Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handitzeko eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu du gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanorekin, Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera. 6.800 metro koadro inguruko eraikina da eta 2025ean bukatzea espero da. Hainbat laborategi, bulego eta erabilera komuneko gune hartuko ditu, baita ekitaldi eta biltzar zientifikoetarako auditorium bat ere. Lanen lizitazioa zehazteko zain, aurreikusitako inbertsioa 15 milioi euro ingurukoa izango da, Hezkuntza Sailak finantzatuta. Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan garatuko da proiektua.
Nafarroako Vaillo+Irigaray Architects arkitektura-estudioak aurkeztutakoa izan da proiektuen artean irabazlea. Estudio hori arduratuko da DIPCren eraikin berriari forma emateaz, egungo multzoa antolatzeaz eta zentroari eraikin enblematiko bat emateaz, DIPCren irudia fisikaren abangoardiako ikerketa-zentro gisa indartzeko.
DIPC ikerketa-zentro berezi bat da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bikaintasuneko ikerketa-zentroen zigilua daramana (BERC – Basque Excellence Research Centre), eta fisikaren eta antzeko diziplinen arloan garatzen du bere ikerketa-lana. Gaur egun, zentroak 200 ikertzaile baino gehiago ditu kontratatuta, horietako asko Ikerbasque ikertzaileak, baina baita ikertzaile elkartuak eta bisitariak ere. Zientziaren oso askotariko adarretako 35 nazionalitate baino gehiagotako kidek osatutako komunitatea da. DIPCk gaur egun garatzen dituen ikerketa-proiektuen artean, arlo hauetakoak nabarmentzen dira: teknologia kuantikoak, superkonputazioa, partikulen fisika, egoera solidoaren fisika eta nanozientzia, eta neurofisikako ikerketa-lerro hasiberria.
Eraikin berriari esker, DIPCk jauzi kualitatiboa emango du bere jarduera zientifikoan, ikerketa-ildoen dibertsifikazio handiagoarekin eta jarduera esperimental handiagoarekin. DIPCren hazkunde-prozesua, neurri handi batean, Europako edo nazioarteko proiektu lehiakorrek bultzatzen dute. Urrunago joan gabe, azken 5 urteetan lehia-funtsetatik datorren diru-partida DIPCren aurrekontuaren guztizkoaren % 14 izatetik % 49 izatera igaro da. Aipatzekoa da azken bi urteetan bakarrik DIPCko ikertzaileek 19 M € baino gehiago lortu dituztela lehia-funtsetan.
Ikerketa zentroaren egoitzan egin den aurkezpenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hizpide izan du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bikaintasuneko ikerketaren alde egiten duen apustu argia. “Zientziak, maila goreneko ikerketak, gizarte gisa aurrera egiteko aukera emango digu. Gure zientzia eta berrikuntza-sarea mundu osoan erreferente izatea ahalbidetuko du; mundu osoko zientzialari onenek Euskadiren alde egitea; eta ahalegin horri guztiari esker, gizarte aurreratua izaten jarraituko dugu. Horretarako, inbertsioak irmo egin behar dira, badakigulako itzulera handiagoa izango dela. Eta ez naiz bakarrik itzulera ekonomikoaz ari, baina horretaz ere bai. Ezagutzan izango den itzultzeaz ari naiz, etorkizunerako prest egoteaz, Euskadin bizi diren eta gure zientzialari harrobia osatzen laguntzen duten pertsona oso prestatuen moduan itzultzeaz. Euskadi bazkide fidagarria eta nazioartean aitortua da, eta gaur hemen bildu garen erakunde guztiek hori horrela izaten jarraitzea nahi dugu.
Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan, DIPC “gure I+G+b ekosistemaren puntarengo aitzindarietako bat da” eta instalazio berriak “zentro honek etorkizunerako egiten duen apustuaren sinbolo dira. Nazioartean erreferente izaten jarraitzea ahalbidetuko diote, talentua erakarriz eta bertako talentua munduarekin konektatuz. Ia 25 urteko ibilbidean zehar, zentro honetatik ikerketa-gaitasun eta enpresa-proiektu arrakastatsuak hedatu dira, eta, horri esker, Gipuzkoa eta Euskadi etorkizuneko eremuetan, hala nola teknologia kuantikoetan, lehiakor izateko postu egokian kokatu dira. Honek erakusten digu epe luzeko ikuspegiak, lankidetzak eta ezagutza aurreratuaren aldeko apustuak fruituak ematen dituztela. Eta ziurgabetasun garaian eta bizi izaten ari garena bezalako eraldaketa handietan, etorkizunerako prestatzen eta ikerketa-ahalegin horri eusten jarraitu behar dugula”. Olanok gaineratu du DIPCk “Euskadiren eta Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko funtsezko eragile” izaten jarraituko duela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak “inbertsio honekin egin duen apustua” eskertu du.
