- Balenciaga enpresako zuzendari artistiko gisa lan egin zuen Lorenzo Riva diseinatzaile italiarraren bilduma pribatu bat da
- Egindako azterketen arabera, 1.500 dokumentu baino gehiagok Cristóbal Balenciagaren eskuari zuzenean egotz dakizkiokeen oharrak edo marrazkiak dituzte
- Dokumentazioa jada Euskadiko Artxibo Historikoan dago eta, aurrerago, Getariako Cristobal Balenciaga Museora eramango da
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Parisko Balenciaga Etxearekin lotutako 40ko hamarkadatik 60ko hamarkadara doan dokumentu-funts bat —Sailak duela gutxi eskuratu duena— aurkeztu du gaur Euskadiko Artxibo Historikoan. Aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Getariako Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesek hartu dute parte.
Funtsak 8.362 dokumentu ditu guztira, gehienak 13x21cm-koak eta egoera onean daudenak. Honela sailkatzen dira:
- Bildumako lan-bozetoak. Bertan modeloak, osagarriak, ehunak, atelier arduraduna eta bestelako informazio osagarria zehazten dira.Bozeto horietatik 1.000 baino gehiagok ehun-laginak dituzte, gehienak 60ko hamarkadakoak.
- Aurretiko ideien bozetoak, gehienak 50eko hamarkadakoak, Balenciagak garai horretan hasitako lerro enblematikoenetako batzuen saiakuntza eta zirriborroekin.
- Aurkezpenetarako bozetoak, data eta leku zehatzak adierazten dituztenak, eta hauek ere 50eko hamarkadakoak. Banakako modeloak eta aurkezpen kolektiboak erakusten dira bertan.
- Antzerkirako figurinak, 40ko hamarkadaren erdialdekoak.
- Kapelagintzari eta osagarriei buruzko bozetoak.
- Lan-aginduak eta eskuz idatzitako hainbat dokumentu.
- Beste marrazki eta dokumentu pertsonal batzuk.
Bozeto bat bera ere ez dago egiletza norena den zehazteko moduan sinatuta, baina egindako azterketen arabera, bildumaren % 18an Cristóbal Balenciagak eskuz egindako oharrak eta marrazkiak aurki daitezke; horiek, kasuen % 60an, atelierreko bozetoetan agertzen dira. Gainerakoak oraindik identifikatu gabe dauden figuringile eta kolaboratzaile batzuek eginak dira.
Artxibo hori da horrelako tamaina eta garrantzia duen ezagutzen den bakarra. Munduko beste museo bakar batek ere ez du gordetzen mota horretako Balenciagaren dokumentu-funts espezifikorik, eta gaur egungo Balenciaga enpresak bakarrik du funts handiagoa, baina publikoak oro har ezin du bertako artxiboetan sartu.
Bai Zupiria sailburuak bai Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesek bildumaren balio dokumental eta ondarezkoa nabarmendu dute. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak honako hau azpimarratu du: “erosketa horrek Euskadiko dokumentu-ondarea aberasten du. Dokumentu-funts honek Getariako jostunaren lan egiteko modua eta joskintza-tailerretako lan-prozesua ulertzen lagunduko digu, XX. mendearen erdialdeko gizartearen zati baten testigantza izateaz gain”.
Miren Vivesen iritziz bozeto-bilduma “hau bultzada handia da Museoaren funts dokumentalentzat. Erosketa honekin, Cristóbal Balenciaga Museoari lotutako dokumentu-ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartzen da”.
Gainera, Zupiriak gogorarazi duen bezala, “esku publikoetan egongo den mota honetako Balenciagaren lehen bilduma izango da. Gainerakoak esku pribatuetan daude, zehazki, Balenciaga Paris markaren esku; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura-ondarea osatzeko”. Miren Vivesek ere honako hau azpimarratu nahi izan du: “ekarpen horietatik ere ikerketa-ildo garrantzitsuak ireki daitezke eta, beraz, ezagutza berriak eskura daitezke Cristobal Balenciagaren sormen-prozesuari buruz”.
