Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak 14.411 pertsonari eman die arreta, 2022an

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak jarduera areagotu du 2022. urtean: guztira, 14.411 pertsonari eman die arreta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetan; alegia, % 8 egin du gora arreta kopuruak, 2021arekin alderatuta.

Zerbitzua doakoa da, eta autonomia-erkidegoan bizi den eta familia-gatazka bat eremu judizialetik kanpo konpondu nahi duen edozein familiak eskura dezake; 26 urte daramatza aktibo eta, urterik urtera, eskaria gero eta handiagoa da.

  1. urte osoan, 2.219 espedienteri eman zaie arreta –alegia, 2.219 familiari–; hau da, % 6 egin du gora, 2021arekin alderatuta (2.093 espediente). Haietatik, 745 bitartekaritza aurrekoei dagozkie; 978, bitartekaritzei, eta 496, segimenduei.

Lurraldeen arabera, Bizkaian –espedienteen % 56 baino gehiago dagozkio–, arreta jaso duten kasuen kopuruak % 10 egin du gora; Araban –espedienteen % 20–, % 5,5 egin du gora, eta Gipuzkoan –kasuen % 24–, % 7.

Irune Muguruza Familia eta Haurren zuzendariaren hitzen arabera, “datuek erakusten dute eskaria etengabe ari dela areagotzen Familia Bitartekaritzako Zerbitzuan hiru lurraldeetan; hori dela eta, 2022an, taldea sendotu eta aurrekontua handitu da; urtean 840.000 eurokoa da”.

“Zerbitzuarekin hastean, lehendabizi, aurrez aurreko hitzordua izaten da; hura telefono edo posta elektronikoaren bidez eska daiteke. Hartan, taldeak prozedura azaltzen du eta, pertsonak interesa duela adieraziz gero, bitartekaritza aurreko fasearekin hasten da; fase hori tartean diren aldeei bitartekaritza-prozesua azaltzean datza, bitartekaritzarekin hasten diren ala ez erabaki dezaten. Erabaki hori berresteko, konpromiso-dokumentu bat sinatu behar dute”, esan du Muguruzak. 2022an, bitartekaritza aurreko 745 esku-hartze egin ziren.

Konpromisoa sinatu ondoren, bitartekaritza-prozesua hasten da; hartan, gatazkan dauden familiak edo bikoteak bitartekariarekin batzen dira zenbait saiotan. Saio horietan, haien ikuspuntuak lantzen dituzte, eta beste aldearen ikuspuntuaren aurrez aurre jartzen dituzte, bitartekaritzara eraman dituen arazoari irtenbidea aurkitzen saiatzeko.

Zerbitzuaren helburua da aldeen arteko akordio bat lortzea eta, hartan, alde bakoitzak arazoa konpontzeko zer ekarpen egingo duen ezartzea. 2022an, bitartekaritza-taldeak 978 bitartekaritza-espedientetan esku hartu zuen, eta, haietatik, % 82,1ek akordioetara iristea lortu zuten. % 16,6k, berriz, bitartekaritzarekin amaitzea erabaki zuten eta, kasuen % 1,3an, bitartekaritza bideraezina izan zen.

Zerbitzuaren barruan sartzen da aldeek sinatutako akordioaren segimendua egiteko lana; lan hori akordioa sinatu eta urtebetera egin ohi da. 2022an, 496 akordioren segimendua egin zen.

Muguruzaren iritziz, beharrezkoa da “denbora bat igarota akordioak duen betetze- edo bideragarritasun-maila berrikustea. Aldeek erabakitzen badute hartu zuten akordioa zaharkituta geratu dela edo haien beharrekin bat ez datorrela, aldatzea hitzartu dezakete eta, gainera, beste bitartekaritza-prozesu bat ere eska dezakete, gatazkaren egoera berrikusi eta errealitatera hobeto egokitzen den beste akordio mota bat bilatzeko».

Gatazka-motak

2022an FBZra jo duten familien % 85,5ek haustura-egoeraren ondoriozko gatazkak planteatu dituzte, eta gainerako % 14,5ek (ehuneko hori gero eta handiagoa da, urterik urtera) beste familia-gatazka batzuk zituzten (neba-arreben arteko desadostasunak, belaunaldien arteko gatazkak, etab.). Arreta jaso duten familien artean, haietako askok seme-alabak izan dituzte kargura.

Tolosa

2021ean, zerbitzuaren egoitza berria ireki zen Tolosan, Tolosaldeko herritarrei sarbidea errazteko. 2022an eskuratutako datuen bidez (48 espediente) egiaztatu da familia-bitartekaritzara jo duen pertsona kopurua pixkanaka areagotzen doala; bikoiztu egin da landutako espediente kopurua, aurreko urtearekin alderatuta.

Analisia generoaren arabera

Zerbitzura, nagusiki, emakumeak hurbiltzen dira (% 68,2), eta, bitartekaritza aurrekoetan ere, emakumeen presentzia handiagoa da (% 59,95). Bitartekaritza-prozesuetan, berriz, emakumeen presentziaren ehunekoa (% 51,4) gizonen ehunekoarekin parekatzen ari da.

Nazioarteko esperientzia

  1. urtean, esperientzia berri bat izan da: nazioarteko eta erakundeko lankidetza izan da abian Entre Ríos Probintziako Bitartekaritza Zentro Judizialarekin (Argentina), bi alderen arteko familia-bitartekaritza partekatuarekin hasteko; haietako bat Entre Ríos probintziako bizilaguna izan da eta bestea, Donostia / San Sebastiánekoa.

 Egoitzak

Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak –FBZ– hiru lurralde historikoetako hiriburuetan ematen du arreta: Vitoria-Gasteizen –Santa Olaja de Acero karrika 1–, Donostian –Larramendi karrika 1– eta Bilbon –Santutxu, 69–. 2021etik, astean behin Tolosan ere ematen du arreta –Gorosabel eraikina–.

FBZk, diziplina anitzeko taldeak ditu, eta haiek hezitzaileek edo gizarte-langileek, abokatuek eta psikologoek eratzen dituzte, lurralde historiko bakoitzean.

Eusko Jaurlaritzaren FBZren esperientzia erreferentea da Estatuan; izan ere, horrelako ezaugarri dituen sarbide zuzeneko eta unibertsaleko zerbitzu publiko bakarra da, familia-harremanak judizializatzea saihesteko duen garrantziarekin, protagonistek adostutako akordio bat lor baitezakete prozedura judizialaren aurretik edo, are gehiago, fase post judizial batean.