Donejakue bideko erromesek 18 tona bilgarri utzi dituzte, aurtengo udan, Euskadiko aterpetxeetako zaborrontzietan

0
  • Guztira, 4.683 kg hondakin utzi dituzte edukiontzi horian (plastikozko bilgarriak, latak eta brikak) eta 13.112 kg edukiontzi urdinean (paperezko eta kartoizko bilgarriak), ekainaren eta irailaren artean, Euskadiko tarteetan
  • Edizio honetan lehen aldiz parte hartu duen Euskadiko ekoaterpetxeen kopuruak gora egin du eta 42 izan dira, eta, guztira, PET birziklatuz fabrikatutako 4.600 poltsa berrerabilgarri banatu dira, ingurumenean zabaldutako zaborraren aurka borrokatzeko
  • Camino del Reciclaje proiektuaren helburua da, sortu zenetik, Xacobeo urte hau historian ingurumenarekin eta birziklapenarekin izan den konprometituena izatea

Jakina da Donejakue bidea zein erakargarria den eta nolako turismo- eta historia-izaera duen. Hala, bada, munduko zoko guztietako erromesak biltzen dira, urtero, ibilbide hori egiteko. Bidea Santiago de Compostelako katedral enblematikoan amaitzen da. Hori dela eta, ibilbide honetan, herrialdeko natura-paraje erakargarrienetako bat bilakatu dela kontuan hartuta, zenbait proiektu sustatzeko beharra dago, hala nola “Camino del Reciclaje” proiektua, Bidea arduraz zaintzeko eta ingurumenean sortzen den zaborraren aurka borrokatzeko konpromisoa sustatzeko.

Hori dela eta, Ecoembesek, ontzien birziklapena koordinatzen duen irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundeak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, “Camino del Reciclaje” proiektuaren edizio berri bat jarri zuen abian. Proiektuaren helburua da, batetik, erromesak kontzientziatzea zein garrantzitsua den apostoluaren ibilbidea ingurumenean zabaldutako zaborrik gabe zaintzea, eta, bestetik, Xacobeo urte hau historian ingurumenarekin izan den urterik konprometituena izatea.

Hori horrela, eta ekoerromesen lan goraipagarriari esker, 18 tona bilgarri utzi ziren Euskadiko aterpetxeetan bakarrik, udako sasoian (ekainetik irailera); erkidegoa aurten atxiki zaio proiektuari. Zehazki, 4.683 kg hondakin utzi dituzte edukiontzi horian (plastikozko bilgarriak, latak eta brikak) eta 13.112 kg edukiontzi urdinean (paperezko eta kartoizko bilgarriak).

Zifra horiez gainera, kanpainan parte hartzen duten gainerako erkidegoenak ere kontuan hartzen baditugu, 276 tona utzi dira, 2021ean baino % 49 gehiago. Zifra horiek areagotzen doaz, parte hartzen duten aterpetxeen kopurua ere handitzen doalako (555 izan dira aurten eta, 2021ean, 358), bai eta bidarien konpromisoa ere are handiagoa delako.

42 ekoaterpetxe Euskadin:

Edizio honetan, proiektuan lehen aldiz parte hartu duten Euskadiko 42 ekoaterpetxeek ingurune berezi horri eta ingurumenari nolako maitasuna dieten erakutsi dute, bidariekin egin duten kontzientziazio-lan sakonaren bidez.

Dagoeneko, 555 ekoaterpetxe dira, Euskadikoaz gainera (berria aurten), Gaztela eta Leongoak, Asturiasekoak, Kantabriakoak, Errioxakoak, Nafarroakoak eta Galiziakoak kontuan hartzen baditugu. Aurten, hazten jarraitu dugu, etengabe, eta, hala, Kostako Portugalgo Bideko ostatuetara ere iritsi gara, Galizian; beraz, dagoeneko, zazpi Bidetara iritsi gara (Frantsesa, Ingelesa, Iparraldekoa, Primitiboa, Portugalgoa, Kostako Portugalgoa eta Liebanakoa).

Lan hori sustatzeko, Euskadin parte hartzen duten ekoaterpetxeen artean, PET birziklatuarekin fabrikatutako 4.600 poltsa banatu dira, guztira; tresna horrek lagundu du ekoerromesak ingurumenean zabaldutako zaborraren aurka borroka daitezen eta, hala, sortutako edo ibilbidean zehar aurkitutako hondakinak batu ahal izan dituzte eta ekoaterpetxeetan dauden edukiontzi hori eta urdinetan utzi.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak honako hau nabarmendu du: “kutsadura eta hondakinen sorkuntza murrizteko modurik eraginkorrenetako bat ingurumen-kontzientzia eragiten duten ekintzak baliatzea da». Barredok azpimarratu duenez, “lankidetza publiko-pribatuaren bidez eta gizartea sentsibilizatuz eta informatuz, hobeto ulertzen dugu gure bizitza- eta kontsumo-ohiturak aldatzeko beharra; hala, gure eguneroko jarduketak aldatuko ditugu eta hondakinen birziklapenerako bide emango dugu, eta, guztion artean, gure planeta salbatzeko helburua beteko dugu».

“Oso pozgarria da atzera begiratu eta proiektu hau 2015ean sortu zenetik lortu dugun guztia ikustea. Pixkanaka hasi ginen, “bidea” eginez, harik eta, 7 erkidegotan, 550 aterpetxe baino gehiagotara iritsi arte. Eta, egia esan, oso harro gaude elkarrekin lortu dugun guztiarekin. Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eta ostatu-emaile eta ekoerromesena funtsezkoa izan da ingurumenean zabaldutako zaborrik gabeko eta birziklapenarekin kontzientziatuta dagoen bidea lortzeko”, esan du Carolina Martínek, Ecoembesen Camino del Reciclaje proiektuko arduradunak. “Zalantzarik gabe, Xacobeo urte hau amaitzeko, honako hau gogorarazi nahi dugu: oso garrantzitsua da Bideak berak uztea gugan aztarna eta ez guk Bidean”, esan du.

Eskerrak Euskadiko ekoaterpetxeei

“El Camino del Reciclaje” proiektuaren edizio honetan, lehen aldiz hartu dute parte Euskadiko 42 ekoaterpetxek; aterpetxe horiek bidearen zenbait etapatan daude, eta erromesei Donejakue bidea zaintzeak eta ibilbide honetan ingurumenean zabaldutako zaborraren aurka borrokatzeak nolako garrantzia duen ulertzen lagundu diete.

Zifra on horiek lortzeko, poltsa berrerabilgarriak banatzeaz gainera, ekoaterpetxeek ekipamendu egokia izan dute eta, horretarako, batez beste, birziklapenerako bi eta lau puntu hori eta urdin bitartean izan dituzte. Era berean, ekoaterpetxeei material didaktikoa eman zaie, besteak beste: informazio-kartelak eta aterpetxerako identifikazio-zigilu bat, kanpainaren laguntzaile direla egiaztatzeko.