Orconerako erdiko pabiloiko lanak martxoan hasiko dira

0
  • Barakaldoko Udalak gaur onartu du Orconera osatzen duten bi eraikinak lotuko dituen pabilioiaren obra-lizentzia.
  • Eusko Jaurlaritzak 3,1 milioi euroan esleitu ditu obrak

Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Barakaldoko alkate Amaia del Campo, Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpururekin batera, Orconerako eraikinak bisitatu dituzte, Lutxana-Barakaldon. Gaur egun Orconera osotzen duten bi eraikinek Orconera-Lutxana Bilduma jasotzen dute, Euskadiko Industria Ondare Higigarriaren Zentroak Eusko Jaurlaritzaren mendeko kultura-erakunde iraunkor eta ireki bat izan nahi du, komunitatearen interes orokorrera bideratuta egongo dena. Bere helburua da Euskadin industriaren eboluzioa nolakoa izan den erakustea, aldaketa teknologiko eta fabrikei esker gauzatutako garapen ekonomikoa.

Gaur egun, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bi pabiloi ditu egokituta Orconeran: hego pabilioiak biltegi bisitagarria jasotzen du; ipar pabilioia, berriz, bildumaren gordailua da.  Bi pabilioi hauek tren mantentze lanak egiten zituen Orconera Iron Ore Company LTD enpresako eraikinak izan ziren. Hemendik aurrera, pabiloi berri bat eraikitzea da asmoa, bi espazioen arteko lotura gisa.

Andoni Iturbek eta Amaia del Campok 32 metroko zabalera duen lursaila bisitatu dute. Bertan eraikiko dira elkarrekin lotuta egongo diren beste bi pabilioi. Barrutik espazio irekiak izango dira, ondare industrialeko piezak erakusteko aukera desberdinak eskainiko dituenak. Bi solairutan erakusketarako, administrazio lanetarako, bisitarientzako eta biltegirako espazioak izango dituzte.

Barakaldoko Udalak pabiloi nagusiaren obra lizentzia onartu du gaur. Gainera, Eusko Jaurlaritzak obrak egiteko kontratua esleitu du aste honetan, 3.143.000 euroan. Lanak martxoan hastea eta 2024ko lehen seihilekoan amaitzea aurreikusten da. Behin obrak bukatuta horrela geratuko da Orconerako espazioa:

 

Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko jardun-eremu bezala, ZAP eremu bezala ezagutzen direnak, ezarrita dauka Ezkerraldea eta bertako proiektuetako bat ere bada Orconera. Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak Ezkerraldean horrelako proiektu bat bultzatzearen garrantzia azpimarratu du: “Orconerak erreferente izan nahi du Euskadin industria-ondareari lotutako elementuen arloan, baina, aldi berean, beste politika batzuekin lankidetzan aritu nahi du eskualdearen eta lurraldearen garapen sozioekonomikoan. Planteamendu hori indartu egingo da Sestaoko Labe Garaian egindako jarduketekin edo itsasadarrean burdinazko zamaleku zaharrak babestu eta balioztatzearekin”. Era berean, Iturbek eskerrak eman dizkio Barakaldoko Udalari emandako laguntzagatik, eta eskerrak eman dizkio Lutxana auzoari egindako harrera onagatik.

Del Campo alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du, “Lutxana auzoarekin hartu genuen konpromiso berri bat betetzen dugulako”. “Lutxana oso auzo aktiboa da, bizitza kultural eta sozial handia duena. Horregatik nahi dugu espazio hau, gure iragan industrialaren ezaugarri izateaz gain, Lutxanako herritarrentzat ere erreferentea izatea. Topaleku berri bat eta jarduera gune bat. Espazio bizia izatea nahi dugu”, ziurtatu du Del Campok.

 Bilduma

Gaur egun Orconera-Lutxana Bilduma 1.800 objektu inguruk osatzen dute, eta materialak askotarikoak dira, gehienak XX. mendekoak, eta ia Euskadiko industria sektore guztiak daude ordezkatuta: arte grafikoak, meatze-industria, energia, metalurgia, makina-erreminta, elikadura, ontzigintza… Pieza horietako asko, sektore ezberdinetako adierazgarrienak, hegoaldeko pabiloian daude bisitagarri 2022ko ekainetik. Gainontzekoak Konsoni Lantegian egon dira orain arte, Zorrotzaurren, baina orain dela gutxi bukatu dira ipar pabilioira eramateko lanak eta dagoeneko bertan daude gordeta gainontzeko piezak.

Bildumaren gordailua den ipar-pabilioian Bizkaiko Labe Garaietako edo Babcock & Wilcox-eko elementu ugariez gain, beste industria askoren historia biltzen duten piezak daude, besteak beste: Patricio Echeverriaren Bellota markako hainbat lanabes (segak, aitzurrak edota mailuak); Elexpuru Argitaletxeko eta Alfredo Ortega inprentako pieza desberdinak; idazteko makinak konpontzen zituen Isusi tailerra; Conservas Astorquiza-ko lata-itxigailua; eta zinema-proiektagailu bat.