- Ondasun higiezinak eraikitzeko edo hobetzeko, makineria edo ekipo berria, euskarri informatikoak, patenteak eta marka kolektiboen erregistroa, bai eta diruz lagun daitezkeen gastuekin lotutako zenbait administrazio-kostu ere
- Programa horren bidez Euskadiko upategiei azken 5 urteetan emandako laguntzak 15 milioi eurotik gorakoak izan dira, eta 51 milioi eurotik gorako gastua eragin dute
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu baten bidez, 2023. urterako dirulaguntzak emateko deialdia egin du, eraldaketa-instalazioetan, mahastizaintzako eta ardogintzako azpiegituretan eta sektore horretan merkaturatzeko egituretan eta tresnetan inbertsio materialak eta ez-materialak finantzatzeko. Helburua enpresen etekin globala hobetzea, merkatuaren eskaeretara egokitzea eta lehiakortasuna handitzea da, eta energia aurrezten, energia-efizientzia globalean eta prozesu jasangarrietan aurrera egiten laguntzea.
Laguntza horien hartzaileak mahastizaintzako eta ardogintzako enpresak, mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen erakundeak, nortasun juridikoa duten bi ekoizleren edo gehiagoren elkarteak eta lanbide arteko erakundeak dira.
NBEUF funtsetatik eratorritako laguntzek aurkeztutako gastuen % 25 eta % 50 artean estaliko dute, kasu bakoitzaren arabera. Aurreko deialdietan, aurkeztutako gastuak 10 milioi euro ingurukoak izan dira; beraz, antzeko kopurua aurreikusten da.
Diruz lagundu daitezkeen kostuak
Honako ekintza hauen kostuak lagundu ahal izango dira diruz:
- Ondasun higiezinak eraikitzea, eskuratzea edo hobetzea,
- Makinaria eta ekipo berriak erostea, produktuaren merkatuko balioraino,
- Aurreikusitako gastuei lotutako administrazio-kostuak.
- Ordenagailuko euskarri logikoak eskuratzea edo garatzea eta patenteak, lizentziak, egile-eskubideak eta marka kolektiboen erregistroa eskuratzea.
Eskabideak
Laguntza horietarako eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztuko dira, 2023ko apirilaren 1a baino lehen.
Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira. Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak biltzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1222902
Aurreko deialdiak
Programa horrekin (lehen MAE inbertsioa deitzen zitzaion eta orain ISV inbertsioa, Europako araudi berriagatik) Euskadiko upategiei azken 5 urteetan emandako laguntzak 15 milioi eurotik gorakoak izan dira, eta 51 milioi eurotik gorako gastua eragin dute.