Eusko Jaurlaritzak, 4,79 milioi euroren bidez, hirugarren sektorearen ekintzak sustatu ditu pertsona eta familiekin gizarte-arloan esku hartzeko eremuan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, 4,79 milioi euroko partida onartu du, hirugarren sektoreak, 2023an, gizartean esku hartzeko eremuan egingo dituen jarduerak sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzak eremu horretan eskaintzen dituen pizgarri ekonomikoak abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuak arautzen ditu, eta haien xedea da hirugarren sektoreko erakundeek pertsona ororen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzeko eta babesteko egiten dituzten jarduerak finantzatzen laguntzea.

Gizarte-zerbitzuez gainera, ekintza-mota horiek gizarte-inklusioaren eremuan, familiaren babesaren eta haur eta nerabeentzako arretaren eta babesaren eremuan kokatzen dira. Era berean, etorkinen integraziora eta, oro har, kulturartekotasunera, adinekoen, mendekotasun-egoeran daudenen eta desgaitasunen bat dutenen arreta eta babesera eta askatasun eta aniztasun afektibo-sexualera bideratzen dira.

Dirulaguntzen lehen lerroak gizartean esku hartzeko jarduerak aurreikusten ditu pertsona, familia eta erkidegoekin; alegia, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatzeko eta babesteko jarduerak, nagusiki esperimentazio- edo berrikuntza-osagai bat dutena. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, dirulaguntzen lerro horretara, 3.743.480 euro bideratuko ditu, 2023an.

Era berean, bigarren lerroa gizartean esku hartzeko ekintza boluntarioa eta elkarteen parte-hartzea sendotzeko jarduerak diruz laguntzera bideratuko da. Atal horren barruan, ekintza boluntarioa areagotzeko, gizartean esku hartzeko eremuan elkartze-partaidetza garatzeko eta, bereziki, nagusiki eremu autonomikokoak diren erakunde, sare edo federazioak eraikitzeko eta hobetzeko jardueretarako finantzaketa jaso ahalko dute, gizartean esku hartzeko erakundeen bidez. Kapitulu honek 599.000 euroko zuzkidura du.

Azkenik, dirulaguntzen hirugarren lerro bat gizartean esku hartzeko ezagutza kudeatzeko jarduerak sustatzera bideratzen da. Lerro horrek 450.000 euroko zuzkidura du, eta, hartan, gizartean esku hartzeko ezagutza baliagarria ekoizteko eta eskuratzeko jarduerak oinarritzen dira, hala nola: prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak prestatu eta zabaltzeko lana, ikastaroak eta mintegiak.

Laguntzak datorren urtarrilaren 26tik aurrera eskatu ahalko dira.