Eusko Jaurlaritzak euskal artearen aldeko apustua berretsi du jardunean dauden artisten 26 lan erosita

0

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 200.000 euroko dirulaguntza bideratu du aurten bizirik dauden euskal artisten artelanak erostera. Dirulaguntza honen bidez Artium Museoak, Arte Ederren Bilboko Museoak eta Tabakalerak elkarlanean erabaki dute zein artelan erosi. Horrela, Euskadiko gainerako museoekin partekatu daitekeen bilduma bat osatzen jarraituko du Artium Museoak. Aurten guztira 18 artistaren 26 artelan edo obra multzo eskuratu dira.

Hirugarren urtez jarri du martxan dirulaguntza hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Pandemia garaian, 2020an, egin zen lehenengoz eta ordutik helburua hirukoitza izan da: batetik Covid-19ak gogor jotako sektore ezegonkorrean ekonomia arintzea, bestetik ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea, eta azkenik museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua indartzea. Orain arte, 2020ko deialdian eta 2021ekoan 150.000 euro bideratu izan ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak artelan hauek erostera, baina 2022an diru partida hori beste 50.000 euroan handitu du. Gainera, euskal bilduma historiko-artistikoa osotzeko duen garrantzia ikusita, hurrengo urtetako aurrekontuetan txertatuko da. Helburua urtero-urtero euskal artisten lanekin bilduma osotzen joatea da.  Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du “pandemia garaian abian jarritako ekimen bat sendotu egin dela balio publiko berria sortzeko, oraingo honetan, arte garaikidearen eskutik, Euskadiko kultura-sarea osatzen duten erakundeekin lankidetzan”.

Artium Museoan gaur goizean egin da artelanen aurkezpena eta bertan izan dira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Arabako Diputatu Nagusi eta Artium Fundazioko Patronatuko presidente Ramiro Gonzalez, Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendari Miguel Zugaza, eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrokoko zuzendari nagusi Edurne Ormazabal egon dira.

Bilduma partekatua

2022 Bilduma partekatua erosteko proposamena, programaren aurreko edizioetan bezala, Arte Ederren Bilboko Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Vitoria-Gasteizko Artium Museoak elkarrekin egindako planteamendu batetik abiatuta egin da, azken hori baita titulartasun publikoko funts honen egoitza.

2022ko bigarren seihilekoan, hiru erakunde artistikoek erakunde arteko batzorde batean lan egin dute, gaur museoan aurkeztu diren obrak eskuratzeko. Funtsa 18 artistaren, 10 emakume eta 8 gizonen, 26 artelan edo obra multzok osatzen dute.

Honako artista hauen lanek osotzen dute 2022ko Bilduma partekatua: José Ramón Ais (Bilbo, 1971), Ibon Aranberri (Deba, 1969), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Josu Bilbao (Bermeo, 1978), Leo Burge (Londres, 1991), Esther Ferrer (Donostia, 1937), Elena Goñi (Iruña, 1968), Ibon Landa (Vitoria-Gasteiz, 1994), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), Inés Medina (Cáceres, 1950), Damaris Pan (Mallabia, 1983), Alberto Peral (Santurtzi, 1966), Txuspo Poyo (Altsasu, 1963), José Antonio Sistiaga (Donostia, 1932), Susana Talayero (Bilbo, 1961), Gentz del Valle (Lekeitio, 1957), Begoña Zubero (Bilbo, 1962) eta Alazne Zubizarreta (Arrasate, 1994).

Aukeratutako piezek praktika artistiko garaikidea gauzatzeko formatuen eta tekniken aniztasunari erantzuten diote: pintura, argazkigintza, eskultura, bideoa, instalazioa, marrazketa eta obra grafikoa, besteak beste.

Artelan eta artista multzo horren aukeraketa hainbat irizpideren arabera egin da, besteak beste, artistek inplikatutako erakunde bakoitzaren programetarako eta helburuetarako duten interesa; segmentu eta ibilbide desberdinei arreta ematea, finkatuenetatik hasi eta belaunaldi gazteagoetara; ekoizpen berriei nahiz obra eta dokumentu historikoei lekua egitea; eta galeriekin eta Euskadiko artearen sistema osatzen duten beste eragile batzuekin lan egitea. Gainera, obrak aukeratzeko eta erosteko, kulturan sexuen arteko berdintasunari buruzko gomendioak hartu dira kontuan, eta gomendio horiek paritatea dute jomugatzat.

Plan honen barruan erositako lanak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo Bilduman sartuko dira, bere ondare-funts publikoaren zati gisa, eta Bilduma partekatuaren epigrafean katalogatuko dira.  Guztira, 2020tik, 61 sortzaileren 117 lan erosi dira.