Ekarpen berriak telelanarekin lotutako arriskuak kudeatzeko

0

Kataluniako Foment del Treball Nacional patronalak eta Bizitzako eta Laneko Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioak gida bat eta txosten bat argitaratu dituzte, hurrenez hurren, telelangileen laneko arriskuei aurrea hartzeko eta beren enplegu-baldintzen erregulazioa hobetzeko eredu gisa erabiltzeko.

Kataluniako patronalak zabaldutako “Telelanari lotutako lan-arriskuak ebaluatzeko metodologia garatzeko gida” egin da enpresak, langileek eta prebentzio-zerbitzuak  ekosistema berean parte hartzea errazteko, lan-ingurunean dauden arriskuak identifikatzeko eta horiek ezabatzeko edo kontrolatzeko prebentzio-neurriak proposatzeko.

Bestalde, Bizitzako eta Laneko Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioak argitaratutako ‘Telelana EBn: esparru arautzaileak eta gaurkotze berriak’ izeneko txostenak, telelanaren erregulazioa aztertzen du EBko 27 estatu kideetan eta Norvegian. Pandemiak ekarritako araudi-aldaketak identifikatzen ditu (legeria eta hitzarmen kolektiboak), bai eta aztertu ere estatuek zein neurritan heldu dioten beren erronka espezifikoei. Era berean, iradokizunak ematen ditu telelangileen lan osasunaren babesa eta beren lan baldintzak hobetzeko.

Jarduteko metodologia

Foment del Treball Nacional-en gida, mikroenpresetako, ETEetako eta konpainia handietako enpresaburuei, administrazio publikoei, bertako eta kanpoko prebentzio-zerbitzuei, lan-erakundeetako giza baliabideen sailei eta laneko medikuntzako mediku espezialistei zuzenduta dago.

Planteatzen duen jarduera-metodologiak, urrutiko lanaren arloko araudi berriak ezarritako baldintzak betetzen ditu: irailaren 22ko 28/2020 Errege Lege Dekretua eta uztailaren 9ko 10/2021 Legea. Hori guztia, erantzun orekatua emateko enpresen beharrei eta langileek zeregin jakin batzuk betetzeko erabil ditzaketen modu berriei.

Foment-en gidan adierazten da covid-19 agertzeak ekarri duela langileen eta enpresen eskubideak eta betebeharrak betetzeko tresnak definitzeko beharra. Horretarako, beharrezkoa da metodologiak garatzea, arrisku-ebaluazioak eraginkortasunez egitea erraztuko dutenak, horietako asko modu pertsonalizatuan egin behar baitira, lan-eremuetara egokituta egon daitezen.

Ekimenen garapena

Bestalde, Bizitzako eta Laneko Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioaren txostenak urrutiko laneko lan-osasuna babesteko alderdi garrantzitsuak aztertzen ditu. Besteak beste, telelanera heltzeko modua, ordutegien malgutasuna, etengabeko prestasuna, deskonexio digitalerako eskubidea, isolamendu soziala, arriskuen prebentzioa eta langileek  telelana egiten dutenean jasaten dituzten gastuen estaldura.

Txostena oinarritzen da, batez ere, Eurofound-eko Korrespontsal Sarearen ekarpenen azterketan. Horrez gain, informazio osagarria ematen duten dokumentuak ere aztertzen ditu, eta analisia EBko araudiaren testuinguruan kokatzen du.

Txostenak, honako adierazle hauek proposatzen ditu:

–          Lan-modalitate malguak hedatzeak, aldian behingo telelana eta lan higikorra barne, aukerak ematen dizkie enplegu-emaileei eta langileei. Gizarte-elkarrizketa funtsezkoa da erronka berriei irtenbideak aurkitzeko, eta ebaluatzeko Telelanari buruzko 2002ko EBko Esparru Hitzarmenak enpresen eta       langileen beharrak asetzen jarraitzen duen.

–          Telelanari buruzko araudi nazionalen artean puntu komunak dauden arren (legeria eta hitzarmen kolektiboak), desberdintasunak eta hutsuneak ere daude. Horrek agerian uzten du arau partekatuak behar direla EB osoko telelangileak berdin babestu nahi badira.

–          Nahiz eta telelanaren erregulazio nazionalak esparru generikoa ematen duen herrialde gehienetan, hitzarmen kolektiboak eta gizarte-elkarrizketa ere eraginkorrak dira babesa emateko.

–          Datozen urteetan urruneko lanerako iragatea jarraituko du, aldaketa teknologiko eta sozialen eraginez. Ondorioz, legegileek estatu kideetako garapenak kontrolatu beharko dituzte.

Gorantz badoa urruneko langilearen herrialde berean ez dagoen enpresan urrunetik lan egiten dutenen  kopurua, horri lotutako erregulazio-erronkak nabarmenagoak izango dira, eta horiei ekin beharko zaie. Zerga-legeria eta gizarte-segurantza koordinatzeko zenbait arazo konpontzea konplexua izan daitekeen arren, mugaz gaindiko telelana errazteko helburua guztiz bat dator EBk Europako merkatu bakarrari buruz dituen politikekin.