CreativiTIC: “Errealitate birtual eta areagotuaren esparruan trebatu nahi diren pertsonak aurkitu nahi ditugu”

0

CreativiTIC duela hamarkada bat baino gehiago sortu zen, eta bulegoak ditu Bilbon, Gasteizen eta Logroñon. Errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko aplikazioen ikerketan eta garapenean espezializatutako enpresa da, eta hainbat sektoreekin lan egiten du, hala nola hezkuntzan, industrian edo medikuntzan. “Gure lehen urteetan jendeak ez zuen inolako kontakturik errealitate areagotuarekin. Teknologia horrekiko interesa izan zuten lehen sektoreak marketina eta turismoa izan ziren, adibidez, errealitate areagotuko industria-katalogoak egiteko, edo errealitate birtualaren bidez gidatutako ibilbideak egiteko”, Jorge R. Lopez Benito fundatzaileak eta CEOak azaldu duenez.

Hasiera-prozesu horretan, konpainia bizkaitarrak Europako I+G+b proiektuetan interesa izan zuen, hainbat bazkide dituzten partzuergoetan parte hartuz. “Teknologia horiek Europan hazten ari zirela somatu genuen, eta ekimen horietan parte hartzera animatu ginen. Guztira hiru proiektu egin genituen. Lehenengoa Marco programa izan zen. Bertan, errealitate areagotuko soluzio bat garatu genuen elektronikako laborategien esparruan, plaka elektronikoen ikaskuntza eta erabilera hobetzeko helburuarekin. Bigarrenean, ikerketa biomedikoko proiektu bat izan zen, irudi medikoen sistemak ikusteko. Horrela, profesional medikoek pazienteei egindako erresonantzia magnetiko edo eskaner ororen 3Dko irudi bat lor zezaketen, diagnostikoa errazteko. Eta hirugarrenak, ‘Storys for Tomorrow’ izenekoa, errealitate areagotua hezkuntzaren esparrura eraman nahi zuen”, CreativiTICeko CEOak dioenez.

Une horretan hasi zen CreativiTIC bere baliabideak prestakuntzan areagotutako errealitatera bideratzen. “Gaur egun produktu propio bat sortu dugu, MetaGlass Studio. Errealitate areagotuko edukiak sortzeko plataforma bat da. Errealitate areagotuko aplikazioak sortzeko tresna bat eskaintzen dugu, ezer programatu beharrik gabe. App gisa deskarga daiteke, edo lizentzia moduan. Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako, Madrilgo Erkidegoko edo Errioxako ikastetxe eta unibertsitateetan dagoeneko erabili dute, eta oso pozik gaude harrerarekin. Duela pare bat urte irakasleek eskatzen ziguten plataforma, baina orain ikasleak gai dira errealitate areagotuko edukiak sortzeko”, Jorge R. Lopez Benitok azaldu duenez.

Gainera, plataforma hori ez da hezkuntza-eremurako bakarrik, beste sektore batzuetan ere erabil daiteke, hala nola industrian edo marketinean. Gaur egun enpresa proiektu bat garatzen ari da GAIArekin eta Metalaren Bizkaiko Federazioarekin, enpresa txiki eta ertainak beren prozesuetan errealitate areagotua erabiltzen has daitezen. “Kasu honetan, zehazki, marketinaren eta produktuen sustapenaren gaia lantzen ari gara, errealitate areagotuko industria-katalogoen bidez”, azaldu duenez.

2023rako apustu handi gisa, CreativiTICek errealitate areagotuko eta birtualeko aplikazioen garapenean pertsonak prestatzeko plataforma bat bultzatu nahi du. “Duela urte batzuetatik hona, arlo horietako ezagutza eta prestakuntza falta antzeman dugu. Horregatik, nire bazkidea eta ni Deustuko Unibertsitateko irakasleak gara, Ingeniaritza Fakultatean errealitate birtualeko eta areagotuko aplikazioen garapenari buruzko prestakuntza ematen. Gure hurrengo urratsa ACCELERA SKILLS prestakuntza-programa sortzea izan da. Esparru horretan prestatzeko nahia duten pertsonak aurkitu nahi ditugu, proiektuak lideratu edo enpresa-ekimen berriak sor ditzaketenak. Dagoeneko martxan dago Madrilen, Coneticekin lankidetzan. Haiek murgiltze teknologien laborategi bat eskaini digute, errealitate birtualeko gela batekin eta era guztietako elementuekin hornitua. Online zein aurrez aurreko lehen prestakuntza-campusa abiarazi dugu haiekin. Orain lanean ari gara bat Bilbon antolatzeko”, amaitu du Jorge R. Lopez Benitok.

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.