Datorren urtarrilaren 28an, memoriaren arloko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru dela, Castuerara (Badajoz) joango da, Urduñako hilerrian bertako espetxean hildako presoen desobiratze-lanen berri emateko memoria historikoen elkarte, senitarteko eta komunikabidei. Urduñako desobiratze lanak bertako Udalarekin elkarlanean egin dira eta ekimena Eusko Jaurlaritzak 2003az geroztik abian duen Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programaren barruan kokatzen da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez.
Orain arte egindako bi indusketa-kanpainetan, 2014 eta 2022an, aipatutako hilerritik ateratako 71 pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko helburuarekin sortu da ekimena. Dokumentazio historikoaren arabera, Urduñako espetxean hildako 225 presoetatik gehienak (127) extremadurarrak ziren, eta Castuerako espetxetik eraman zituzten. Hori dela eta, inguruko senitartekoei eta memoria historikoko elkarteei bertaratzeko dei egin zaie, bi helbururekin:
– Batetik, orain arte gorpuzkiak berreskuratzeko egindako lanen berri emateko, eta,
– Bestetik, gorpuzkiak identifikatzea ekar lezakeen lagin genetikoak hartzeko prozesua senitartekoei zabaltzeko.
Aurkezpena datorren larunbatean, urtarrilak 28, izango da herriko Turroi Museoan (Huertos kalea 46, Castuera, Badajoz) goizeko 11:00etan. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Beatriz Artolazabal sailburuaz gain, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria izango dira. Ekimen hau Extremadurako Juntaren eta Castuerako Udalaren eta laguntzarekin gauzatuko da. Aurkezpenean parte hartuko dute Francisco Pérez Urban, Extremadurako Juntaren Kultura eta Kirol saileko Liburutegi, Artxibo eta Kultura Ondare zuzendariak eta Francisko Martosek, Castuerako alkateak
Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua arduratzen da biktimak identifikatzeko lanak koordinatzeaz. Horretarako, dagoeneko harremanetan jarri da espetxeko biktimen 41 familiarekin, eta bideratu du haiekin DNA lagina hartzeko prozedura. Hauetako familia batzuk bilerara joango direla baieztatu dute, baita inguruko memoria historikoaren zenbait elkartek ere. Elkarte horiek elkarlanean ari dira modu aktiboan, dei hori biktimen familiei helarazteko.
Memoriaren Institutuaren ahaleginak gorpuzkiak identifikatzeko prozesuan zentratzen dira. Horretarako, ezinbestekoa da hildakoen ondorengoen artean hobitik ateratako gorpuzkiaren DNArekin alderagarria den DNA lagina emango duen pertsona aurkitzea. Hil zirenetik igarotako denborak, ahaidetasun-mailak eta hezur-hondakinetatik atera daitekeen DNAren kalitateak, neurri handi batean, identifikazio genetikora iritsi ahal izatea baldintzatzen du.
Horregatik, Gogora Institutuak dei egiten die Urduñako espetxean hildako presoen senideei harremanetan jar daitezen, bai aurkezpenera joateko, bai identifikazio-prozesuari buruzko informazioa jasotzeko.
Deitu edo idatzi:
944 032 845 | gogora.idazkaritza2 @euskadi.eus
Hildakoen zifrak
1937 eta 1941 artean 225 pertsona hil ziren Urduñako espetxean. Horietatik:
– 127 Extremadurakoak ziren (125 Badajozkoak eta 2 Caceresekoak)
– 41 Gaztela-Mantxakoak (34 Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak)
– Malagako 22
– 7 Tarragonakoak
Gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak ziren, eta Urduñako espetxera eramaten zituzten, jatorrizko lekutik eta familietatik urrunduz. Horietako asko Urduñara iritsi ziren Castuerako (Badajoz) presondegitik, eta Urduñan hil zirenetako 87 espetxe horretatik zetozen. Guztira, 1937 eta 1941 bitartean, gutxienez 1.940 preso iritsi ziren Urduñako espetxera Castuerako espetxetik.
Kontzentrazio-esparrua eta espetxea
1937 eta 1941 artean, Urduñan (Bizkaia), Aita Jesuiten ikastetxean, gerrako presoen kontzentrazio-esparru bat ezarri zen, ondoren, 1939ko urrian, espetxe zentral bat izatera pasatu zena. Urte horietan, 255 pertsona hil ziren, horietatik 24 kontzentrazio-esparruan. Gatibuetako batzuk esklabu gisa erabili zituzten inguruko eraikuntza-lanak egiteko.
Urduñako kontzentrazio-esparrua 1937ko uztailean hasi zen martxan, matxinatutako bandoak eremu sare bat martxan jarri zuenean, preso hartutako gudari errepublikarrak modu masiboan biltzeko, eta Errepublikaren aldeko erantzukizun-mailaren arabera sailkatzeko erabili zituen. Horietan guztietan arbitrariotasuna eta gizakien azpiko bizi-baldintzak ziren izendatzaile komuna: pilaketa, umiliazioak, gosea, hotza, gaixotasunak eta heriotzak.
Kontzentrazio-esparru horietako gehienak 1939an itxi ziren, batzuk izan ezik, hala nola Urduñakoa (1939-1941), horiek espetxe bihurtu baitziren. Gerra amaituta, Urduña Frankismoko espetxe-politikaren engranajearen parte bihurtu zen, bereziki gerra galdu zutenentzat diseinatua. Presoen profila aldatu egin zen, herrialdetik urrun zeuden lekuetatik zetozelako; hala, ezaguna da Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniako erkidegoetakoak zirela.