Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak zientziari maitasuna erreibindikatzen du urtarriletik martxoa bitartera proiektatuko diren hamar filmen bitartez

0

    • Nazioartean ospea duten hainbat zientzialari eztabaidan ariko dira ikus-entzuleekin Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohitzunen egingo diren emanaldietan

 

Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioak zientziari maitasuna erreibindikatzen du ostegun honetatik aurrera eta martxoaren amaiera arte proiektatuko diren hamar filmeren bitartez. Donostia International Physics Centerekin (DIPC) eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiarekin elkarlanean, Euskadiko Filmategiak jarraitu nahi du kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzen eta, horretarako, nazioartean ospea duen zientzialari batek hitz egingo du emanaldi bakoitzean. Tabakalera (Donostia), UPV/EHUko Bizkaia Aretoa-Sala Mitxelena (Bilbo), Artium Museoa (Gasteiz), Cines Golem (Iruñea) eta Le Sélect zinemak (Donibane Lohitzune) izango diran ziklo honetako proiekzioen egoitzak.

Gaur, Tabakaleran (Donostia) egin den prentsaurrekoan parte hartu dute Joxean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Ricardo Díez Muiñok (DIPCko zuzendaria), Edurne Ormazabalek (Tabakalerako zuzendari orokorra), Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde, Andoni Iturbek, eta baita ere Unibertsitate eta Ikerketa sailburuorde, Adolfo Morais Ezquerrok.

FILMAK

Zinema eta Zientzia zikloak Fire of Love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko du, beren arteko eta sumendienganako maitasunaz elkarri lotutako bi bolkanologo frantsesen esperientziei buruzko dokumental bat. Zientziari eta bere familiari dion maitasuna da baita ere Madame Curie (Mervyn LeRoy, 1943) filmaren protagonista, zeinak Nobel saria bi aldiz irabazitako poloniar zientzialariaren ikerketa-urteetan sakontzen baitu. Drácula de Bram Stoker (Francis F. Coppola, 1992) filmak ezinezko maitasun baten bila denboran zehar dabilen banpiroaren mitoa erakusten du. Egitarauaren osagarri dira orobat El nombre de la rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) eta La herencia del viento (Stanley Kramer, 1960) bezalako klasikoak, non beren protagonistak egiaren aldeko maitasunaz aritzen baitira. Maitasun librea eskubide gisa da Tom Hanksek Philadelphia (Jonathan Demme, 1993) filmean defendatzen duena, eta koronel batek “estatubatuar gorputz fluidoei dien maitasuna” hondamen nuklear batean amaitzen da ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú (Stanley Kubrick, 1967) filmean.

John Nash zientzialari eta Nobel sariak eta matematikari zion maitasun obsesiboak inspiratu zuten Una mente maravillosa (Ron Howard, 2001), eta galdu denarekiko nostalgia da, bestalde, zinemako distopia handietako baten protagonista: Cuando el destino nos alcance (Richard Fleyscher, 1973). Azkenean, zikloa amaitzeko, animalia, basatia eta munstroa izateari eginiko kantu bat, nola den Marrazoa (Steven Spielberg, 1975). Pelikulak jatorrizko bertsioan ikusiko dira, gaztelaniazko edo euskarazko azpitituluekin.

Programa osorik proiektatuko da Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, eta Donibane Lohitzunen, berriz, Docteur folamour, Un homme d’exception eta Les dents de la mer ikusi ahal izango ditugu.

Honako zientzialari hauek egingo dituzte aurkezpenak eta solasaldiak: José Ramón Alonso (Salamancako Unibertsitatea); Carmen Garde (Biodonostia, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa) eta Julio Arrizabalaga (Biodonostia, Donostiako Ospitale Unibertsitarioa) medikuak; María Blanco (UPV/EHU, DIPC), Igor Campillo (Euskampus Fundazioa), Ricardo Díez Muiño (DIPC, CSIC, UPV/EHU), Pedro Miguel Etxenike (DIPC, UPV/EHU), Mercedes Vila (Biotech Foods), Nerea Zabala (UPV/EHU, DIPC), Daniel Zerzion (DIPC, CERN) eta Amaia Arregi (DIPC) fisikariak; Bernard Bru (UPV/EHU, BCAM) matematikaria-fisikaria; Paula Gordaliza (BCAM, UPNA) eta José Antonio Lozano (BCAM, UPV/EHU) matematikariak; Montse Hervella (UPV/EHU), Conchi de la Rúa (UPV/EHU) eta Juan Ignacio Pérez Iglesias (DIPC, UPV/EHU) biologoak; Janire Prudencio (Granadako Unibertsitatea), Juana Vegas (IGME-CSIC) eta Asier Hilario (Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea) geologoak; Elisa Jimenez-Izal (DIPC, UPV/EHU) eta Fernando Cossio (UPV/EHU, Ikerbasque) kimikariak; eta Marta Olazabal (BC3, Ikerbasque) ingurumen-ingeniaria.

BESTE JARDUERA BATZUK

Era berean, zikloak bi hitzaldi ere programatuko ditu, Kutxa Kultureko (Tabakalera) Ruiz Balerdi aretoan. Hitzaldiak Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatu dira, eta izenburu hauek dituzte: Bizitza aldatzen duten sumendiak (Juana Vegas, IGME-CSICeko geologoa, Geoheritage, IUGS) eta Elkarrizketa banpiroarekin neurozientziaz (José Ramón Alonso, Salamancako Unibertsitateko eta Gaztela eta Leoneko Neurozientzien Institutuko neurobiologoa).

Azkenik, eskolentzako goizeko ekitaldiak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, non Fire of love (Sara Dosa, 2022) proiektatuko baita, euskaraz azpititulatuta eta Janire Prudenciok (Granadako Unibertsitatea) eta Asier Hilariok (Euskal Kostaldeko UNESCO, Geoparkea, IUGS) aurkeztuta.

Sarrerak web-orrietan eta Tabakalerako, Artium Museoko eta Arte Ederren Bilboko Museoko leihatiletan (emanaldiak Bizkaia Aretora aldatuko dira museoa eraberritze lanetan dagoelako) erosi ahal izango dira, eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinemetako lehiatiletan ere bai. Txartel bakoitzaren prezioa 3,50etik 6 eurora bitartekoa da (deskontuak kontuan hartu gabe). Informazio osoa www.filmoteka.eus-en.