Esparru berria laneko arrisku psikosozialak ebaluatu eta sailkatzeko

0

‘Frontiers in Public Health’ aldizkariak azterlan bat argitaratu du oraintsu eta bertan, arrisku psikosozialak ebaluatzeko dauden prozedurak alderatu eta kalifikatu dira. Duisburg-Esseneko Unibertsitateko eta Dortmundeko Leibniz Ikerketa Zentroko bost adituk ‘Arrisku matrizeak aplikatzea laneko arrisku psikosozialak ebaluatzeko’ izeneko lanean,  arrisku psikosoziala ‘risk matrix approaches’ (RMA) matrizearekin ebaluatzeko eraiki duten esparru teorikoaren berri eman dute.

Azken ekarpen hori oinarritzen da lan osasungarria diseinatzeko teoria psikologikoekin bat datozen kalte-kategoriak garatzean,  eta baita ere, arriskuak prozedura estatistikoen bidez sailkatzean.

RMA arrisku-matrizeak arrisku fisikoko faktoreak ebaluatzeko erabiltzen dira, eta orain arte ez zegoen horrelako espezifiko bat ere arrisku psikosozialetarako. Autoreek diote gaur egun arriskuak ebaluatzeko erabiltzen diren  ikuspegi gehienek “ez dutela arrisku psikosoziala ulertzen arrisku baten probabilitatearen eta bere ondorioen (kaltea) larritasunaren konbinazio gisa”. Gainera, uste dute “ez dutela arriskua erabat ebaluatzen”, edo “ez dutela ebaluazio argia eta ulergarria egiten”.

Urritasun horiek gainditzeko, saiatu ziren  “aurrerapen metodologikoa lortzen arrisku psikosoziala ebaluatzeko, arrisku fisikoen RMA arrisku psikosozialetara egokituz”; izan ere, arrisku fisikoak aztertzeko ikuspegiak “neurri batean bakarrik transferitu daitezke arrisku psikosozialen testuingurura”.

Hori dela eta, azterketaren helburu nagusia izan da “ebaluazio-metodo teorikoki sendoa, enpirikoki frogatua eta erabilgarria garatzen laguntzea arrisku psikosozialak ebaluatzeko”, kontzeptualki hobetuz arrisku fisikoak ebaluatzeko arrakastaz aplikatu diren RMA matrizeak.

Probabilitate-konbinazioa

RMAk beste metodo batzuekin konparatuz duen ustezko abantaila da, arriskua kalkulatzen duela kontrako jazoerak  gertatzeko (arriskuak) eta horiek izan ditzaketen  ondorio negatiboen (kalteak) probabilitateak konbinatuz. Gardentasunaz gain, irudikapen grafiko intuitiboak ematen ditu, eta horiei esker, ebaluazioa ulertu eta arriskuak arintzeko neurriak lehenetsi  daitezke.

Autoreen arabera, azterlanaren ekarpen nagusia da RMA sustatzen duela “arrisku psikosozialen eta kaltearen arteko erlazioa ebaluatzea ahalbidetzen duen esparru gisa, kontuan hartu gabe zer lan-estresaren teoria aplikatzen den edo zer tresna erabiltzen den arriskuak identifikatzeko”. Halaber, azpimarratu dute proposatzen duten arrisku-matrizeak “lagundu dezakeela esparru bat sortzen etorkizuneko ikerketa enpirikoetarako, eta arrisku psikosozialak behar bezala ebaluatzeko modua ulertzeko”.

Nahiz eta enpirikoki frogatuta egon  lanaren ezaugarri psikosozial jakin batzuek, hala nola gizarte-laguntza urriak edo lan-eskaera handiek, langileen osasun mentalean eta fisikoan eragina izan dezaketela, autoreek diote arrisku psikosozialak ebaluatzeko modua  “eztabaidagai izaten jarraitzen duela eta, orain arte, arrisku horiek ez direla behar beste ebaluatu”.