Euskadik abangoardian jarraitzen du organo eta ehunen ematean eta transplantean

0

Mende-hasieratik emaileen tasari milioi bat biztanleko 40 pertsonatik gora eusten dion herrialde bakarra da; azken hamarkadan, batez beste, 55,4ko tasa izan du

2022an, Euskadiko 265 herritar transplantatu zituzten Euskadin edo itundutako autonomia-erkidegoetan; alegia, milioi bat biztanleko 120 pertsonako tasa

Euskadik, 2022an, milioi bat biztanleko 56,1 organo- eta ehun-emaileren tasa izan zuen; alegia, Euskadi, organo- eta ehun-emaileen nazioarteko elitean dago.

Bilakaera aztertzean ikusten da Euskadi dela urteko batez besteko tasa, 2000. urtetik, milioi bat biztanleko 40 emailetik (OMEk egokitzat jotzen duen zifra) gorakoa duen herrialde bakarra; azken hamarkadan, milioi bat biztanleko 55,4 emaile izan ditu, batez beste.

2022an, emaileen heriotzen % 54,3 istripu zerebrobaskularraren ondorio izan da eta % 11,3, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (% 3,2 trafiko-istripuagatik).

2022an, transplanteen jarduerari dagokionez, Euskadiko 265 herritarrek, guztira, organoen transplantea izan zuten Euskadin edo Euskadirekin hitzarmena duten beste autonomia-erkidego batzuetan; alegia, milioi bat biztanleko, 120 pertsonak. Horrek esan nahi du azken hamarkadan transplanteak 2.581 izan direla: 1.567 giltzurrunetakoak, 742 gibelekoak, 131 kardiakoak eta 141 biriketakoak, eta emaitzak Europako zentro esperimentatuenen antzekoak edo hobeak izan dira. Euskadin paziente transplantatuen tasa urtean milioi bat biztanleko 117 pertsonatik gorakoa izan da azken hamarkadan.

2022an, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Estatuaren iparraldeko giltzurruneko transplante pediatrikoaren erreferentzia-zentroak, lau transplante egin zituen. Urte horretan bertan, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak, hezur-muineko transplantearen erreferentzia-zentroak, 67 transplante alogeniko (ahaidetuak eta ez-ahaidetuak) egin zituen; alegia, milioi bat biztanleko 30,5ekoa izan zen tasa. Bestalde, ehunen –korneak, ehun osteotendinosoa, azala…– 172 emate jaso zituen Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak, haiek prozesatu, babestu eta transplanterako banatzeko.

Datu horiek ikusita, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak eskerrak eman dizkio profesionalen taldeari (bai osasun-eremukoei –ospitalekoak eta lehen mailako arretakoak– bai osasun-eremutik kanpokoei –epailetza, mediku forentseak, organoak garraiatzeko eta sanitarioak lekualdatzeko taldeak, epaitegi eta aireportuetako pertsonala, SOS-DEIAK, Ertzaintza…–); izan ere, programa hau babesten dute eta, haiek gabe, ez zatekeen posible izango emaitza horiek lortzea. Era berean, Euskadiko gizarteak, oro har, eta, bereziki, emaileen familiek eman duten elkartasun- eta eskuzabaltasun-ikasbidea nabarmendu du, 10 kasutatik 9tan ematearen inguruko erantzuna aldekoa izan baita. Modu berean, gizarte-kontzientziazioaren eremuan gaixoen elkarteek egin duten lana goraipatu du, gakoa izan baita, era berean, lorpen horiek azaltzeko