Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan, Nazio Batuetako zuzendaritzako langileak Local 2030 Idazkaritzaren Euskadiko egoitzan lan egiten egotea da

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren 2021-2022 aldiko betetze-mailari buruzko txostena eta 2023ko lan-plangintza ezagutu ditu gaur. 2021eko ekainaren 29an onartu zen Programa hau Eusko Jaurlaritzak GJHekiko konpromisoa sailen eta erakundeen artean koordinatzeko eta bultzatzeko duen legealdi-plana da. Lau lehentasun-ardatz ezartzen ditu: (I) Dibulgazio soziala eta herritarren inplikazioa; (II) Koordinazioa eta lankidetzako gobernantza; (III) Lerrokatzea, garapena eta ebaluazioa; eta (IV) Trakzio-konpromisoak eta proiektu adierazgarriak.

2021-2022ko memoria

Txostenaren lehen zatian, 2021-22 memoriak aurreikuspenen betetze-maila handia islatzen du. Aurreikusitako 25 jardueretatik, 18 ehuneko 80-100ean bete dira; eta 7 ehuneko 40-60an. Aurreikusitako jarduera horiez gain, beste 12 jarduera bultzatu dira, hasierako planean sartuta ez zeudenak. Jarduera-multzo hori garatzeak, gainera, beste 12 jarduera osagarri bultzatzea eragin du, hasierako lan-plangintzan sartuta ez zeudenak.

2021eko ekainetik 2022ko abendura arteko balantzean, bi lorpen garrantzitsu nabarmendu behar dira: alde batetik, 2030 Agenda Euskadi Foroa sortzea eta sendotzea. GJHen lankidetzako gobernantza organoa, EAEko erakunde, unibertsitate, kluster, ikerketa-zentro guztien eta gizarte zibilaren partaidetzarekin; eta, bestetik, Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren munduko egoitza Euskadin kokatzea. Gertakari horrek euskal erakundeek egindako ibilbidea aitortzen du, eta etorkizunerako konpromisoa dakar 2030 Agendarekin.

2023ko lan-plangintza

Pandemiaren arrastoak eta Ukrainako inbasioaren ondorio suntsitzaileek mundu osoan eragiten jarraituko dute 2023an. Inflazioak, krisi energetikoak, larrialdi klimatikoak eta haren ondorio guztiek, batez ere sektore ahulenetan, zailtasun globalen parte izaten jarraituko dute.

Nazioarteko konplexutasun horri bi hauteskunde-prozesuk baldintzatutako tokiko testuingurua gehitu behar zaio: maiatzeko udal- eta foru-hauteskundeak, eta hauteskunde orokorrak, ziurrenik, urteko azken hiruhilekoan. Unearen zailtasunak ez dio urgentziarik kentzen GJHak bultzatzen jarraitzeko premiari, ez maila globalean, ez tokikoan. Aitzitik, gehiago lehenesten dira.

2023ko lan-plangintzaren lehen helburua da 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren lau ardatz nagusiak indartzea: dibulgazioa, lankidetzako gobernantza, ebaluazioa eta trakzio-konpromisoak. Ikuspuntu tematikotik eta 2023ra begira, nazioarteko testuinguruak eta EAEko, Estatuko eta Europako errealitateak garrantzi berezia ematen diote, GJHen barruan, trantsizio energetiko-klimatikoari, ekonomiaren deskarbonizazioari eta energia berriztagarrien sustapenari.

Eusko Jaurlaritzak GJHen arloan duen lan-plangintzak, legegintzaldiaren amaierara arte, 34 jarduerari ekitea aurreikusten du. Besteak beste, honako hauek nabarmendu daitezke:

  • Urtarrilean bertan, GJHen jarraipena eta ebaluazioa egiteko 50 adierazle aurkeztuko dira, hiru erakunde-mailek partekatuta.
  • GJHen ikuspegia aurrekontu publikoen lanketan eta kudeaketan pixkanaka txertatzeko bultzada bateratua, 2024ko aurrekontuetatik abiatuta.
  • Ekiola herritarren kooperatiba berriak sustatzea energia berriztagarriei dagokienez, eta Opengela proiektuko esku-hartzeak proiektatutako bost auzoetara zabaltzea.
  • Bigarren hiruhilekoan, hezkuntza-esparruan aplikatzeko material didaktiko bat aurkeztea, eta 2030 Agendari buruzko graduondoko bat sustatzea hiru unibertsitateekin.
  • Zinemaldiarekin lankidetza eta 2030 Agenda Euskadi Basque Country Saria berriz ematea, GJHen jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filmari.
  • Kulturari eta Hizkuntza Aniztasunari buruzko 17+1 GJHa bultzatzea eta 2030 Agendaren eta GJHen egungo erronkei buruzko “Erronkak” argitalpen-bilduma sortzea

Local 2030

Local 2030 Idazkaritzaren egoitza Euskadin kokatzea aparteko mugarria da, eta bultzada horrek arreta eta laguntza handia merezi du Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Local 2030 Idazkaritzaren misioa GJHak mundu osoko eskualdeko eta udal-eremuko erakundeetan lokalizatzea sustatzea da. Estatuz kanpoko gobernuek garrantzi berezia hartzen dute 2030era arte geratzen diren zortzi urteetan. Haien rola funtsezkoa da, tokiko eta eskualdeko gobernuei dagokielako GJHak betetzearekin lotutako eskumenen % 70 betetzea.

Local 2030 Idazkaritza Euskadin kokatzea euskal erakundeek nazioarteko lokalizazioaren eta lankidetzaren arloan egiten dituzten ahaleginak indartzera gonbidatzen duen erantzukizuna da. Horretarako, barrurantz gehiago eta hobeto egitea (lokalizazio-konpromisoa), eta kanporantz gehiago partekatzea eta trukatzea (nazioartekotze-konpromisoa).

Une honetan, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren eta Nazio Batuen arteko administrazio arteko izapideak eta akordioak ixten ari dira, Nazio Batuen Local 2030 Idazkaritzaren bulegoa Bilbon martxan egon dadin datozen hilabeteetan. Une honetan aurreikusten da, 2023ko bigarren hiruhilekoan, Nazio Batuetako zuzendariek Local 2030 Idazkaritzaren Euskadiko egoitzan lan egiten egotea.

Zehazki, GJHen arloko EAEko esperientzia nazioartekotzeko, hiru jarduera-ildo indartu behar dira: bat, nazioarteko foroetan parte-hartzea mantentzea eta areagotzea; bi, GJHen gobernantzan Estatuz kanpoko gobernuek zeregin garrantzitsuagoa izan dezaten sustatzeko proposamena errepikatzea eta azpimarratzea; eta hiru, tokiko eta eskualdeko gobernuen artean edo nazioarteko foro eta sareetan esperientziak eta jardunbide egokiak –hala aldebikoak nola multilateralak– trukaketa proposatzea eta praktikatzea.