Ihobek euri-jasa handien ondoriozko uholdeei buruzko azterlan bat aurkeztu du, Euskadin gero eta ohikoagoak diren muturreko gertakarien aurrean

0
PRUEBA

 

  • 2041etik 2070era bitartean euri-jasa handiak % 20 inguru areagotuko direla aurreikusten da, klima-aldaketaren ondorioz
  • Azterlan hori tresna baliagarria izango da prezipitazioen ondorio zuzenagatik kritikoak izan daitezkeen uholde-arriskuko eremuak identifikatzeko

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak honako azterlan hau argitaratu du: Euskadiko klima-aldaketaren agertokietan muturreko prezipitazio-gertaerei lotutako euri-uholdeak. Horren bidez, Euskadin gertaera meteorologiko horiek areagotzearen ondorioz gertatuko diren uholdeen inguruan sakondu da. Argitalpen horren bidez, tresna bat jarri dugu herritarren eskura, euri-uholdeen ondorioak jasan ditzaketen zonalde potentzialki kritikoak aldez aurretik identifikatzeko, bai gaur egungoak, bai klima-aldaketaren ondorioz etorkizunean izango ditugunak. Horretarako, egokitzapenaren arloan lehentasunezkoak diren jarduketa-eremuak definitzea aurreikusten duten azterlan espezifikoak lehenetsiko dira, eta fenomeno horren klima-aldaketari lotutako joerak aztertuko.

Argitalpen horren bidez, hainbat agertokitarako muturreko prezipitazio-gertaerak karakterizatu dira, baita diseinu-euriak definitu ere, Euskadiko lurraldean ondorioen eredu gisa balio dezan. Egungo agertokian gertatzen diren muturreko gertaerak karakterizatze aldera, azterlan honen baitan hainbat atalase definitu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko estazio meteorologikoetan erregistratutako gehieneko prezipitazioen errepikatze-denboren kalkulutik abiatuta. Hala, klima-aldaketaren etorkizuneko agertokia karakterizatzeko, prezipitazio maximoen adierazleak aztertu dira. Azken horiek Ihoberen agertoki klimatikoen bisorean daude eskuragarri.

Azterlan honetan lortutako emaitzei esker beste azterlan batzuk egin ahal izango dira, hala nola identifikatutako puntu kritikoetan mikroeskalako modelizazio bat egiteko, eragindako biztanleriaren eta azpiegituren gaineko inpaktua kuantifikatzeko edo uholde-fenomenoei buruzko analisi konbinatu bat egiteko, uholdeen kudeaketan funtsezkoak diren beste eragile batzuekin batera.

Azterlanaren ondorioak

Ihobek egindako azterlan honen arabera, nabarmentzekoa da lurraldean orduko gehieneko prezipitazioaren errepikatze-denborek duten espazio-aldakortasun txikia. Ateratako ondorioek zehazten dutenez, errepikatze-denborak gora egin ahala, urtaroen arteko aldakortasuna ere handitu egiten da.

Klima-aldaketaren agertokian, muturreko prezipitazioen inguruan egin diren proiekzioen arabera, prezipitazioen uholde-arriskua handituko da. Azterlanean jasotako aurreikuspenen arabera, 2041-2070 aldian % 20 inguru handituko dira euri-jasa handiak Euskadin, klima-aldaketaren ondorioz. Eskuratutako datuak bat datoz tokiko beste azterlan batzuetan ikusi den jokabidearekin.

Bestalde, azterlan honen bidez Kantauri isurialdeko ibilgu eta ibaiertz gehienetan uholde-arriskua izan dezaketen eremuak identifikatu dira. Klima aldaketaren agertokirik ezkorrena kontuan hartzen badugu, hogei urte barrurako aurreikusita dagoena, uholde-arriskua % 10 eta % 20 artean handitzea aurreikusten da, batez ere Kantauri isurialdean; Mediterraneoko isurialdean, ordea, igoera hori % 20tik gorakoa izango litzateke.

Bi agertokietan egindako euri-simulazioari esker lotutako emaitzen arabera, hiriguneetan euri-uholdearen fenomenoaren aurrean kritikoak izan daitezkeen eremuak daude, metro bat baino gehiagoko sakonera duten uholde-zikloak hauteman direlako. Txostenean fitxa batzuk jaso dira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait eremutako adibideekin; horiei esker, klima-aldaketaren agertokian espero diren joerak ikus daitezke.

Udal-esparruari dagokionez, argitalpenean adierazi denez, bi agertokietan uholde arriskua duten eremuak Kantauri isurialdeko ibaien bide eta ertz gehienetan kokatzen dira, bereziki, honako ibai hauetan: Nerbioi, Ibaizabal, Butroe, Bakio, Oka, Lea, Artibai, Deba, Urola, Oria, Urumea eta Bidasoa. Mediterraneoko isurialdean, aldiz, Baia, Zadorra, Ihuda, Izki, Berrón eta Ega ibaien bideetan eta ertzetan kokatuta daude nagusiki.

Gaur egungo eta etorkizuneko diseinu-euriak klima-aldaketak euri-uholdeak eragiteko ahalmena duten prezipitazioetan duen eraginaren hurbilketa bat egiten du. Prezipitazio horiek euri-uholdeak eragin ditzakete eta hiriko drainatze-sarea gainkargatzea. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (IHOBE) argitaratutako ikerketaren helburua da muturreko euri-gertaera horien eragina zein izango den argitzea, modu horretan, ur-baliabideen kudeaketari behar bezala erantzuteko eta muturreko fenomeno horiek eragin ditzaketen inpaktu eta arriskuei aurrea hartzen laguntzeko.