Eusko Jaurlaritzak 30.000 euro bideratuko ditu euskararen eta genero-berdintasunaren arloan ikerketa-lanak egiteko lau beka sustatzera

0

Gobernu Kontseiluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren “Berdintzen 2023” bekak onartu ditu gaur. Beka horien bidez, euskararen eta genero-berdintasunaren arloko ikerketa-lanak bultzatu nahi dira, eta, horrela, generoa eta hizkuntza gurutzatzen dituen ezagutza-esparrua osatu eta indartu. Guztira, 7.500 euroko lau beka emango dira.

Honako hauek izan beharko dira ikerketa-gaiak:

  • Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
  • Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren Euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
  • Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
  • Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, gaur onartutako Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ondoren, hautaketa-batzorde batek proiektuak aztertu eta bekak esleituko ditu.

Iazko deialdian honako lau ikerketek jaso zuten Berdintzen beka:

  • Sukaldetik agorara: Euskaraz idatzi duten emakumeak “lurralde ilunetik” argitara ateratzeko bidean (Miren Elixabete Perez Gaztelu eta Leyre Arrieta Alberdi)
  • Osakidetzako Zumarragako ospitalean hizkuntza inklusiboaren monitorizazioa (Miren Mujika Garate)
  • Xuka eta noka Ipar eta hego: emakumeekin solasean (Uxoa Elustondo Arzallus eta Irantzu Epelde Cendoya)
  • Hizkuntza, generoa eta kirola. Euskararen erabilera eta genero-irudikapena herri mailako lasterketetan (Alazne Mujika Alberdi).