Lanbidek kontsultatutako enpresen % 65ek langileak kontratatzeko asmoa du datozen 2 urteetan

0
  • 10etik ia 7k aitortu du zailtasunak izan dituela azken bost urteetan bere beharretara egokitutako profil profesionalak aurkitzeko
  • Euskal Enplegu Zerbitzuak inkesta bat egin du bere prestakuntza-beharrak ezagutzeko eta enpleguko eta prestakuntzako politikak hobetzeko

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kontsultatutako enpresen % 65ek aurreikusten du langile berriak kontratatzea datozen bi urteetan hainbat sektoretan, hala nola energiaren eta uraren horniduran, hondakinen kudeaketan, manufaktura-industrian, osasun- eta gizarte-jardueretan edo ostalaritzan. Inkestaren arabera, gainera, hamarretik zazpik zailtasunak izan dituzte azken bost ekitaldietan beren beharretara egokitutako profilak aurkitzeko.

Jarduera ekonomikoen eta lan-merkatuaren beraren eraldaketa sakonaren testuinguruan, Lanbidek eta Lan eta Enplegu Sailak, Idoia Mendia lehendakariordeak zuzenduta, Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen Sailekoekin eta gizarte-eragileekin (Confebask, CCOO eta UGT) batera, Prestakuntza-premiak Aztertzeko eta Hautemateko Aholku Batzordearen bidez, enpresak enpleguko eta prestakuntzako politiken eta programen diseinuan eta garapenean zeregin aktiboagoan inplikatu nahi dituzte.

Hori dela eta, iazko azken hiruhilekoan, Ukrainako eraldaketa ekonomikoak eta gerraren ondorioek eragindako ziurgabetasun handien erdian, Lanbidek 10.000 enpresa ingururi inkesta bat helarazi zien, eta inkesta horren bidez jakin nahi zuen zein prestakuntza-behar atzematen zituzten beren egunerokoan, beren enplegu- eta prestakuntza-politiken diseinua hobetu ahal izateko. Seiehun enpresa inguruk erantzun diote deiari, eta langileak aurkitzeko dituzten zailtasunak, estaltzeko profil konplexuenak, atzemandako oztopo nagusiak, erronkak eta etorkizunerako itxaropenak partekatu dituzte.

Lehen pandemiak eta oraintsuago gerrak enpresa-zailtasunak markatu dituzten urte batzuen ondoren, enpresen % 65ek adierazi du datozen bi urteetan langileak kontratatzeko asmoa duela. Asmo horrekin bat datoz bai hamar langile baino gutxiagoko konpainiak, bai 250 langile baino gehiago dituztenak. Era berean, ez dago alderik lurralde historikoen arabera. Langile gehiago izateko joera handiena duten jarduera-sektoreak honako hauek dira: energiaren, gasaren eta aire girotuaren hornidura, uraren kudeaketa, saneamendu-jarduerak eta hondakinen kudeaketa eta deskontaminazioa, manufaktura-industria, osasun- eta gizarte-jarduerak, ostalaritza, eraikuntza eta garraioa eta biltegiratzea.

Etorkizunean aurre egin beharreko erronkei dagokienez, nabarmentzekoa da hiru trantsizioei aurre egitea: digitala, ingurumenekoa eta demografikoa, eta, azken horretan, bereziki, plantillen zahartzeari eta langileen ordezkapenari lotutako guztia. Egoera ekonomikoagatik, inflazioagatik, kostuen igoeragatik eta merkatu berriei ekiteagatik ere kezkatuta daude.

Profil egokiak aurkitzeko zailtasunak

Egungo egoerari dagokionez, kontsultatutako hamar enpresatik zazpik (% 69) esan dute zailtasunak izan dituztela azken bost urteetan beren beharretara egokitutako profil profesionalak aurkitzeko. Zehazki, lanpostuen % 43k langile kualifikatuak behar zituzten, eta % 17k ez-kualifikatuak edo oinarrizko okupazioak. Gainerakoak teknikariak, profesional zientifikoak, intelektualak eta laguntzaileak, erdi-mailako arduradunak, administrariak edo zuzendaritzako edo gerentziako langileak ziren.

Enpresek azaldu dutenez, langile kualifikatuak kontratatzeko oztopo nagusiak prestakuntza eta espezializazio egokirik ez izatea izan dira, eskatutako lan-esperientzia faltaz gain. Horregatik, profil zailenen artean ofizialak, langileak eta artisauak, soldatapeko sukaldariak, soldatzaileak, oxiebakitzaileak eta mekanikako teknikariak daude.

Langile teknikoen, profesional zientifikoen, intelektualen eta laguntzakoen kasuan, inkestak prestakuntzarik eza eta esperientziarik eza ere aipatzen ditu, erizain espezializatuak, medikuak, ingeniariak eta sistema informatikoetako eragiketetan teknikariak dira beren eskaeretan gehien agertzen diren lanpostuak.

Bestalde, kualifikatu gabekoei edo oinarrizko okupazioei dagokienez, espero ziren lan-baldintzak izan dira eragozpen handiena, bai soldatari dagokionez, bai lanaldiei dagokienez, bai kontratu motari dagokionez, eta hemen soldatapeko zerbitzari eta sukaldariak eta denda eta biltegietako saltzaileak agertzen dira.

Gainera, erdi-mailako kargudunak betetzeko langileak eskatzean, ikusi da ez zutela gaitasun egokirik (digitalak, elkarlanekoak, analitikoak, hizkuntzak, jarrera eta interesa), eta, gainera, ez zutela esperientziarik; aldiz, administrazioko eta bulegoko lanpostuetan, zailtasuna izan da, halaber, gaitasunik eza. Azkenik, zuzendaritzako edo gerentziako langileen artean, esperientziarik eza izan da oztoporik handiena.

Aholku Batzordean lantzen jarraituko den material guztiarekin, Lanbidek enplegurako prestakuntzaren plangintza bideratu nahi du, euskal enpresen eskakizunetara eta lan-merkatuak gaur egun planteatzen dituen erronketara egokitutako ekintzen proposamenarekin.