Zirriborroak Euskadiko Artxibo Historikoan daude jada. Artxiboak, besteak beste, denboran zehar euskaldunek modu kolektiboan edo banaka sortutako era guztietako dokumentuak jasotzeko eginkizuna du. Gainera, haren ardura da dokumentazioa biltzea, antolatzea eta kontserbatzea, errazago kontsultatu ahal izateko. Aurrerago, artxibo dokumental hau Getariako Cristóbal Balenciaga Museora pasatuko da. Museoa Cristóbal Balenciaga jostunaren figura aztertzeko erreferentziazko zentroa da, eta haren figuraren eta obraren garrantzia sustatzea, zabaltzea eta indartzea du helburu nagusi, bai modaren eta goi-mailako jantzigintzaren munduan, bai arte-sorkuntzaren esparruan, oro har.
Euskadiko Artxibo Historikoak, Cristobal Balenciaga Museoarekin lankidetzan, funtsaren gainean egingo dituen hurrengo urratsak museoaren prebentziozko kontserbazioarekin eta inbentarioa egitearekin lotuta daude.
Horretarako, material guztia digitalizatu egin beharko da —etorkizunean zuzenean manipulatzeko beharrik gabe ikertu ahal izango dela bermatuz—, eta papera kontserbatzeko euskarri egokietan gorde beharko da. Gainera, funtsa behin-behinean siglatuko da, eta hura aztertzeko eta katalogatzeko lanei ekingo zaie.
Aldi berean, aurreikusita dago funtsaren lagin bat ezagutzera ematea Cristobal Balenciaga Museoan udaberri honetan.
Bildumaren jatorria
Cristóbal Balenciaga Fundazioak Cristóbal Balenciaga moda-diseinatzailearen tailerrean jatorria zuen artxibo dokumental posible baten digitalizazioa, antolaketa eta hedapena hauteman zuen, eta hura aurkitzeko lanean hasi zen. 2021eko abenduan jarri ziren lehen aldiz harremanetan Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrarekin (bildumaren jabea) eta Art Consulting enpresarekin (bildumari zabalkundea emateko ardura zuen enpresa). Riva Balenciaga enpresako zuzendari artistiko gisa aritu zen lanean 1980tik 1982ra bitartean, eta enpresatik ateratzeko —Bogart taldeari enpresa saltzea negoziatzen ari ziren— kalte-ordain ekonomiko bat eta materialetan ordaindutako beste bat negoziatu zituen. Material hori gaur aurkeztutako artxiboa da, hain zuzen ere.
Lorenzo Rivarekin lehen harremana izan ondoren, eta informazioa Cristóbal Balenciaga Fundazioaren Patronatuan aurkeztu eta gero (fundazio horretan Eusko Jaurlaritzak parte hartzen du, kide fundatzaile gisa), dokumentu-artxiboaren azterketa xehatua hasi zen. Bertan, funtsetara hainbat bisita egin ziren, artxiboa in situ berrikusteko eta funtsaren benetakotasuna egiaztatzeko. Prozesu horretan honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
- Balenciaga etxeko langileek Lorenzo Rivari ahoz helarazitakoa, hau enpresan egon zen bitartean.
- Bozetoen euskarri den paperaren tipologia eta ezaugarriak.
- Bozetoak egiteko erabilitako tintak, arkatzak eta akuarelak.
- Bozeto askotan aurkitzen diren ehun-laginak.
- Bilduma osatzen duten bozetoen eta beste artxibo batzuetan kontserbatzen direnen arteko antzekotasun estilistikoak.
- Cristóbal Balenciagaren idazketari buruzko froga kaligrafikoak, egilearen inguruan zalantzarik ez dagoen dokumentuekin erkatuta.
- Zirriborroetan agertzen diren datu historikoak.