Javier Hurtado sailburuak: «Euskadi aitzindari izan da turismoa berreskuratzen eta gastronomiaren agertoki gisa bertaratuko da Fiturrera»

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur azaldu du nolakoa izango den Euskadik Fiturren izango duen parte-hartzea, urtarrilaren 18tik 22ra Madrilen egingo den nazioarteko turismo-azoka garrantzitsuenetako batean. Sailburuarekin batera, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solana izan da, eta standaren eta 5 egunetan egingo diren jardueren eta aurkezpenen xehetasunak eman ditu.

2022ko “Euskadiko turismoaren susperraldiaren” balantze bat eginez hasi da sailburua. Horretarako, pandemiaren une latzak gogora ekarri eta nabarmendu egin ditu “euskal turismoaren sektorearen indarra, profesionalen ahalegina eta gure turismoa babesten eta suspertzen jarraitzeko apustua. Horren ondorioz, gaur esan dezakegu pandemiaren aurreko zifrak gainditu ditugula eta 2022an 4 milioi bisita baino gehiago izango ditugula lehen aldiz”.

Abenduko datu ofizialen faltan, turismoa % 10 hazi da Euskadin urtarriletik azarora, 2019ko aldi berarekin alderatuta. Eta nazioarteko turismoa berreskuratu dugu, % 11,8ko hazkundearekin, pandemian gehien erasandakoa udaldiko % 34ko jaitsierekin.

“Eszenario honetan, gure profesionalez harro bertaratuko gara FITURera, egin duten lan handiaz jabetuta eta gure turismo jasangarriaren ereduaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugulako uste sendoari eutsita, modu iraunkor eta orekatuan hazten jarraitzeko aukera ematen digulako” laburbildu du sailburuak.

Euskadiko standa eskaintza turistiko askotarikoaren erakusleihoa izango da aurten ere, eta “bertan gure indargune handietako bat nabarmendu nahi izan dugu: nazioartean ospea zabaldua duen gure gastronomia. Standak diseinu berri bat du, antzoki baten moduan, gastronomiaren agertoki handi bihurtua. Bertan, gure gastronomiaren indarra eta distantzia luzeko merkatuak berreskuratzeko 2023rako apustu hori uztartzen dira, Frantziako Tourrak Euskaditik izango duen irteerari lehentasunezko leku bat emanez. Ekitaldi hori nazioarteko aurkezpen-txartel garrantzitsuenetako bat izango da Euskadirentzat, eta gune bat izango du horretarako propio standean”.

Hala, sailburuak azaldu duenez, Euskadik nazioarteko sustapenaren aldeko apustua egingo du, eta bereziki azpimarratuko ditu Japonia bezalako herrialdeak, “duela hilabete eskas Euskadiko Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko Foroaren hurrengo edizioa egiteko lekukoa hartu genuen herrialdea, zehazki Donostian. Bidaian zehar elkarraldiak izan ditugu Japoniako turoperadoreekin, Fiturren eta urtean zehar izaten jarraituko ditugunak, baita prentsa-bidaiak eta gure helmugako promozio-kanpainak ere. Jarduera ugari garatuko dira, Eusko Jaurlaritzatik antolatzen ari garen sail arteko misioaren barruan, eta Basque Week Japonian egingo dira 2023aren amaieran. Aste osoa eskainiko zaio Euskadiri Japonian, kultura, turismoa eta merkataritza sustatzeko, eta bertan parte hartuko dugu”.

Eta Japonia bezala, Marketin Turistikoaren Planak distantzia luzeko beste helmuga interesgarri batzuk ere jasotzen ditu, besteak beste Estatu Batuak, Kanada, Korea, Argentina eta Brasil, egonaldiaren luzapena eta lurralde osoan zehar fluxuen mugimendu handiagoa sustatzen dutenak. Hori guztia egiteko, egonaldi labur baina errepikatuetan jasangarritasuna bultzatzen laguntzen duten hurbileko merkatuak lehenetsi behar dira, besteak beste herrialde hauetakoak: Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Herbehereak, Portugal edo Italia, baita Madril, Katalunia edo Andaluzia aitzindari diren gure merkatu nazionalak ere.

“Izan ere, 2022an jada erabaki genuen Euskadirentzat interesgarriak eta potentzial handikoak ziren merkatuen alde apustu egitea, esaterako Herbehereak eta Portugal, kanpaina espezifiko eta hipersegmentatuekin. Horren ondorioz, Portugaletik etorritako bisitarien sarrerak % 25 igo dira eta Herbehereetatik etorritakoenak % 34. Horri gehitu behar zaizkio % 25era arteko igoerak Frantzian, nazioarteko merkatuen lanaren eta emaitza onaren erakusgarri, batez ere gertuko merkatuena 2022an zehar”.

Sailburuak nabarmendu nahi izan du edizio honetan Euskadik lehen 3 sariak emango dizkiela Helmuga Turistiko Adimendunei (DTI) eskualde hauei: Goierri, Uribe eta Arabako Errioxari. “Aitzindariak izan gara DTI metodologia hori udalerrietatik eskualdeetara egokitzen, Turismoko Estatu Idazkaritzarekin batera. Horrela, metodologia aplikatu nahi duten beste autonomia-erkidego batzuen eredu izango dira. 2023an, gutxienez 5 eskualde gehiagorekin jarraituko dugu lan horretan”.

Gainera, Euskadik Udalaz Gaindiko Administrazio Publiko Onenaren saria jasoko du SICTED kalitate-sistemen aplikazioan, Turismoko Estatu Idazkaritzaren eskutik. “Euskadik gure sektorearen kalitatearen, jasangarritasunaren eta lehiakortasunaren alde egindako lanaren adibide batzuk dira, aitzindari bihurtu gaituztenak eta Fitur 2023 ekimenaren edizio honetan islatu nahi ditugunak”.