Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Ingurumeneko zaindariak” kartel eta bideo lehiaketa antolatu du Nafarroako Ingurumenak

0

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak “Ingurumeneko zaindariak” ingurumen sentsibilizaziorako lehiaketa antolatu du, 2022-2023ko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta.

NAOn argitaratutako deialdi honen oinarrietan xedatuari jarraiki, ekitaldia bi modalitate ezberdinetan banatuta dago: bideoa eta kartelak. Kategoria biek, aurten “¡Toca madera! / Egurra eman!” lelopean, gure basoen kudeaketa jasangarriari buruzko ezagutza hedatu hala nola bere errekurtsoak 2030 Agendaren garapen jasangarrirako helburuekin doituz erabiltzea dute helburu, horrela energia eskuragarri, seguru eta jasangarri bat eskuratu; klima aldaketa eta bere eraginak baretu; hala nola lurzoruen degradazioa gerarazi edota atzekoz aurrera jarri eta biodibertsitatearen galera ekidin ahal izatea bilatuz.

Modalitate bietako lanak aurkezteko epemuga martxoaren 17an beteko da.

Hain zuzen, II. Kartelen Lehiaketa zabalik dago Lehen Hezkuntzako 3., 4. , 5. eta 6. mailako eskola-umeentzat. Lanak originalak eta berriak izan beharko dira, bikoteka eginak. Barne hartu ahal izango dituzte argazkiak, marrazkiak, collage-ak, infografiak, diseinu grafiko ezberdinak edo beste mota batekoak, hala badagokio, aurkezpena PDF formatuan egin behar izanik.

Bestalde, 2016. urtetik ospatu izan den VI. Mikrobideoen Lehiaketa DBHko ikasleria guztiarengana zuzenduta dago, ikasturte akademikoa alde batera utzita. Bideoa originala eta berria izan beharko da, minutu bat baino gutxiagoko iraupenekoa; gainera, jarraian web esparruetan eta sare sozialetan (FLV, MOV, WMV edo beste batzuk) barreiatzeko formatu digital egoki batean aurkeztu beharko da.

Modalitate bietan, ikasleek bere lanen bidez agerian jarri beharko dute baso kudeaketa jasangarri batek dakartzan onurak; horien baitan daude baso biomasa baliatuz (egurra, pikorrak, etab.) egin ohi den energia berriztagarriaren sorrera, ahaztu gabe paperaren lorpena edota egurraren erabilera eraikuntzan eta altzarien fabrikazioan, ekosistemak kontserbazioa zainduz egitea, hala nola mendi-ibiltaritza edota baso-bainuen gisako jarduerek osasunerako dituzten eragin onuragarriak.