Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko inbertsioen programa berezia aurkeztu dute gaur, Aiarako Kuadrillako turismoa suspertzeko eta, horrela, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzeko. Programa hori Eusko Jaurlaritzak onartutako Aiaraldeko Eskualderako Berehalako Jarduera Planean txertatzen da, 24 milioi euroko aurrekontuarekin.
Inbertsio-programa horri esker, 8 ekimen garatu ahal izango dira, besteak beste, Kexaako Monumentu Multzoaren turismo-zerbitzuak eta -azpiegiturak hobetzea, Txakolinaren Ibilbidea indartzea, museo-sare bat sortzea eta ibilbide turistiko bana abian jartzea, tokiko gastronomia eta Aiarako dorretxeak protagonista direla. Ekitaldi bereziak antolatzea eta marka turistiko bat sortzea ere horien artean daude.
Aurkezpen ekitaldia gaur eguerdian egin da Laudioko Lamuza parkeko kasinoan, Aiarako Kuadrillako tokiko erakundeen eta agente turistikoen aurrean. Bertan izan dira Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua eta Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatua.
Ramiro González ahaldun nagusiak eta Javier Hurtado sailburuak, halaber, proiektuari euskarria ematen dion lankidetza-hitzarmena sinatu dute.
Javier Hurtado sailburuak azaldu duenez, inbertsio horiekin Aiaraldeko turismoa sustatzen laguntzen dugu, eskualdeko gastronomia eta kultura-ondasunak bereziki azpimarratuz. 8 jarduketatan egituratutako plan honek balio erantsia emango dio Arabarako eta Euskadirako aniztasun turistikoari, dibertsifikazioan, desestazionalizazioan eta bisitarien egonaldiaren luzapenean laguntzen duten baliabideekin.
Hurtadok txakolinaren ibilbideari edo artisau-ibilbide gastronomikoari emandako bultzada nabarmendu du, Sailak eskaintza enogastronomikoaren eta jasangarritasun turistikoak markatutako estrategia baten aldeko apustu gisa. Gainera, gastronomiarekin eta gure historiarekin lotutako gure ondarearen balioa nabarmentzeko balio dute, eta lurralde-kohesiorako elementu indartsua dira, Euskadi bezalako lurralde baten plan-aniztasuna eta baliabide-aberastasuna erakusten baitute.