Josep Gonzàlez-Cambray Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Tknika bisitatu dute gaur goizean Errenterian, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa. Kataluniako hezkuntzaren arduradunak egunotan Euskadira egiten ari diren bidaiaren baitan kokatzen da bisita, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin hezkuntza-arloko hainbat gai estrategikori buruzko ikuspegiak eta analisiak trukatzeko helburuz.
Bisita honetan Kataluniako ordezkaritzaren interesgune nagusietako bat Lanbide Heziketa da, hain zuzen ere. Gonzàlez-Cambrayk eta bere taldeak Lanbide Heziketako euskal eredua ezagutzeko interesa agertu dute, hainbat alderditatik begiratuta, hala nola, eredu honek inguruko enpresekin duen harremana, garatzen ari diren berrikuntza eta ikerketa aplikatuko proiektuak, onarpen-prozesua edo Lanbide Heziketa Dualaren eredua, besteak beste.
Bi sailburuekin batera, Tknikara egindako bisitan eta ondorengo bileran parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzatik, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Rikar Lamadrid Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak eta Jon Labaka Tknikako zuzendari exekutiboak. Kataluniako Generalitatearen izenean, Patrícia Gomà Hezkuntzako idazkari nagusia, Nuria Mora Hezkuntza Eraldaketarako idazkaria eta Gemma Espanyol kontseilariaren Kabineteko zuzendaria izan dira, kontseilariarekin batera.
Hasi Zibersegurtasunean eta Biolaborategietara
Tknikako instalazioetan barrena egindako ibilbidean, Kataluniako ordezkaritzak, bertako zuzendari eta arduradunen eskutik, zentro honek lantzen dituen arlo estrategikoetako batzuk eta horietako bakoitzean garatzen ari diren proiektuak ezagutu ahal izan ditu.
Beste zenbait eremu eta arloren artean, lehenik eta behin, espazio interaktibo digitalak bisitatu dituzte, Euskadiko Lanbide Heziketak bizi duen eraldaketa digitalaren adierazle gorena. Bertan, ikasleek mahai eta horma digitalak erabiliz egiten dute lan, elkarlanean eta ikaskuntza aktiboko metodologien bidez; edo Zibersegurtasuneko gelak ere bai, non ikasleak oso denbora gutxian gomendagarria izatetik guztiz ezinbestekoa izatera igaro den arlo horretan trebatzen diren.
Etxe Egokitu Adimenduna, Ikaslab gela edo Robotika Autonomoko tailerrean ere egin dituzte geldialdiak. Lehenengoan (Etxe Egokitu Adimendunean) domotika eta teknologia berriak integratzen dira, etxean pertsonen oinarrizko premiei erantzuna ematera bideratuta. Horretarako, adimen artifiziala eta gailu mugikorrak baliatzen dira, hala nola ahots-laguntzaileak, mahai adimenduna, errealitate areagotuko betaurrekoak edo, are gehiago, zoru sentsorizatua ere bai, etxean gerta daitezkeen erorketak kudeatzeko. Ikaslab ikasgelan, 3D inprimaketari eskainitako gunean, teknologia horren aplikazio berriak garatzen dira. Gaur egun, teknologia horrek aukera ugari eskaintzen ditu merkatuko ia sektore guztietan, eta etorkizuneko industriarako estrategikotzat jotzen da. Bestalde, Robotika Autonomoko tailerrak autonomia handiko aplikazio robotikoetan erabiltzen diren teknologiak ikertzen ditu, ondoren ezagutza hori Lanbide Heziketako irakasleei helarazteko.
Bisita Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloko laborategietan amaitu da: Landarrain laborategia (akuaponia-sistema, akuikultura eta hidroponia uztartzen dituena) eta Bioteknologiako laborategiak.
Tknika, bikaintasun-zentroa
Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa, euskal Lanbide Heziketaren puntarengo aitzindaria da, eta Europako erreferentea – euskal Lanbide Heziketa bezala – Europako Batzordearentzat.
Tknikaren funtsezko ardatza ikerketa eta berrikuntza aplikatua dira, eta egunez egun lan egiten du Euskadiko Lanbide Heziketak Europako abangoardian jarrai dezan. Tknikan, gerora Lanbide Heziketako euskal ikastetxeetara eramango diren proiektu estrategikoak sortu eta garatzen dira, etorkizuneko beharrak identifikatuz –kasu askotan premia horiei aurrea hartuz–, ikasleek kualifikazio-maila handia eskura dezaten, enpresen egungo eta etorkizuneko beharrekin bat etorriz.
Tknikak Lanbide Heziketako ikastetxeetarako eta enpresa-sarerako berrikuntza lantzen du, honako arlo estrategiko hauetan:
-
- Berrikuntza teknologikoa eta sistema adimendunak
-
- Konplexutasunaren kudeaketa
-
- Ikaskuntzak eta etekin handia
-
- Nazioartekotzea
-
- Ingurune estrategikoetan aplikatutako berrikuntza
-
- Biozientziak eta jasangarritasuna
Ikastetxearen eta, hedaduraz, Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusietako bat sarean lan egitea da. Tknikak eta Euskadiko Lanbide Heziketako zentroek lankidetza-sareak eratuta egiten dute lan, Lanbide Heziketako irakasleen inplikazio handiarekin.