Euskal Herriko Unibertsitateko Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) zenbait irakasle eta ikertzaileek ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu!’ proiektua jarri dute abian. Ekimenak izaera pedagogikoa du, eta hondartzen ingurumenaren garrantziaz kontzientziatu nahi du.
Proiektu hau lehen hezkuntzako azken urteetako eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago (Curriculum Aniztasuneko taldeak barne) batetik, baina bere izaera inklusiboa hezkuntza arautuaz haratago zabaltzeko, aisialdiko mota guztietako erakunde eta elkarteei eta kultura, gizarte edo ekintza komunitarioko talde inklusiboei ere luzatu zaie parte hartzeko aukera, ezagutza zientifikoan aurrera egiten lagundu eta STEAM proiektuetan parte hartu nahi badute (STEAM hezkuntzak honakoa lortu nahi du: Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika Artea eta Humanitateekin lotuta bateratzen duena; zeharkako zein diziplinako oinarrizko gaitasunak garatzen dituena; eta ikasleak ahalduntzen dituena erantzukizunez gure gizarteko erronkei aurre egin ahal izan diezazkieten).
“Ekimenak euskal kostaldeari buruzko ezagutza zientifikoa hobetzen lagundu nahi du, arreta, batetik, eskala mikroskopikoko biodibertsitatean (meiofauna eta mikroalgak) eta, bestetik, biodibertsitate hori arriskuan jartzen duten arriskuetan (mikroplastikoak, kasu honetan) jarriz. Hori guztia helburu nagusia lortzeko: Hondartzen eta itsasoen ingurumenaren garrantziaz sentsibilizatzea”, adierazi du Miren Bego Urrutiak, proiektuaren ikertzaile nagusiak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak.
Kontuz! Ez nazazu zapaldu! ekimenarekin, proiektuak herritarren zientzia izaera duenez gero, UPV/EHUk gizarteari eskaini nahi dio zientziari ekarpenak egiteko aukera, eta ekinez haren benetako xarma erakutsi eta partehartzaileen jakin-mina piztu.
900 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte proiektuan
2022ko abenduaren 23ra arte egon da irekita proiektuan parte hartzeko izena emateko epea, eta hezkuntza arautuko taldeen artean harrera bikaina izan du: 20 ikastetxek agertu dute parte hartzeko asmoa, eta guztira 900 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte proiektuan. “Hezkuntza arautuaz kanpoko zenbait elkartek ere helarazi digute parte hartzeko nahia, guztira ia beste 100 parte hartzaile gehituz. Hezkuntza ez formaleko taldeentzat epea irekita egongo da berriro ere urtarrilaren 16tik 23ra arte[JB1] ”, jakinarazi du Miren Bego Urrutiak.
Behin izen–emate epeak bukatu ondoren, Plentziako Itsas Estazioko ikerketa-lerro desberdinetako irakasle eta ikertzaileek doako prestakuntza eskainiko diete parte hartuko duten taldeetako irakasle eta arduradunei STEAM proiektu hau gauzatzeko.
Prestakuntza ikastaro teoriko-praktiko baten bidez egingo da, bertan parte hartzaileei euskal kostaldeko hondartzetan laginketak modu autonomoan nola egin azalduko zaie, diziplina anitzeko protokolo zientifikoei jarraiki.
“Parte hartuko duten taldeek laginak hartu eta aztertu ondoren, euren emaitzak proiektuaren bukaerako ekitaldi nagusian aurkeztuko dituzte, 2023ko ekainaren 8an, Ozeanoen Nazioarteko Egunean. Bertan, parte hartzen duten zentro eta elkarte guztiek biltzeko aukera izango dute, proiektuan ikasitakoa ospatzeko”, adierazi du Urrutiak.
Proiektu hau Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak – Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa– eta UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak finantzatzen dute.