Euskadik Plastikoaren Plataforma jarri du abian, hondakinak balorizatzeko, teknika eta negozio eredu berrien bidez

0
  • Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaur iragarri du Plataformaren sorrera, Aclimako Plan Estrategikoaren aurkezpen ekitaldian
  • Plastikoaren Plataformak Euskadin plastikoko hondakinak balorizatzeko eta ekoizlearen erantzukizun zabalduaren aplikazioari erantzuteko aukerak detektatzeko azterketa bat egiten ekin dio bere jarduerari

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Ihoberen bidez, eta Aclima (Basque Environment Cluster) elkarlanean ari dira Plastikoaren Plataforma sortzeko. Euskadin sortutako plastikozko hondakinen balorizazioa sustatzeko, ezabatzera eramango diren plastikozko hondakinak murrizteko eta plastikozko hondakinen kudeaketan negozio aukerak identifikatzeko jaio da ekimena.

Gaur iragarri du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak Plataforma martxan jarri dela, Aclimako Plan Estrategikoaren aurkezpen ekitaldian. Sailburuak adierazi du Plataforma hau martxan jartzeak ekoizlearen erantzukizun zabalduari lotutako baldintzak aplikatzeari erantzungo diola eta ontzi industrialak eta komertzialak birziklatzea eta berrerabiltzea ahalbidetuko duten tresnak diseinatu, ezarri eta mantentzen lagunduko duela.

Arantxa Tapiak adierazi du “Plastikoaren Plataformak plastikoa balorizatzeko sistemen berrikuntza teknologikoa, balio kate berrien garapena eta negozio eredu berriak sustatuko dituela eta ingurumen eta enpresa lehiakortasun erronkei heltzera bideratutako lankidetza publiko-pribatua sendotuko duela”.

Lehen fasean, Plastikoaren Plataformak aukeren diagnostikoa egingo du, Euskadin plastikozko hondakin korronteen eskaintza identifikatu eta plastiko balorizatuaren eskari potentzialarekin gurutzatu ahal izateko, korronte bakoitzaren balio katea inplikatutako eragileekin zehaztuta eta ekoizlearen erantzukizun zabalduaren aplikazioari erantzunda.

Era berean, plastikozko hondakinak balorizatzeko teknologien eta kudeaketaren alorreko proiektu eta esperientzia garrantzitsuak identifikatuko dira, ekoizlearen erantzukizun zabaldua aplikatzeko diren eta Euskadiko egoerarekin bateragarriak diren balio kateak diseinatu ahal izateko balio duten tresnei garrantzi berezia emanda.

Euskadiko 2030 Prebentzio eta Kudeaketa Plana

Plastikoaren Plataforma Euskadiko 2030 Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren barruan kokatzen da. Plana Eusko Jaurlaritzak bultzatuta jarri da abian, eta hondakina balorizatzea aurreikusten du, gure lurraldean baliabide materialak eskuragarriago egon daitezen eta haiek efizientzia handiagoz erabil daitezen bide nagusietako bat den heinean, eta batez ere baliabide balorizatuak industrian erabilera berriak edukitzea bilatzen du.

Plastikozko hondakinak -gehienak ezabatzera eramaten dira azkenean- Euskadin lehentasunezkoak diren hondakin kateetan daude, eta, beraz, gure lurraldea aukera esparru bat da plastikozko hondakinak balorizatzeko politika aktiboak txertatzeko, esaterako, Plastikoaren Plataformarekin ezarri nahi direnak.

Hondakinen balorizazioa, gainera, Euskadiko 2030 Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren eta Euskadiko 2030 Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren helburuekin bat dator, bai eta RIS 3 estrategiarekin ere, estrategia horrek ekonomia zirkularra ekimen transbertsal gisa aurreikusten du-eta.