekin batera, 2023ko sagardo denboraldi berriari ekin zaio.