- Estazioa 1989an jarri zuten abian, eta egungo beharretara egokitutako estazio berria instalatzea eskatzen zuten kalteak zituen
- Gipuzkoako herri horren altitudea dela eta, Berastegiko estazioak, inguru zabal batentzat, haizeari, tenperaturei eta elurrari buruzko datu adierazgarriak eskaintzen ditu
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak eta Amaia Azkue Gipuzkoako Berastegi herriko alkateak bertako estazio meteorologiko berria bisitatu dute. Ekipamenduak 1989an instalatu zen Euskalmeten estazio historikoa ordezkatu du, aspalditik egiturazko kalteak baitzituen. Bi erakundeen arteko elkarlanari esker ekipamendu modernoa jarri ahal izan da abian, eta haizeari, tenperaturei, prezipitazioei, hezetasunari, eguzki-irradiazioari eta beste hainbat alderdiri buruzko datu adierazgarriak emateko ahalmena du.
Berastegiko estazio meteorologikoa Eusko Jaurlaritzak instalatu zuen lehenengo estazio automatikoetako bat izan zen, eta 1989an jarri zen abian. Baina haize handiaren eraginez inguruko zutoin bat erori izanaren eta dorrea arrastatu izanaren ondorioz, Euskalmetek ez konpontzea eta, horren ordez, ekipamendu eguneratu bat instalatzea baloratu zuen. Horretarako, herriko Udalarekin harremanetan jarri zen kokapen bera estazio berriaren ezaugarriekin koordinatzeko.
Azkenean, Udalak erabaki zuen jatorrizko estazioa hartzen zuen lursaila erostea, eta leku berean jaso da orain azpiegitura berria. Bestalde, Udalak estazio meteorologikoaren instalazio elektrikoa eguneratu eta modernizatu du.
Instalazioak dorre autosostengarri bat du, jatorrizkoa baino altuagoa, eta ez ditu, beraz, aurrekoak zituen alboko tenkagailuak azpiegiturari eusteko. Horrez gainera, inhibitzaile bat du tximistak jaustea saihesteko, bai estazioan bertan bai inguruan. Era berean, sistema elektroniko berria eta kable- eta sentsorizazio-sistema berria hornitu zaizkio haizea (norabidea, batez besteko abiadura eta gehieneko bolada), airearen tenperatura, hezetasun erlatiboa, eguzki-irradiazioa eta prezipitazioa neurtzeko.
Gaur egun inguruarekiko egokiagoa den zurezko hesi batek inguratzen duen Berastegiko estazioak disdrometro bat ere batu, eta gaur egun Euskadin instalatuta dauden 10 disdrometroetako bat da. Tresna horiek uneko eguraldirakoak deitzen dira, eta, laser-izpien sorta baten bitartez, euri, txingor edo maluta tanta bakoitza, kopurua eta tamaina, neurtzen dituzte, bai eta horien abiadura ere. Informazio horretatik abiatuta, elurra eta euria/txingorra bereizteko gai dira, eta, modu horretan, Kapilduiko radar meteorologikoaren euskarri gisa jarduten dute. Hori lagungarria izango da haren informazioa hobetzeko eta prezipitazioen higadura-ahalmena ere zein den jakiteko, hori guztia minutuko maiztasunez.
Laburbilduta, Berastegiren altitudea, Leitzarango autobidearekiko hurbiltasuna, haizeari, elurrari, euriari/uholdeei, tenperaturei eta ematen duen serie meteorologikoaren luzerari buruzko informazioa jakiteko adierazgarritasuna kontuan hartuta, goitik behera berritu den estazioa interes berezikoa da Euskalmetentzat, eta, nola ez, Gipuzkoako herri horretako bizilagunentzat.
Estazio honekin jada Eusko Jaurlaritzaren 124 estazio meteorologiko eta hidrologiko daude hiru lurralde historikoetan banatuta.