Ertzaintzak lankidetza-protokolo bat izenpetu du Alonsotegiko udaltzaingo-zerbitzuarekin

0

Alonsotegiko Udalak eta Ertzaintzak lankidetza-protokolo bat izenpetu dute gaur Alonsotegiko herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Ertzaintzako eta Bizkaiko herri horretako udaltzaingo-zerbitzuko baliabideek koordinatuta jardungo dute eta txandak egingo dituzte segurtasun-zerbitzua etengabe emateko.

Lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Ertzaintzak eta Alonsotegiko udaltzaingo-zerbitzuak bertako herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko eta, modu horretara, bi polizia-kidegoen polizia-baliabide operatiboak optimizatu ahal izateko.

Hitzarmena Alonsotegiko udaletxean izenpetu dute alkateak, udaltzaingo-zerbitzuko agente batek eta Balmasedako Ertzain-etxeko buruak.

Protokolo horren bidez, udalerriko polizia-baliabideak optimizatuko dira, modu horretara herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten beharrei erantzuteko. Horretarako, elkarlanerako arauak zehaztu dituzte, zerbitzuak eta betebeharrak banatu dituzte, polizia-jardunbideen titulartasunak definitu dituzte, elkarlaneko jarduera-planak edo -protokoloak prestatu dituzte eta koordinazio-irizpideak ezarri dituzte, dauden baliabideak behar bezala erabiliko direla ziurtatzeko eta, aldi berean, herrian poliziaren presentzia etengabea eta nabarmena izango dela bermatzeko.

Ertzaintzak asteburuetan eta, astelehenetik ostiralera, gaueko bederatzietatik aurrera, udaltzainak zerbitzuan ez daudenean, egingo ditu herritarren segurtasuna bermatzeko lanak.

Hitzarmenak polizia-intereseko informazioa, tarteka nahiz berehala, partekatzeko mekanismoak ezartzeko aukera ere emango du, bai eta premiazko polizia-komunikazioetarako protokolo bat ezartzekoa ere.

Datozen hilabeteotan antzeko hitzarmenak sinatuko ditu Balmasedako Ertzain-etxeak Enkarterriko beste udalerri batzuetako, besteak beste, Balmaseda, Zalla, Gueñes eta Sopuertako udaltzaingoekin.