2023ko aurrekontu-proiektua aurkeztu da

0

Donostiako udal gobernuak 2023rako aurrekontu-proiektuaren zirriborroa aurkeztu du. Eneko Goia alkatearen iritiz, aurrekontuak izaera hedakorra du, inbertsio maila handia eta donostiarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan hobekuntza garrantzitsuak ditu.

Goiak esan du, nahiz eta inguruko ekonomia-datuak positiboak diren, Udalak hainbat erronka dituela aurrean, besteak beste, energia-krisiaren eraginez kostuen igoera, Ukrainiako inbasioa edo aldaketa klimatikoa. Eta horiek guztiek eskatuko dutela funts publikoak zuhurtziaz eta arretaz kudeatzen jarraitzeko.

Ildo beretik, Donostiako alkateak honakoa adierazi du: “Gizarte arloa asko zaintzen duen aurrekontua da, izan ere, gizarte babesa eta sustapenerako aurrekontu-sailak handituko dira. Eta horri esker, gehien behar dutenei laguntza ematen jarraitu ahal izango dugu. Gainera, Udalak hiria garatzen jarraitzeko inbertsio garrantzitsuak egin ahal izago ditu, eta etxebizitza publikoen gaineko politikak aurrera eramaten jarraitzeko aukera emango du, besteak beste, 2023an zehar gauzatuko den Loiolako kuartelen salerosketari esker”.

Donostiako alkate Eneko Goiak, Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok eta Ekonomia garapeneko, enpleguko eta ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak aurrekontu-proiektuaren zirriborroaren arlo nagusienak azaldu dituzte. Aurrekontu-proiektua bihar onartuko da Tokiko Gobernu Batzarran eta, jarraian, xehetasun gehiago emango dituzte Ogasun Batzordean.