Donostiako alkate Eneko Goiak gogorarazi duenez “Donostia Zientzia eta Ezagutzaren hiria da, eta gaur aurkezten dugun eraikin berri hau da horren erakusgarririk onena”. Goiak azpimarratu du DIPC dela hiriak ikerketa zientifikoan erreferentzia-polo bihurtzeko egiten ari den apustuaren “ikur nagusia”, eta, beraz, uste du zentro hau handitzea dela “eman daitekeen albisterik onena, proiektu bat sendotzea eta datozen urteetarako indartzea esan nahi duelako». Goiak azpimarratu duenez, erakundeek lagundu eta baldintzak sortu behar dituzte jarduera zientifikoa egiten duten eragileek beren lana erraztasun eta eraginkortasunik handienarekin burutu dezaten. Hala, gogorarazi du Donostia bigarren Talent House eraikitzen ari dela, kualifikazio handiko zientzialari eta profesionalentzako egoitza bat, “zeinaren erabiltzaileak, hain zuzen ere, DIPCn karrera egitera datozen pertsonen gisak diren”.
Azkenik, Pedro Miguel Etxenikek DIPCren proiektu berria eta etorkizuna hitz batekin laburbildu ditu: konfiantza. “Iraganeko ibilbidean eta esperientzian arrazionalki oinarritutako konfiantza. Gure ikerketa-komunitatearen bikaintasunarekiko konfiantza, zentroko zuzendaritza eta administrazio-taldearekiko konfiantza, Ricardo Diez-Muiño zuzendaria buru dela. Erakunde publikoen konfiantza, gure patronatuko kide pribatuekin batera, DIPCn sinetsi dutenena. Izan ere, haien epe luzerako ikuspegiari esker, DIPC proiektu hau ernatu, hazi eta loratu ahal izan da, mundu mailan erreferentziazko ikerketa zentro bihurtu arte. Eta instituzioekiko eta haien politiken jarraitutasunarekiko konfiantza, politika horiek erabakigarriak izan baitira Euskadi hainbat alorretan zientziaren abangoardian koka dadin, Gipuzkoa Euskadiren abangoardian jarri baitute, eta Donostia Gipuzkoaren abangoardian. Azken batean, etorkizunarekiko konfiantza”.
Eraikin berriaren ezaugarriak
Eraikina gaur egun aparkaleku gisa okupatuta dagoen lursailean kokatuko da, DIPCren konplexuaren barruan, eta 6.800 metro koadro eraiki izango ditu, sei solairutan banatuta. Horietan barne hartuko dira, besteak beste, eskakizun esperimental zorrotzenei erantzuteko ezaugarri tekniko aurreratuak izango dituzten laborategiak, bulegoak eta erabilera komuneko eremuak, kongresu zientifikoak eta ekitaldi publikoak hartzeko auditorium batez gainera.
Eraikuntza-proiektua Vaillo+Irigaray Nafarroako arkitektura-estudioak garatu eta zuzenduko du. Estudio hori 1985ean sortu zen, eta haren lanek hainbat sari jaso dituzte Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan, bai kalitate formalagatik, bai eraikuntzakoagatik. Bere proposamenaren muinean partzelan dauden piezen multzoa artikulatzea da. Horretarako, eraikinen arteko zirkulazioak eta lotura antolatzen ditu, haiek harmoniaz erlazionatuta eta multzoa ordenatuta, urbanizazio mistoko eta kalitate handiko kanpoko espazioen, zoladuraren eta berdeguneen inguruan. Bi plaza zabal sortuko dira, bata eraikin berriaren sarrera nagusiaren aurrean eta bestea handiagoa, pribatuagoa, DIPCren komunitatearen topaketa eta interakzio-gune gisa jardungo duena.
Oinplanoa luzetarako 2 ataletan antolatuta dago, lorategidun patio nagusi baten inguruan artikulatuta. Patio horrek atari handi gisa jokatzen du, eta eraikinaren barrualdera argia sartzen uzten du, gela guztiak bisualki erlazionatuz aldi berean. Orobat, barruko patio horrek aireztapen, berokuntza eta hozte natural pasiboko sistema gisa jardungo du, eta eraikinaren energia-efizientzia optimoa lortzen lagunduko du, ingurumen-irizpide zorrotzenak betetzeko.
Eraikinak eraikuntza-sistema oinarrizkoak eta funtzionalak ditu, baina ikuspegi teknologiko ukaezina du. Fatxadan, ingurumen eta jasangarritasun-irizpideei jarraituz, mantentze-lanik behar ez duten materialak erabiltzen ditu, eta altzairu eta beirazko, arotzeriako eta aluminio anodizatuzko akaberako sareta estruktural baten bidez ebazten da. Plastikotasun handiko, ikuspen-garbitasun handiko eta isla lausoko materiala da aluminio anodizatua. Eskala txikiagoko tolestura, arraildura eta bolumenen bidez ebatzitako geometria multzoan integratzen da, aldameneko eraikinen topografiara eta eskalara egokitzeko gai delako, eta, aldi berean, irudi instituzional eta enblematiko bat emateko aukera eskaintzen duelako.