Paula Martínez Sanchisek euskal ekonomiari buruzko doktore-tesi onenaren Alberto Alberdi I. Saria jaso du familia-enpresari buruzko lan batean

0

Paula Martínez Sanchisek Municheko (Alemania) Technical University unibertsitatean doktoratu ondoko ikerlari gisa dihardu gaur egun, eta euskal ekonomiari buruzko doktore tesi onenaren Alberto Alberdi I. Saria lortu du, familia-enpresa ardatz duen lan batekin. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eman du 2020ra arte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuorde zenaren izena daraman saria, haren ibilbidean islatutako zerbitzu publikoaren printzipioen eta balioen aintzatespen gisa.

Bilbon egindako ekitaldi batean, Pedro Azpiazuk, kargudun instituzional eta akademikoak bertan zirela, euskal administrazio publikoan hurbiltzen ari den belaunaldi-erreleboa nabarmendu du, demokraziaren lehen Eusko Jaurlaritza eratu zenetik ia berrogei urte bete direnean. “Hamarkada honetan zehar, langile asko erretiratuko gara enplegu publikotik, eta horrek zalantza handiak sortzen ditu, besteak beste, profil profesional horien erreleboari dagokionez”, azpimarratu du.

Saritutako lanaren erreferentzia bat baliatuz, Azpiazuk honako hau nabarmendu du: “Alberto Alberdi Sariak Pigmalion efektua eragin nahi du, horren zentzu positiboan, eta ekonomiaren arloko ikertzaileen belaunaldi berriei konfiantza-seinale bat bidaltzen die, Euskadi oparo, solidario eta jasangarri bat eraikitzen lagundu dezaten adoretzeko”.

Alberto Alberdi Sariaren lehen edizio honetan 11 hautagaitza ebaluatu dira guztira. Epaimahaiak nabarmendu duenez, doktore-tesi saritua ospe handiko datu-baseetan indexatutako aldizkarietan jasotako hiru argitalpenek osatzen dute, eta familia-enpresen jarraipena jorratzen du. Hain zuzen, funtsezko gaia da hori Euskal Autonomia Erkidegoko ongizaterako eta eskualde-garapenerako.

Era berean, tesiak ahaleginak egiten ditu lurraldean familia-enpresen sustraitzea susta dadin gomendioak ateratzeko, ikuspegi bikoitz berritzaile batetik: psikologiko-familiarra eta lurraldean errotzearena. Horretarako, Alemania, Eskozia eta Frantziako beste ingurune instituzional batzuekin alderatzen du Euskal Autonomia Erkidegoa.

Paula Martínez Sanchisek Nazioarteko Ikasketen Gradua (2012-2016) eta Enpresa Estrategiaren Masterra (2016-2017) egin ditu Valentziako Unibertsitatean, eta Enpresa Lehiakortasuneko doktoretza lortu du Deustuko Unibertsitatean (2017-2021). Une honetan doktoratu ondoko ikertzailea da Municheko (Alemania) Technical University unibertsitatean.

2021eko maiatzean, “La continuidad de las familias emprendedoras: Análisis desde una perspectiva interna y exterior” izenburuko doktore-tesia defendatu zuen, Cristina Aragón Amonarriz eta Cristina Iturrioz Landart doktoreen zuzendaritzapean.