Etxebizitza Sailak eta UZEIk arkitekturaren esparruko terminoen hiztegi zabal eta adostua plazaratu dute

0
PRUEBA
  • Arkitekturaren arloko euskarazko komunikazioa bultzatzeko funtsezko baliabidea da, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren ekimenez sortua.
  • Erreferentziazko lineako tresna bat da, ia 5.100 termino dituen hiztegi elebidun adostu, zabal eta eguneratua, hurrengo faseetan zabalduko dena.
  • Euskaraz jardun nahi duten arkitekturako profesionalek azken urteotan adierazitako premiari erantzutea du helburu; izan ere, hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei aurre egin behar izaten diete etengabe.

 

Gaur egun arkitekturaren arloko euskarazko terminologia-baliabideak dauden arren, kontzeptu berak hainbat ordain izan ditzake kontsultatutako iturriaren arabera. Egoera horren eraginez, euskaraz jardun nahi duten arkitekturaren esparruko profesionalek etengabe egin behar izaten diete aurre hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei. Premia horri erantzuteko eta euskara esparru profesionaletan erabiltzea sustatzeko, Arkitektura Hiztegia (euskara-gaztelania) argitaratu da, gaiari buruzko lehen baliabide eguneratu, zabal eta adostua.

Linean erabilgarri dagoen tresna da, arkitekturaren arlo profesionalean euskararen erabilerak behera egitea saihestea helburu duena; horretarako, zehaztasun terminologiko handiagoa eskaintzen du, ezinbestekoa baita eduki espezializatuak komunikatzeko. Hiztegi elebiduna –elkargo profesionalen webguneetan eta Euskaltermen kontsultatu ahal izango da– Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren ekimenez sortu da, eta gaur goizean aurkeztu da Euskadiko Arkitektura Institutuan.

Gainera, gure lurraldeko arkitekturaren esparruko eragile garrantzitsuenen arteko adostasunetik eta sinergiatik sortu da, hala nola Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen elkargo ofizialak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.

Hiztegi honetako euskarazko baliokideek UZEIren bermea dute, eta une oro betetzen dituzte Euskaltzaindiak lexiko orokorraren arloan ezarritako arauak eta Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeak emandako gomendioak. UZEIk, bestalde, 46 urteko ibilbidea egin du, dagoeneko, euskarazko lexiko espezializatua estandarizatzeko lanean. Ibilbide horren hasieran sortu zuen UZEIk Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoa. Halaber, lankidetza estua du UZEIk Euskaltzaindiarekin, eta haren Erakunde Atxikia da 2019az geroztik.

Baliabide terminologiko berriaren edukia

Uholde-arriskuak kudeatzeko plan, naturaguneen elkarrekiko lotura, hiri adimendun, azpi-junturako armadura, presentzia detektatzeko sistema, ehun bikeztatu, atorra berreskuragarri… Hiztegiak, gaur egun, euskarazko eta gaztelaniazko ia 5.100 kontzeptu ditu, honako eremu hauetan sailkatuta: lurralde-antolamendua (fitxa terminologikoen % 8), hirigintza (% 18) eta eraikuntza (% 74). Eraikuntzaren alorrean, materialei eta eraikingintzari dagozkien azpieremuak landu dira, eta azken horren barruan elementu eta sistemei, instalazioei, prozedurei eta tresnei buruzko terminologia jorratu da. 2023an baliabide horri beste azpieremu batzuei dagozkien terminoak gehituko zaizkiola aurreikusi da, hala nola patologia, jasangarritasuna eta birgaitzeari dagozkionak.

Eraikingintzari buruzko fitxa terminologikoen zati batek (1.350 fitxa inguruk) euskarazko definizioa ere badute gaur egun, eta hurrengo faseetan berrekingo zaio azpieremu honetako fitxei definizioak gehitzeko lanari.

Dagoeneko eskuragarri dagoen edukiaren eta aurreikusten diren aldizkako eguneratzeen bitartez lortu nahi da hiztegiak arkitekturari buruzko eduki espezializatuen euskarazko komunikazioa sustatzea, bai esparru horretako profesionalen kasuan, baita arkitekturako eta erlazionatutako diziplinetako goi-mailako eskoletako irakasleen kasuan ere.