Hezkuntzak iragarri du 3 urteko gehieneko ratioa 20 ikaslera murriztuko zaiela laguntza-premiak dituzten ikasleen indize negatiboa duten Nafarroako ikastetxeetan

0

Hezkuntzak 2023/24 ikasturtean 20 ikaslerentzako gehieneko ratioa murriztuko du 3 urteko Haur Hezkuntzako taldeetan, hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikastetxeetan (publikoak zein itunpekoak) eta hizkuntza-ereduetan.

Hezkuntzak 2022/2023 ikasturte honetan dagoeneko 22 ikaslera murriztu du Haur Hezkuntzako bigarren zikloko talde horien gehieneko ratioa, 25 ikaslekoa baitzuten, ikastetxe ahulenetan eta hezkuntza-arloko laguntza-premien indize handiena zutenetan. Murrizketa hori egin da Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuaren plangintza-lanaren eta datu demografikoen eta Nafarroako hezkuntza-sistemako ikasleen proiekzioaren ondorioz. Neurri hori mantenduko da datorren 23/24 ikasturte akademikoan, Haur Hezkuntzako 4 urteko taldeei dagokienean.

Murrizketa berri hori iragarri du gaur goizean Nafarroako Parlamentuan Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, eta Departamentuak Nafarroako hezkuntza-sistemako ikasleen proiekzioaren inguruan egindako plangintza-lanari erantzuten dio; dagoeneko gehieneko ratio hori 25 ikasletik 22 ikaslera murriztu zen Haur Hezkuntzako etapan. Ratioa 20 ikaslera murriztea Onarpen Ebazpenean jasoko da, eta hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleen indizea egiteko unean emaitza negatiboa duten ikastetxeei aplikatuko zaie.

Hezkuntza-plazei buruzko plangintza eta neurrien gainean Navarra Sumak aurkeztutako interpelazioari erantzuteko, Gimeno kontseilariak baita ere baieztatu du adierazitakoa baino ratio handiagoak dituzten taldeek soilik gertatzen diren bajak ordezkatu ahal izango dituztela, baldin eta era horretan ez bada ikasgela bakoitzeko 25 ikasleko ratioa gainditzen. Alegia, ratioak jaitsi egin dira ikastetxe ahulenentzat eta premia-indize handiagoa dutenentzat.

Kontseilariak  gogorarazi du 2022ko Aurrekontuen akordioan, “Nafarroako hezkuntza-sisteman datu demografikoak eta ikasleen galera aztertzeko konpromisoa hartu zela 10 urterako proiekzioarekin”. Era berean, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 35/2022 Foru Legean, 2023. urteari begira, “Datu demografikoei eta hezkuntza-sisteman izango duten eraginei eta ratioei buruzko azterketa” izeneko aurrekontu-lerroa ezartzen da, EH Bildu Talde Parlamentarioak proposatuta 25.000 euroko zuzenketa onartzearen ondorioz. Zuzenketa hori proposamena egindako taldearen eta PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta IE talde parlamentarioen botoekin onartu zen, baina Navarra Sumaren aurkako botoa izan zuen.

Egoera horretan, Gimenok nabarmendu du beharrezkoa izango dela ahalik eta datu gehien biltzea, lurraldearen eta hezkuntzaren arloko ekitatearen ikuspegitik, kalitatezko sistema bermatzen duten ratioak kalkulatu ahal izateko. Aurretiaz diagnostiko bat ezartzea izango da diagnostiko orokorreko prozesuaren barruan egin beharreko lehen urratsa, irakasleen beharrei eta haien plangintzari, neurriei eta horiek gauzatzeko epeei buruzko plan estrategikoa ezarri aurretik, horiek aurreikusitako azterketatik aterako baitira.

Kontseilariak Nafarroako Estatistika Erakundeak (Nastat) 2021-2035 proiekzio demografikoen gainean egindako txostenak aipatu ditu, agerian uzten baitute gaur egunetik 25/26 ikasturtera arte dauden ratioei erreparatuta beheranzko joera eta taldeen murrizketa etorriko direla, baina, ondoren, berehala berreskuratuko direla Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako taldeak 2035-36 ikasturtera bitarte.

2022-23 ikasturte honetan, “erreferentzia bezala hartzen badugu eta 2018/19 ikasturtearekin eta Haur Hezkuntzako (bigarren zikloa), Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko etapekin alderatzen badugu, 471 ikasle gutxiago eta 50 talde gehiago daude”, esan du kontseilariak. Pandemia aurreko ikasturteari (2019/20) erreparatuta, berriz, 1.245 ikasle gutxiago eta soilik orduan baino 10 talde gutxiago izango genituzke”.

Gimenok Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran adierazi duenez, “Hezkuntza Departamentuak jakin badaki ratioak jaisteko itxaropen handia dagoela, baina jarduera hori hausnartzea nahi du. Hori dela-eta, ezinbestekoa da aipatu azterketa, 2023rako aurrekontuetan jada jasota dagoena”.

Amaitzeko, Gimeno kontseilariak gogorarazi du Hezkuntza Departamentuak berak, Parlamentuko egoitzan, zehazki duela urtebete (2022ko urtarrilaren 27an), proposatu zuela hezkuntza-sistemako ratioei buruzko eztabaida irekitzea. “Ikasleen beherakada begetatiboak ikastetxeen kalitate pedagogikoa eta eraldaketa hobetzeko balio behar du. Eztabaida bat ireki behar da”, errepikatu du kontseilariak. “Ez da bakarrik ikasle/talde ratiora eta jaitsiera lineal eta despertsonalizatu batera mugatu behar, baizik eta hezkuntza-berrikuntza eta –aldaketa bultzatuko dituen jaitsierara, ekitatearen hobekuntzara eta irakaskuntza-profesionaltasuna eta ikastetxeen autonomiaren garapenera. Ratioak berrikusi behar dira eskola-maparen plangintzari eta bereizketaren aurkako borrokari erreparatuta, ikastetxe bakoitzaren interes publikoa bereizteko aukera emanez”. Ondoren, kontseilariak adierazi du Hezkuntza “jada lanean ari dela ikasle-irakasle ratioari dagokionean, kontuan hartuta aniztasunari arreta emateko neurriak, taldeen banatzea eta klase barruan beste irakasle batekin laguntza eskaintzea; halaber, laguntza pedagogikoko langileak/irakasleak ratioak aztertzen ari da”. Besteak beste, ondorengo ratio berriak arautu eta operatibo egitea nahi da:

  • Etengabeko prestakuntzako ikasle/irakasle ratioak.
  • Sareetako ikasle/irakasleen ratioa.
  • Baterako irakaskuntza egiten duten ikasle/irakasleen ratioa.
  • Europako proiektuetako eta ingurunearekiko harremaneko ikasle/irakasleen ratioa.
  • Curriculumean parte hartzen duten ikasle/irakasleen ratioa, arloka.