Komunikazio zientifikoan genero-ikuspegia nola hobetu daitekeen aztertuko du Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldiak

0
Komunikazio zientifikoan genero-ikuspegia lantzeko eta hobetzeko helburuarekin “Generoa eta zientziaren komunikazioa” jardunaldia egingo du otsailaren 9an Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak.

Gaur goizean Bizkaia Aretoan egindako aurkezpenean Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak azpimarratu duen bezala, «unibertsitateak  neska gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatu nahi ditu, baina askatasunak dauden hauta edo aukera guztiak aldez aurretik ezagutzea eskatzen du. Iritzia, ez aurreiritzia: iritzi onak aurreiritzia gainditzea eskatzen du, eta zeregin horretan gure unibertsitatea tinko ari da lanean».

Zientziaren Arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna dela eta, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak zientzia arloan dauden estereotipo, isuri kognitibo eta emakume eta gizonen artean ematen den aukera desparekotasuna agerian uzteko kanpainak egin ditu azken bost urteetan. «Lan horretan jauzi kualitatiboa egiteko unea da eta arazo horren aurrean izaera praktikoa duen tresna martxan jarri nahi dugu», adierazi du Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak. Bere ustez, arazoa ez delako bakarrik lengoaia sexista erabiltzea. Arazoaren parte ere bada zein den ikerketa-gaia eta zein ikuspegitik egiten den.

Jardunaldian ateratako ondorioekin Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak irizpidez osatutako lan-tresna osatuko du, komunikazio zientifikoan genero-ikuspegia landu eta hobetzeko hainbat aholkurekin.

Jardunaldian hainbat profiletako 21 hizlarik hartuko dute parte. Horien artean, nazioartean ezaguna den Angela Saini bezalako kazetaria, Capitolina Díez Martínez Espainiako Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteko presidentea, Ramon Flecha Garcia Soziologiako Katedradun emeritua Bartzelonako Unibertsitatean edo hainbat ikertzaile eta komunikazio arloko adituak.

Horien artean Eva Caballero Radio Euskadiko “La Mecanica del Caracol” saioko zuzendaria ere izango da. Aurkezpenean azpimarratu duen bezala «UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrari babesa emateak emakumeak zientzian duen zeregina agerian uztea eta bultzatzea du helburu eta EITBren #Ekin ekimenaren barruan kokatzen da. Ekimen horren helburua da euskal gizartea kezkatzen duten kausa sozialei arreta ematea eta horietan inplikatzea eta herritar guztiak ekintzara deitzea, gizartean eraldatzeko eta aurrera egiteko».

Jardunaldia otsailaren 9an egingo da Bilboko Iberdrola Dorrean. Ekimenak EITBren eta Iberdrolaren laguntza du. Informazio guztia www.generoycomunicación.com web orrialdean dago ikusgai.